Zuhaitzak moztearen aurka protesta egin du Stop Tala Deusto plataformak

Bilboko Udalak aginduta, Agirre Lehendakariaren etorbideko zuhaitzak mozten hasi ziren atzo. Herritarren haserrea adierazteko, Stop Tala Deusto auzo mugimenduak manifestazioa antolatu du ostegunerako

Zuhaitz mozketa gaur goizean Deustun. ARITZ LOIOLA/FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2023ko irailaren 19a
13:08
Entzun

Agirre Lehendakariaren etorbidean zutik geratzen diren 60 zumarrak botatzeko obrak martxan jarri zituen Bilboko Udalak atzo arratsaldean. Gaur goizean protesta zaratatsua egin dute herritarrek, eta emakume bat zumar batera lotu da, modu sinbolikoan. Astigar hiruhortzak jarri nahi ditu zumarren ordez udalak, azken horiek gaixorik daudela argudiatuz. Stop Tala Deusto plataformak, ordea, zuhaitz «osasuntsuak» mozten ari direla adierazi du, eta zuhaitzen benetako egoerari buruz «gezurra esatea» leporatu dio udalari. Zuhaitzen mozketaren obrak hasiko zirela jakin zenetik, ostegunero protestak egin dituzte herritarrek, eta hala egingo dute ostegun honetan ere.

Zumarren egoera txarra eta sustraien ahulezia dira mozketa egiteko udalak eman dituen arrazoiak, eta ondorio horretara iristeko «lorezaintzako adituen kritika tekniko zorrotzen pean» jardun dutela argudiatu dute. Bestelakoa da Stop Tala Deusto auzo mugimenduko kideen iritzia, ordea; biologian eta hiriko arboletan adituak direnen testigantzek baieztatu baitute zuhaitzak egoera onean zeudela. Nola edo hala, Marta Fernanz plataformako bozeramaileak udalaren gardentasun falta kritikatu du, udalak ez baitie zuhaitzen egoeraren espedientea erraztu, hura publikoa izanda ere. Egoera ikusita, Eusko Jaurlaritzari exijitu dio hiri zuhaiztia babestuko duen lege bat egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.