Zaldibarko Verter Recycling 2002 SM zabortegiko (Bizkaia) hiru buru herenegundik daude atxilotuta Eibarko (Gipuzkoa) Ertzaintzaren komisarian. Gaur utzi dituzte Durangoko 1. Auzitegiko epailearen esku, eta 13:00etan ziren deklaratzen hastekoak. BERRIAk jakin duenez, ez deklaratzeko duten eskubideari heldu diote atxilotuek ertzain etxean egon diren orduetan, eta gauza bera egin dute epailearen aurrean ere.
Hiru atxilotuak behin-behinean aske utzi ditu epaileak, eta zuhurtziagabekeriaz eragindako giza hilketa delituak egotzi dizkie. Baldintza gisa jarri die hilean behin joan beharko dutela sinatzera. Pasaportea ere erretiratu die.
BERRIAk kontsultatutako iturri juridikoen arabera, «guztiz irregularra» izan da Jose Ignacio Barinaga Egia jabea eta enpresaren sortzailea, Arrate Bilbao Barinaga kudeatzailea eta Juan Etxebarria azpiegituraren ingeniaria atxilo hartzeko prozedura. Izan ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzo nabarmendu zuenez, Durangoko Instrukzioko 1. salak «argitu» du «soil-soilik polizia operazio batean» egin zirela herenegungo atxiloketak. Hau da, atxiloketak ez dituela epaile batek agindu.
Segurtasun Sailak ere ohar bat argitaratu zuen, «gaizki-ulertu bati zehaztapen bat egiteko». Horretan azaldu duenez, Ertzaintzaren Polizia judizialak instrukzioan egindako «aurrerapenen berri» eman zien, herenegun, auzian eskumena duten epaitegiei eta fiskaltzari. Oharrean zehaztu dutenez, atxilotuak Eibarko komisariara eramateko eta miaketa batzuk egiteko baimena ere eman zieten epaitegiek eta fiskaltzak.