Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean eman dute egitasmoaren berri: "Milaka eta milaka herritarrok proiektu hau arbuiatzen dugula ikusarazi arren, inposatu egin nahi dutela ikusten dugunez, protestak eskutatu nahi dituztela ulertuta, oraingoan gose greba protesta eredua hautatu dugu, inposatu nahi diguten erraustegiak gu guztion bizitzengan izango duen eragin kaltegarria salatzeko".
Ekainaren 14an, hasiko da greba, 19:00etan, Irutxuloko Hitza-k jakinarazi duenez. Protesta hastearekin batera, baraualdia egiten ari direnei babesa ematera deitu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak: “Programa bat antolatzen ari gara. Arratsaldero hitzaldi bat izango da, eta, ondoren, dokumental baten proiekzioa. Aire garbia izateko eskubidea, osasun eskubidea eta garapen eredu iraunkor eta bizigarriei buruzkoak izango dira”.
Gose grebaren bidez, arrazoirik gabeko kontsumoaren inguruan arreta jartzeko baliatu nahi dute: "Munduak baliabide mugatuak ditu; ezin dugu hazkunde faltsuan sinetsi. Gutako bakoitzak gure txikitik eragiteko konpromisoa hartu behar dugu. Sistema honek sustatu dituen ohitura asko aldatu behar ditugu aztarna ekologikoa gutxitu eta aberastasun soziala banatzeko".