Zugaztietak eztabaida piztu du Eusko Legebiltzarrean

Auzo elkarteak «legez kanpokotzat» jo du ijito sendi bat auzora mugitu izana; gogor erantzun diote alderdiek

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zugaztietako Bizilagun Elkarteak (Trapagaran, Bizkaia) Eusko Legebiltzarreko eztabaida berotu du. Auzoko egoeraren berri emateko agerraldia egin zuten atzo,Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordean, eta 2009an auzora bizitzera joan zen ijito familiaren aurkako jokabidea berretsi zuten batzordean. Batzorde horretako gehiengoak auzo elkartearen jarrera kritikatu zuen; Zugaztietan sortutako liskarrekin «lotsa» sentitzen zutela esan zuten, besteak beste.

Duela bi urte eraman zuen Sestao Berri konpainiak —Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak eta Sestaoko Udalak osatua— aipatu familia Zugaztietara, aurretik Sestaon zuten etxeak su hartu ostean. Bizilagun askok hasieratik erakutsi zuten kontrako jarrera, eta atzo orduko jarrerari eusten diotela utzi zuten agerian.

Familia Zugaztietara mugitu izana «legez kanpokoa, bidegabea eta moralik gabekoa» dela salatu zuen Iñaki Zamarripa Zugaztietako Auzo Elkarteko presidenteak. Lanik egin gabe «bizitza oparoa» duten pertsona batzuen mesederako hartutako neurria dela adierazi zuen. Familiako kide batzuek delitu asko egin dituztela gaineratu zuen. «Deabruaren buztana baino luzeagoa da kide batzuen polizia espedientea», adierazi zuen, sendiaren abokatuak bere garaian baieztapen hori ukatu zuen arren.

«Xenofobia» eta «lotsa»

Batzordeko legebiltzar taldeen gehiengoak biziki kritikatu zuen Zamarripak esandakoak. Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak bizilagun elkartearen adierazpena ez duela partekatzen jakinarazi zuen: «Ez azala eta ez mamia». Auzo horretan sortutako liskarrek «lotsa» sorrarazi ziotela gaineratu zuen.

Agerraldiak «xenofobia eta arrazakeria» kutsua izan zuela leporatu zion Zamarripari PSEko legebiltzarkide Mikel Unzaluk ere. Familia hori Zugaztietara mugitzeko araudia bete zela gogorarazi zion. Bide batez, azaldu zuen aipatu elkartearen idazki batzuetan Ijitoak nahi dituenak, bere etxera eraman ditzala esaldia ageri zela. Ijito guztien aurkako jarrera agerikoa dela gaineratu zuen Unzaluk, elkarteko presidenteak familia jakin bakar baten aurkako jarrera dagoela azaldu zuen arren.

Zugaztietan gertatutakoa xenofobia kasu «argitzat» jo zuen Mikel Arana EBko legebiltzarkideak. Bide batez, elkarteko kideei gogorarazi zien legearen aurkako erabakirik hartu izan balitz hori zuzentzeko prozedura martxan egongo litzatekeela, baina ezer ez dagoela gogorarazi zien.

Zugaztietako Bizilagunen Elkartearen agerraldia eskatu zuen PPko legebiltzarkide Leopoldo Barreda «adierazpen batzuen» aurka agertu zen, eta «gatazka» konpontzeko instituzioen arteko lana aldarrikatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.