Haimar Zubeldiak (Radioshack) postu bat egin du gora Tourreko sailkapen nagusian, eta bosgarren jarri da. Izan ere, gaur arte laugarren zen Cadel Evansek (Bmc) egun txarra izan du gaurkoa. Eman duen pausoarekin pozik agertu da Zubeldia: "Sentsazio onak izan ditut etapa osoan zehar, eta Evansen ezina probestu beharra nuen".
"Liquigasek Peyresourden erritmoa gogortu duen unetik ikusi da Evans ez zihoala ondo", adierazi du Zubeldiak. "Eustea zen etapa honen gakoa eta gustura aritu naiz. Hori bai, Nibaliren erasoa oso gogorra izan da, eta ezin izan diot erantzun; nire erritmoari eustea erabaki dut".