Protokolozalea da oso Iñigo Urkullu lehendakarigaia, eta badaki bere rola betetzen. Ez bai, ez ez, gobernu osaerarako aukera guztiak irekiak dituela adierazi zuen Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza izango duten lau indar politikoekin egindako lehen bilera saila amaitu berritan. Isil-gordean, ordea, bidea prestatzen ari da. Badaki zer nahi duen, baina bi egunez mintzaide izan dituenekiko errespetuagatik, ezin du argi esan. «Herri agenda» partekatu nahi duela adierazi du. Guztien arteko «akordio zabalak» nahi dituela agenda hori osatzen duten hiru gai nagusietan. Eta egungo egoerak Jaurlaritza «sendoa» eskatzen duela.
Alderdikideen pistak
Edozein interpretazio ahalbidetzen duten adierazpen zehaztugabe horiek nola ulertu asmatzen, EAJko beste buruzagi batzuek lagundu dute: Jaurlaritza koalizioan osatzea «zail» ikusten duela esan du Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak; «erdibideko formula» nahiago duela. Bizkaiko buruzagiak esan du bakarrik gobernatzeak ez diola beldurrik ematen; EAJk hala egin dezakeen «lasaitasuna» duela.
Urkulluk aldarrikatutako gobernu «sendoari» beste adjektibo bat gehitu dio Ortuzarrek, argigarria oso: «Gobernu sendoa» izatearen garrantzia nabarmendu du; «ideiak argi dituen gobernua» osatzearen garrantzia. Eta agerikoa da EAJren «ideietara» gerturatu daitezkeela alderdi batzuk gai jakin batzuetan, eta beste batzuk, besteetan; baina ez dago Urkulluk zehaztutako hiru gai nagusietan jeltzaleekin bat datorren indarrik; ez osotasunean.
PPk susmoa hartu dio: «Uste dut EAJren nahia gutxiengoan gobernatzea dela, eta ea zer gertatzen den ikustea. Ondo atera daitekeen formula da, Eusko Legebiltzarraren zein euskal gizartearen aniztasunaren jakitun bada», adierazi du Borja Semper PPren Gipuzkoako presidenteak.UPDren legebiltzarkide Gorka Maneirok esan du iruditzen zaiola «gobernua bakarrik osatzeko apustua» egin dezakeela EAJk.
Maneirok argi utzi du jeltzaleekin ez duela elkargune handirik, eta, gainera, Legebiltzarrean izango duen ordezkari bakarrarekin, EAJrentzat ez litzateke eraginkorra konponbideak baino arazo gehiago emango lizkiokeen alderdiarekin gobernu akordiorik egitea.
PPrekin Jaurlaritza osatzeak ere ez dirudi aukera handirik duenik, Alderdi popularrak argi utzi baitio gai ekonomikoetara mugatzekotan soilik emango liokeela babesa. Edozein kasutan, neurri ekonomikoetan bat etor daitezkeela azaldu du. «Jatekoari dagokionez, EAJrekin elkar ulertzea da PPren borondatea», esan du Borja Semperrek.
Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramailearen hitzetan, bere alderdiak oposizioan ikusten du bere burua, «gaur-gaurkoz». Hala ere, ez du baztertu EAJrekin gobernatzeko aukera. Gainera, jeltzaleek alderdiei igorritako proposamenen txostenean zerga sistemari buruzko atal bat txertatu izanak eta ongizatea ukitu ezin den «marra gorri» gisa hartu izanak poztu egin du PSE-EE, horiek baitituzte bien arteko borroka nagusietakoak.
EH Bildu izan zen EAJrekin lehen bilera egin ondoren baikorren agertu zena. Bi aldeek akordioetarako iristeko duten nahia goratu zuen Laura Mintegik, baina ohartarazi zuen alor ekonomikoetan desberdintasunak nabariak direla.
Guztiekin zerbait
Horiek horrela, EAJk akordio itxi eta bakarra egiteak baino aukera gehiago izan ditzake alderdi bakoitzarekin hainbat elkargune lortzen saiatzeak. Eta Urkulluk bide horri eutsi nahi diola dirudi: guztiekin adostasun puntuak lortzen saiatuta, oposizioan egongo direnen jarrera erasokorrak mantsotzea. Bere agintaldia lasaitzea, herriaren beharrizanen izenean.
EAJk alderdiei aurkeztutako proposamenean alde guztiei egindako keinuek bide horren aldeko apustuaren zantzuak erakuts ditzakete. Izan ere, hainbat jarrera malgutu, eta gainontzeko alderdien zenbait aldarrikapen txertatu dituzte jeltzaleek, atalez atal zehaztutako txostenean. Zerga sistema aldatzeko prestasuna da adibiderik argiena.
Urkulluk akordioetarako «oinarri sendo eta nahikoak» ikusten dituela esan izana arlokako elkar ulertze horiei buruzkoa izan daiteke. Baita Egibarrek atzo «akordioetarako aukera erreala» dagoela esan izana.
Hartara, EAJk aurkeztutako «herri agenda» batzuekin eta besteekin betetzeko aukera izango lukete jeltzaleek. Eta hori guzti hori gobernagarritasuna ez oztopatzeko denen artean egindako itun orokorraren laguntzarekin. Hau da, instituzio guztietako aurrekontuak onartu daitezela errazteko konpromisoarekin.
Planteamendu orokor hori onartuta, litekeena da EAJ prest egotea ere guztiekiko harreman ona bermatze aldera zenbait kargu banatzeko. Hainbat hedabidek zabaldu dutenaren arabera, Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren osaera adosteko prest dago EAJ, eta baita mahaiko presidentetzari buruz hitz egiteko ere.
San Tomaserako
Dagoeneko, segurutzat jo daiteke Urkullu izango dela datorren lehendakaria, bai EH Bilduk bai PSE-EEk ez dutela hori oztopatuko esana baitute. Balizko data bat ere zabaldu dute jeltzaleek. Asteazkenean, Gabonetarako Jaurlaritza osatua egotea nahi zutela esan zuten, eta atzo, eguna gehiago zehaztu zuen Ortuzarrek: Abenduaren 21erako nahi du osatua, Santo Tomas egunerako.
Zurekin, baina zu gabe
EAJk Jaurlaritza bere kabuz osatzeko eta oposizioko alderdiekin akordioak egiteko aukera indar hartzen ari da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu