Zuhaitz Errasti euskal preso ohiari Frantziara sartzeko debekua kendu diote

Frantziara sartzea galarazia zuen Errastik, eta iazko ekainean bere bizitokia utzi behar izan zuen; Aiherran bizi zen, Nafarroa Beherean. Parisko auzitegi korrekzionalak debekua kendu dio orain, eta emaztearengana eta seme-alabengana itzuli ahalko da.

Angeluko jendarmeriaren aitzinean egindako elkarretaratzea Zuhaitz Errastiren atxiloketa salatzeko, 2024ko ekainean. PATXI BELTZAIZ
Angeluko jendarmeriaren aitzinean egindako elkarretaratzea Zuhaitz Errastiren atxiloketa salatzeko, 2024ko ekainean. PATXI BELTZAIZ
kristina martin
2025eko irailaren 5a
19:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zuhaitz Errasti euskal preso ohia familiarekin elkartu ahal izango da, Aiherran (Nafarroa Beherea), Parisko auzitegi korrekzionalak kendu egin baitio Frantziara sartzeko debekua, Euskal Irratiek zabaldutako informazioaren arabera. Epaitegiek 2012an galarazi zioten «Frantzian» sartzea. Hala ere, Errasti Aiherran bizi izan da urteetan, emaztearekin eta seme-alabekin. 2024ko ekainean, baina, Frantziako Poliziak atxilo hartu zuen mugako kontrol batean, eta, gaua komisarian igaro ostean, aske geratu zen. Poliziak betearazi egin zuen debekua, eta Ipar Euskal Herritik kanporatu zuen. Errasti Aretxabaletan (Gipuzkoa) bizi izan da orduz geroztik —bertan sortua da—.

Euskal Irratiek jakinarazi dutenez, hamar egun barru sartuko da indarrean auzitegiaren ebazpena, eta, ondorioz, Errastik Aiherrara itzultzeko aukera izango du.

Errasti 2017an geratu zen aske, zortzi urteko kartzela zigorra bete ondoren. 2016ko abuztuaz geroztik, Mont-de-Marsango kartzelan egon zen, Okzitanian —aurretik Tarasconen—, eta, 2017aren hasieran, Espainiako Poliziaren esku geratu zen, Frantzian zeukan kondena beteta. Soto del Realera eraman zuten orduan, Madrilera. Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitu, eta aske geratu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.