Errauste planta

Zubietako erraustegiaren aurkako hitzaldi eta protesta egun bat antolatu dute sindikatuek eta EAMk

Hilaren 20an izango da eta ELAk, LABek, CCOOk, ESK-k eta Esteilasek babestu dute, besteak beste.

Eragileetako ordezkariak, gaurko aurkezpenean. BERRIA
2018ko martxoaren 9a
16:01
Entzun

Langileok ere erraustegia gelditu! Badago alternatiba hitzaldi eta protesta egun osoko egitaraua antolatu dute Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak (EAM) eta hainbat eragilek, besteak beste, sindikatu gehienek eta beste zenbait eragilek. ELAk, LABek, CCOOk, ESK-k, Steilasek, EHNEk, Hiruk, COBASek, Biolurrek, Baserri XXIek, OlatuKoopek eta Donostia Bizirik-ek eman diete babesa jardunaldiari eta haren baitan antolatutako ekitaldiei.

Eragileek gaur aurkeztu dute programa, eta salatu dute "urteak" daramatzatela salatzen "gutxi batzuen negozioa" gipuzkoarren "osasunaren eta ingurumenaren gainetik" jartzen ari direla. Egun horretan, bereziki, erraustegiak langileon bizi eta lan baldintzei nola eragingo dien aztertuko dute. Antolatzaileek aldarrikatu dute badirela errausketa baino alternatiba "osasuntsuago, merkeago eta ekologikoagoak". Aldi berean, erraustegiak baino lanpostu gehiago sortzen dute alternatiba horiek, antolatzaileen iritziz, eta "ekonomia zirkularraren aldeko pausoak" emanez, "guztiok" onurak jasoko lituzketela gaineratu dute.

"Birziklatuz, berrerabiliz eta murriztuz, hondakinen kudeaketa iraunkorra da alternatiba. Ingurumena eta pertsonak erdigunean jarriko dituen jendarte eredu berria eraikitzeko, aldaketa soziala eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen ditugu", aipatu dute gaurko aurkezpenean.

Ekitaldiak goizeko 9:30etan hasiko dira Donostiako EHUko campusaren Ignacio Maria Barriola zentroko auditoriumean. Hain zuzen ere, Piotr Barczak Europako Ingurumen Bulegoko Hondakinen arduradunak hitzaldia eskainiko du: Zibilizazio krisi ekologikoa eta hondakinen arazoa.

Hitzaldi horren ostean, 10:30etan, sindikatuen arteko mahaingurua izango da. 12:30etan, berriz, eguneko lehen protesta izango da: giza kate bat abiatuko da Donostiako Bulebarretik Foru Aldundiaren jauregira. Arratsaldeko 18:00etan, berriz, Angula ustelak izenburuko hitzaldia eskainiko dute Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko presidente ohiak eta Igor Melchor kazetariak San Telmon. Azkenik, 19:30etan, giza kate bat egingo dute San Telmotik Gipuzkoa Plazara.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.