Zaldibarko luiziaren urteurrena. Bezeroak

Zuloaren bazka

Eraikuntza enpresak, altzairutegiak, paper fabrikak, udalerri mankomunitateak... Zaldibarko zabortegiak era askotako bezeroak zituen, publikoak zein pribatuak. Haiek bidali zituzten 2018an eta 2019an zabortegira iritsitako ia 42.000 kamioiak.

Hondakinak. Zaldibarko zabortegian pilaturiko zaborrak. Auto baten puskak ikus daitezke tartean. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Bilboko autobus geltoki berriko lurretako batzuk, Deustuko kanaleko lanetakoak, Errenteriatik (Gipuzkoa) iritsitako paper lohi hondakinak, birziklatu gabeko metal eta plastiko tonak, altzairutegien hondarrak... eta beste zabor mota asko amildu ziren iazko otsailaren 6an Zaldibarko zabortegian behera. Milioi erdi tona zabor baino gehiago jaso zituen 2018an eta 2019an,eta askogatik izan zen lan gehien egin zuen Euskal Herriko hondakindegia. Prezio lehiakorren eta zabor mota ezberdinak jasotzeko baimen ugarien ondorioa zen hori, eta asko ziren arrazoi horiengatik joan ziren bezeroak, publiko zein pribatuak. Hona hemen Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak ezagutarazitako bi urte horietako zabor sarreren erregistroaren entresaka.

Bezerorik ez zuen falta Verter Recyclingek. 2018. eta 2019. urteetan 41.732 zabor sarrera izan zituen, ia 300 bezerorengandik jasoak. Sektorean jakina da zuloa deitzen ziotela zabortegiari, bada haiek eramaten zioten bazka. Industria hondakinentzako zabortegia zen, baina beste mota batzuetakoak ere hartzen zituen lorturiko baimenei esker. Sarrera gehien egin zuen enpresa Papresa Errenteriako (Gipuzkoa) paper fabrika izan zen; bigarrena, Ferimet, Itziarren (Gipuzkoa) dagoen metal berreskuratze planta; hirugarrena, Amenabar Eraikuntzak; eta laugarrena Debabarreneko Mankomunitatea. Jakina zen Verterrek hainbat zabor bilketa kontratu sinatu zituela erakunde publiko horrekin.

Bezero mota hain zabala izanda, komeni da ohikoen jarduna aletzea. Erregistroan, Papresak du sarrera gehien: 5.822 bi urte horietan. Ingurumen Sailaren arabera, 164.157 tona paper birziklatu lohik egin zituzten Errenteriaren eta zabortegiaren arteko 67 kilometroak. 33 olinpiar igerileku betetzeko adina lohi dira, Verterrek bi urte horietan jasotako zabor guztiaren %16,24. Lohi horiek %20tik gorako materia organikoa duten hondakinak dira, eta Verterrek, berez, ezin zuen hartu %5etik gorakorik. 2015ean, baina, Papresaren lohiak tratatzeko teknika bat aurkeztu zion Ingurumen Sailari: haiek beste zabor batzuekin nahastea hezetasuna murrizteko, horrela organikoen batezbestekoa jaitsi, eta ondoren lurperatzea. Isiltasun administratiboaren bitartez jaso zuen baiezkoa, eta ondo zukutu zuen baimena. Egun Papresak jabe berriak ditu, eta lohi horiek balorizatzeko planta eraikitzen ari da.

Bigarren bezero ohikoena Celsa zen, siderurgia arloko enpresa erraldoia. Multinazional bat da, munduan barrena metal salerosketa asko egiten dituena, eta Euskal Herrian dituen enpresetako bi Zaldibarko zabortegian sarrera gehien egin zutenen artean ageri dira. Ferimet Itziarko txatarra birziklatze planta da zerrendako bigarrena, 2.549 sarrerekin; eta Nervacero Trapagako altzairutegia seigarrena, 1.395ekin. Ferimetetik hondakinen tratamendu mekanikoen hondarrak iritsi ziren; Nervacerotik, berriz, zepen tratamenduen hondarrak. Erregistroak ez du azalpenean gehiago zehazten. Hondakinen deskripzioak ez dira oso zehatzak.

Metalekin jarraituz, sektoreko beste euskal fabrika handi batzuk agertzen dira: Elinfe, 742 sarrerarekin; Productos Tubulares, 434rekin; Tubos Reunidos 303rekin... Eta, batez ere, Arcelor Mittal 1.122 sarrerarekin. Gehienak Arcelorrek Sestaon (Bizkaia) duen altzairutegitik iritsi ziren, eta %10 inguru Olaberritik (Gipuzkoa). Zerrendaren arabera, tankera askotako zaborrak bidali zituen Arcelorrek. Verterrek metalak hartzeko baimena zuen, 70.000 tonako mugarekin, eta ahal zuena birziklatzeko beharra ere bai. 2018an zabortegian sartu zen zabor guztiaren %2 bakarrik birziklatu zuen. Horiek ere Ingurumen Sailak emaniko datuak dira.

DEUSTUKO LURRAK

Zaldibarko zabortegiko zabor ohikoena, dena den, obra handietako lurrak ziren: 2018an, guztien %35; eta 2019an, %23. Lurrak hartzeko baimena jardunaren hasieratik zuen Verterrek, eta eraikuntza enpresa askorekin egiten zuen lan, baina Amenabarrek egiten zuen sarrera gehien. Hirugarren enpresa da sarrera gehien dutenen artean: 1.616 guztira. Sarreretako askotan jatorria zehaztuta dago, eta horietatik 300 inguru Bilboko autobus geltoki berritik iritsi ziren. Geltokiko lanen datuen arabera, 270.000 metro kubo lur atera zituzten; ondorioz, Zaldibarrera joanikoak portzentaje txiki bat dira. Erregistroak ez du azaltzen 300 horiek zergatik joan ziren Zaldibarrera.

Autobus geltokikoa ez da Verterrekin harremana izandako Bilboko obra handi bakarra, 10. bezeroa Deustuko kanala egiteko sorturiko enpresa bateratzea baita. Murias eraikuntza enpresa da elkartze horretako ezagunena. 770 sarrera egin zituen Bilboko itsasadarretik ateratako lur eta harriekin. '170503 LER kodean zehaztu gabeko lur eta harriak' dira zehazki. Tankera horretako hondakinen arrisku karakterizazioa ez izatea da 2019an Verterri egotzi zioten arau hausteetako bat. BERRIAk lan horien hondakinen historiala eskatu dio Jaurlaritzari, baina ez dio bidali. Ingurumen Sailak ukoa azaldu du: obraren egileak ez daude hondakin txostena entregatzera behartuak lan osoa bukatu arte. Kostaldeko lanetatik ateratako lur hezeek arazoak eman izan dituzte beste zabortegi batzuetan, baina sarrerak ez du zehazten kasu honetan hala diren.

PLASTIKOAREN JATORRIA

Ohiko bezeroen artean hondakinak kudeatzen eta birziklatzen diharduten Bizkaiko bi enpresa ageri dira: Bizkaiko Zabor Berziklategia eta Saica Natur Norte. Bizkaiko Zabor Berziklategiak 967 sarrera ditu, plastikoa eta kautxua izenean sailkatuak: 191204 LER zabor kodearekin. BZB hiriko eta industrietako ontziak eta ontzi hondakinak banatzeko eta sailkatzeko planta bat da. Bizkaiko Aldundiak babesturiko egitasmo publiko-pribatu bat da. Saicari dagokionez, hainbat planta ditu Euskal Herrian, baina Verterren erregistroan agertzen diren ia sarrera guztiak Zornotzako plantakoak dira, eta bi motatakoak batez ere: paper pasta egiteko gaien eta zaborren tratamendu mekanikoko hondarrak. Bi enpresa horiek zabor mota ezberdinak biltzeko akordioak dituzte Bizkaiko hainbat udalekin.

Udalerri mankomunitateak ere agertzen dira bezeroen artean. Urrunago joan gabe, sarrera gehien duen laugarren bezeroa Debabarreneko Mankomunitatea da: 1.600 sarrera inguru. Ez da ezustekoa, jakina baitzen Verterrekin hainbat kontratu sinatu zituela tamaina handiko hondakinak-eta hartzeko. Sarrera gehienen jatorria, dena den, eskualdeko herrietako garbiguneak dira. Urola Kostako Udal Elkartea ere bezeroen artean zegoen, sarrera askorekin, besteak beste, Lapatx, Azkoiti edo Zarauzko garbiguneetatik iritsiak. Tankera ezberdinetako hondakinak ziren, besteak beste obra txikien hondakinak.

Sarrera gehien zituzten bezeroak dira horiek, baina guztien zerrenda luzea da: beste eraikuntza enpresa batzuk, zabor kudeatzaile txikiagoak... Bi urte horietan ia 300 bezero guztira. Gipuzkoako Urak-ek, esaterako, 700dik gora sarrera egin zituen, ura garbitzeko lohiak eta obra hondakinak sartzeko bereziki. Cegasa OƱatiko pila eta bateria fabrikak ere 300dik gora sarrera egin zituen. Bere jardunean hainbat osagai kimiko erabiltzen ditu, eta, haiek hartzeko, Verterrek baimen berezia eskatu zuen. Hura ere isiltasun administratibo bidez lortu zuen. Bezero gehienak inguruko enpresak dira, baina badaude bitxikeria batzuk: adibidez, Kuwait Petroleum Espainia. 240 inguru lur eta harri sarrera egin zituen 2018an. Q8 gasolindegiak kudeatzen ditu, eta Euskal Herritik gertuen daudenak Zaragozan eta Gijonen daude (Espainia).

ETA AMIANTOA?

Zabortegia erori zenean amiantoa zuten zaborrak barreiatu izanak sortu zuen urduritasun handiena. Hondakin arriskutsuak dira, eta Verterrek haiek jasotzeko baimena zuen. Jaurlaritzaren arabera, 2018an harturiko hondakinen %0,47k zuten amiantoa eta 2019koen %0,83k. Euskal Herrian hainbat enpresak dute amiantoarekin lan egiteko baimena, eta bi urte haietan 27 izan ziren Verterrera noizbait amiantoa zuen zaborren bat eraman zuten bezeroak. Gehienak eraikuntza enpresa txikiak dira, baina amiantoa kudeatzen eskarmentua duten enpresak ere ageri dira: esaterako, IGR eta Amiantec.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.