Ia bi aste hondakinak erre gabe. Halaxe dago Zubietako (Donostia, Gipuzkoa) erraustegia apirilaren 17tik, GuraSOSek zabaldu duenez. Plataforma horren arabera, sorkuntza elektrikoko sistemaren matxura batek gelditu du instalazioa. Siemens turbosorgailuak egiten du lan hori, sorkuntzaren interkonexioaren ziega batzuekin batera. GuraSOSek jakinarazi duenez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez diete intzidentzia horren berri eman hondakinak biltzeaz arduratzen diren mankomunitateei. GHK-k zabaltzen dituen datu publiko bakanen arabera, duela egun batzuetatik hona ez da ageri funtzionamenduaren daturik erraustegiaren bi lerroetako bakar batean. «Horrek alarma piztu du, eta hainbat iturri kontsultatuta, GuraSOSek jakin du turbo-sorkuntza elektrikoak huts egin duela».
GHK-k aitortu du erraustegian «matxura elektriko txiki bat» izan dela, baina ukatu du horrek ondorio larririk duela. Izan ere, hondakinak «normaltasunez hartzen eta kudeatzen» ari direla gaineratu du. «Matxurak ez dauka garrantzia handirik. Profesionalak hura konpontzeko lanean ari dira, ahalik eta lasterren martxan egon dadin berriro ere», dio. Ohar baten bidez erantzun dio GuraSOSi. Gezurtatu egin du erraustegia geldirik dagoela, eta GuraSOSi egotzi dio «adierazpen alarmistak» egitea. GHK-k ziurtatu du hondatutako gailua hurrengo egunetan ordezkatuko duela enpresa emakidunak, eta matxura zergatik gertatu den ikertzen ari dela.
GuraSOSek gogorarazi du ez dela lehen aldia matxura larri bat dagoena Zubietako erraustegian. Bi labe galdaretan homologazio arazoak izan zituztela nabarmendu du, eta aldiro «programatu gabeko etenak» izaten dituztela. Transformadorea ere erre egin zen 2019ko udan, BERRIAk urte hartako udazkenean argitaratu zuen moduan. Gasen arazte sistemak ere akatsak izan dituela aipatu du GuraSOSek, hezetasuna pilatzen zelako aurrezkailuan. Arazo horrek eraman zituen erraustegiko arduradunak proiektuan ageri ez zen tutu bat instalatzera (horren berri ere kazeta honek eman zuen), eta Donostiako epaitegietan ikertzen ari dira balizko delitu gisa). Azkenik, Zubietako plantaren estankotasunak ere arazoak eman ditu, hautsita baitago gutxienez bi tokitan. GuraSOSek dio horren erruz ohi baino lixibatu kantitate handiagoa ateratzen dela instalazioetatik at eta hori ere ikertzen ari direla ingurumen delitu gisa.
«Balorizazio energetikorik eza»
Bestalde, Gorka Bueno Ekopoleko kide eta EHUko irakasleak egin duen ikerketa baten arabera, Zubietako erraustegiari ez diote eman energia balorizazio planta bat izatearen ziurtagiririk. Irakasleak Jaurlaritzaren agiriak miatuz ondorioztatu duenez, kudeatzaileak (Ekondakin S.A.) eta ingurumen baimen bateratuaren (IBB) jabea GHK-k ez dute bete eraginkortasun energetikoaren ezarpenaren legezko betebeharra. Hau da, ez dute lortu balorizazio energetikoaren instalazio bat dela bermatzen duen R1 ziurtagiririk. Kanpoko agente batek neurtu beharko luke, Europako Batasunak ezarritako arauei jarraiki, erraustegiak eraginkortasun energetikoaren gutxieneko balioa betetzen duen.
Buenok ondorioztatu duenez, baina, ez dute halakorik egin, eta, beraz, balorizazio planta bat dela bermatuko lukeen izendapenik gabe ari dira lanean. Buenoren iritziz, D10 eliminazio operatzaile gisa izendatu beharko lukete erraustegia. Horrek arazo bat eragin beharko lioke Zubietako erraustegiari, berez, funtzionatzea baimentzen dion IBBa horrek baldintzatzen baitu. Halaber, hondakinak tratatzeko baimenaren eraginkortasuna galtzea ere ekarri beharko lioke horrek, ikerketa egin duen irakaslearen hitzetan. Gorka Buenoren ikerketaren ondorioa ere ukatu du GHK-k, ziurtatuz erraustegiak «aise betetzen» duela eraginkortasun energetikoaren gutxieneko balioa.
Izan ere, SGS Tecnosek 2021ean eraginkortasun energetikoaren inguruan eginiko ikerketak (Jaurlaritzaren eskuetan da) ez ditu kalkuluak justifikatzen, eta atal horren inguruko legedia urratu eta baliogabetu egiten du. Halaber, kanpoko agente batek horri buruz egindako ikerketa bakarra 2016koa da, baina lan hori proiektuaren gainean egina dago, eta, beraz, ez dago instalazioen jardunean frogatuta. GuraSOSek nabarmendu du iaz urtean 55.092 megawatt orduko (MW/h) sorkuntza elektrikoa izan zuela instalazioak, agindu zuen kopuruaren heren bat, urtean 160.000 MW/h-koa iragarri baitzuen.