Ingurumena

Zubietako erraustegiaren funtzionamendua kanpoko auditoria batek aztertzeko eskatu du GuraSOSek

Plataforma horretako kideek parte hartu dute gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasuneko Batzordean. Elkarrekin Podemosek gonbidatu ditu, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuaren inguruko epaitegien ikerketaren harira.

GuiraSOSeko ordezkariak, iaz, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
2023ko azaroaren 15a
17:00
Entzun

Joseba Belaustegi eta Jose Mari Izeta GuraSOSeko kideek agerraldia egin dute gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasuneko Batzordean. Berriki jakin da Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Jasangarritasuneko diputatua ikertzen ari direla, Fiskaltzak eskatuta, dokumentuak faltsutzeko eta ingurumenaren aurkako balizko delituen egile izan daitekeelakoan. GuraSOSek egin zuen salaketa bat aintzat hartuta, Gipuzkoako Fiskaltzak eskatu zien epaileei ikerketa abiatzeko, eta une honetan martxan dago ikerketa hori.

GuraSOSek adierazi du «arazoak» dituela Zubietako erraustegiak, eta salatu du horien aurrean Gipuzkoako agintariek duten jarrera «negazionista». Berriki Toxico Watch fundazioak argitaratu duen kutsadurari buruzko txostena aipatu du, eta gogoratu du pinuetan eta goldioetan nabarmen handitu dela dioxina kopurua instalazioa hondakinak erretzen hasi zenetik. «Bi urte eskasetan Madrilgo Valdemingomezko egoera berera iritsi gara».

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari egotzi dio informaziorik ez ematea, eta adibide gisa jarri du azken zortzi egunetan erraustegiak ez duela hondakinik balorizatu, instalazioak ematen dituen datu publikoen arabera. Aldiz, 338 hondakin tona tratatu dituela nabarmentzen du kontagailu horrek. «Bi aukera daude, edo kontagailu horrek ez du funtzionatzen, edo erraustegia geldirik dago». Hala bada, horren inguruko jakinarazpen ofizialik ez dela egon nabarmendu du GuraSOSek.

Belaustegik gaitzetsi du Asensiok daukan jarrera, egoera salatzen dutenei prestigioa kentzeko duen jokaeragatik. Alde horretatik, Benjamin Nettanyahu Israelgo lehen ministroak Gazan duen jokaerarekin parekatu du, hark Hamasekin lotzen baitu bere gobernuari egiten zaion edozein kritika. Gaitzespen handiak jaso ditu konparaketa horrek, eta agerraldia eskatu duen Elkarrekin Podemoseko Miren Etxebestek berak eskatu dio erretiratzeko. EH Bilduko Jon Altolagirrek ere aipatu du kasu horretan «desegokia» izan dela konparaketa.

Belaustegik gaineratu du bere taldeak ez daukala zerikusirik inongo alderdi politikorekin, eta horrela erantzun dio PSE-EEk egotzi izan dionari, hau da, GuraSOSek EH Bildurekin zerikusia duela. Gaur bertan ere Susana Garcia Txueka PSE-EEko batzarkideak egotzi dio «auzitegietan irabazi nahi izatea hauteskundeetan irabazi ez duena».

Bihar bertan Jose Ignacio Asensiok agerraldia egingo du Batzar Nagusietako Jasangarritasuneko batzordean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.