Ubuntu Co-create erakundearen sortzailea, dinamizatzailea eta ekintzaile antirrazista

Nontokozo Sabic: «Zuriek denbora hartu behar dute barrenean errotuta daukaten arrazakeriarekin konektatzeko»

Arrazakeria lantzeko ikastaroak ematen ditu Sabicek, baina zuriak jartzen ditu jopuntuan, «zurien arazo bat» delako, haren arabera. Azaldu du supremazismoa dela Mendebaldearen zimenduetako bat, eta intersekzionalitatetik egin behar zaiola aurre.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU
JAIZKI FONTANEDA / FOKU
maddi iztueta olano
Gasteiz
2026ko apirilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi munduren artean bizi da Nontokozo Sabic (Nelspruit, Hegoafrika, 1980): badaki Mendebaldeak eta Europak ezarritako arauei jarraikiz bizitzen, baina, «zorionez», sorterriko bizimodu indigenari eusten dio oraindik ere. Kontatu duenez, maite du ikastea eta ikasitakoa zabaltzea, eta horretan aritu zen pasa den asteburuan, Eibarren (Gipuzkoa), pertsona zuriei zuzendutako ikastaro antirrazista bat gidatzen. Galdera baten bueltan hausnartzeko gonbita egin du: Konturatu gabe arrazakeria erreproduzitzen ari al zara zure kolektiboan?

Formakuntza Ubunturen filosofian oinarritzen da. Zer da hori?

Ez da ikasten den zerbait, bizimodu bat da. Ubuntuk komunitatea jartzen du erdigunean: gizakiok elkarri lotuta gaude, sare bat osatzen dugu, eta elkarren beharra daukagu. Horrek ez du esan nahi norbanako bakoitzak bere indibidualismoari uko egin behar dionik, baizik eta komunitatearen babesari esker irits daitekeela norbanako bakoitza ahalik eta indibiduorik onena izatera. 

Mendebaldean kosta egiten al da filosofia hori ulertzea?

Bai. Mendebaldea esaten ari zaigu kodependentzia oso gauza txarra dela, eta hori oso tristea da. Gero eta gehiago bultzatzen gaituzte bakarrik egotera, besteengandik bereiztera, eta horrexegatik dago mundua dagoen bezala. Indibidualismoak ez du bide ematen egiazko harreman zintzoak eraikitzeko, eta lurrarekiko lotura oro ere arbuiatzen du. 

Enpresa arloko ikasketak egin zenituen, baina arrazakeriari buruzko ikastaroak ematen aritu zara azken urteotan. Nolatan?

Apartheid bete-betean hazi nintzen; hortaz, arrazakeria gertutik bizi izan dut beti. Badakit zer forma dituen, nola mugitzen den, zein sakona den, zer-nolako traumak eragiten dituen. 14 urte nituen Hegoafrikan apartheida ofizialki bukatutzat jo zutenean. Halere, bidegabekeriek eta desberdintasunek hor diraute. Gaur egun ere, Hegoafrikan agerikoa da nor den pobrea eta nor lur jabea. Niretzat zauri horiek ixtea garrantzitsua da. 

Eta Europan bizi zarenetik izan duzu horretarako aukera?

Europara iritsi nintzenean, arrazakeria zenbaterainokoa zen ikusteak lur jota utzi ninduen. Ageriko arrazakeria eta ezkutukoa. Prozesu traumatiko bat izan zen. Adibidez, lur jota utzi ninduen mugako arrazakeriak, asko bidaiatu baitut Europako Schengen eremuan barrena, eta teorian horren parte diren herrialdeen artean mugarik ez dagoen arren, mugak egon badaude beltzak eta beltzaranak garenontzat. Nire lagun zuriek ez zuten ulertzen bizitzen ari nintzena. Ikusi nuenean emakume beltz gisa nola tratatu ninduten, nola bihurtu nintzen ikusezin, zauri handi bat ireki zitzaidan berriz, eta zerbait egin beharra nuela erabaki nuen. 

«Gero eta gehiago bultzatzen gaituzte bakarrik egotera, besteengandik bereiztera, eta horrexegatik dago mundua dagoen bezala»

Orduan erabaki zenuen Ubuntu Co-create sortzea?

Aitortuko dut gorroto dudala burokrazia, eta denbora asko behar izan nuela elkartea sortzeko. Halere, niretzat amets bat da nire ezagutzak besteei eskaini eta taldean gehiago ikasi ahal izatea. Gauza ederra eta garrantzitsua da guneak sortzea doluari aurre egiteko eta bizipen arrazistek eragindako traumak lantzeko. Pertsona zuriek harreman korapilatsua dute doluarekin, eta hori aldatzeko ezinbestekoa da gelditzea, arnasa hartzea eta minarekin konektatzea. Ikasi egin behar da norberaren historiarekin deseroso egoten. Nork esan zizuen zuriak zaretela? Nolakoak zarete zuriak? Nork esan dizue besteak baino gehiago zaretela? Eta nola? Eta zergatik?

Arrazializatuen inguruko aurreiritzi eta estereotipoei erreparatu ordez, zurien pribilegioak eta arrazakeria sistematikoa lantzen dituzu tailerretan. Zergatik?

Arrazakeria jende zuriaren arazo bat delako. Eta horixe da, hain justu, ulertu eta barneratu behar den ideiarik oinarrizkoena. Beltzok eta beltzaranok jasaten dugu arrazakeria, eta horregatik, zuriek uste dute lagundu egin behar gaituztela, sufrimendu horretatik salbatu behar gaituztela. Finean, salbatzaile zuriaren jokaera tipikoa. Hori egin ordez, zuriek barne-barnean errotuta duten arrazakeriarekin eta supremazismoarekin konektatzeko denbora hartu behar dute. Tira, espazio beltzetan supremazismo zuria terminoa ordezkatu dugu; hori ez baita egia, inor ez da beste inor baino gehiago. 

Nola deitzen diozue?

Zurien irudikeria [barrez].

Pertsona zuriak prest daude lan hori egiteko?

Agerikoa da ez dela erosoa nork bere barrura begiratzea. Ez da erosoa hor ere trauma bat dagoelako. Zurien trauma ezin da beltzen eta beltzaranen traumarekin alderatu, ez delako trauma bera. Baina trauma bat da, halere: erruaren trauma, lotsarena. Mendebaldean uste da ezagutza izatea garunean informazioa gordetzea dela: unibertsitatea, liburuak, azterketak; ofizio bat. Baina bizitza ez da hori.

«Zurien trauma ezin da beltzen eta beltzaranen traumarekin alderatu, baina trauma bat da, halere: erruaren trauma, lotsarena»

Nola lantzen da hain errotuta dagoen zerbait?

Hasteko, nahikoa segurua den espazio bat sortzen saiatzen naiz. Ezinezkoa da erabat segurua den espazio bat sortzea: batetik, gutako bakoitzak segurua denaren inguruko ideia bat daukalako; bestetik, espazio berean pertsona bat baino gehiago baldin badaude, beti egongo delako gatazka motaren bat. Halere, bermatu dezaket elkarrekin hitz egiteko modua emango duen espazio bat sortuko dudala, eta landu beharrekoa lantzeko moduak aurkituko ditudala, eta elkarri entzungo diogula eta asmatuko dugula min hau guztia nola eraldatu.

Eta lortzen duzue?

Batzuetan jendeari lotsa ematen dio galdera batzuk egitea. Hanka sartuko duen beldur da. Halere, ez dago arrazakeria hoberik edo okerragorik; ez dago pertsona zuri hoberik edo okerragorik; denak daude ikasketa prozesu batean. Lehiakortasun zentzugabea eta beldur horiek berak zuriak babesteko ezkutu bihurtzen dira askotan; izan ere, ez baduzu lanik egiten, zurien egitura babesten ari zara.

Euskal Herrian eman dituzun ikastaroetan ere hala gertatzen da?

Beste modu batera lan egitea eskatzen du. Euskal Herriak bere borroka propioa dauka: euskal herritarrek errepresioa jasan eta jasaten dute, eta gogor egin behar dute borroka beren hizkuntzaren eta kulturaren alde. Baina izan liteke bi gauza aldi berean: zapaldua eta zapaltzailea. Bi errealitate horiek elkar ukitu dezakete. Euskal Herria eta euskal herritarrak zapaltzaileak izan dira historikoki, eta oraindik ere aberastu egiten dira beltzen eta beltzaranen bizkar. Historiaren alderdi horretan ez da etenik egon. 

Nola erantzuten dute hori esaten diezunean?

Batzuei kosta egiten zaie onartzea, eta oso oldarkor erantzuten dute; ez diote beren buruari aitortu nahi haiek ere horren parte direla. Askotan gertatzen zait. Batzuetan uste dut jendeak baduela entzuteko prestutasuna, eta egiaz dutela asmoa beren arrazakeriarekin zerbait egiteko. Baina gero horrela erantzuten dute, arazoa ni naizela emateraino, gatazka eta zatiketa eragiten ariko banintz bezala.

«Euskal Herria eta euskaldunak zapaltzaileak izan dira historikoki, eta oraindik ere aberastu egiten dira beltzen eta beltzaranen bizkar»

Zergatik erresistentzia hori?

Arrazista izatea pertsona gaiztoa izatearekin lotzen da, eta inork ez du pertsona gaizto bat izan nahi; are gutxiago besteek hala dela pentsatzea. Baina arrazista izatea ez da pertsona gaiztoa izatea. Arrazakeria sistema bat da, eta sistema horrek eta gizarteak arrazistak izaten erakusten digute, kontzienteki eta inkontzienteki. Patriarkatuaren gisako egitura bat da; ez zaitu pertsona txarra edo ona egiten, baina hor dago, eta guztia hartzen du.

Arlo guztietan, ezta?

Bai, horregatik egiten dut lan ildo intersekzional batetik abiatuta. Ezin da feminista izan arrazakeriari, klase sozialari eta LGBTIQ+fobiari erreparatu gabe. Zapalkuntzak elkarrekin lotuta daude nahitaez, eta hori ulertu beharra dago.

Intersekzionalitateak haustura eragiten du batzuetan. Zergatik?

Bai, ezkerreko mugimenduetan gertatu ohi da, batez ere. Batzuek ez diete beren pribilegioei uko egin nahi, eta horrek zur eta lur uzten nau beti. Emakume beltz bat naiz, eta horrek munduan ematen didan lekuagatik, badakit ez dela klase kontua soilik. Edo matxismo kontua soilik. Pentsa: estatu sozialista batean biziko bagina ere, non guztiok izango genukeen etxe bat, soldata bat eta ongizatea, nola aldatuko luke horrek gizonek emakumeen gainean ezartzen duten boterea? Eta emakume zein gizon zuriek beltzen eta beltzaranen aurka ezarritako zapalkuntza?

«Emakume beltz bat naiz, eta horrek munduan ematen didan lekuagatik, badakit ez dela klase kontua soilik»

Eskuin muturra gero eta babes handiagoa biltzen ari da. Beldur hori ere agertzen da ikastaroetan?

Kezkatzekoa da eskuin muturra izaten ari den goraldia. Edonola ere, eta ez gaizki ulertu, espazio beltz batzuetan esaten hasiak gara nahiago dugula eskuinak agintzea. Eskuina behintzat argia da, ez ditu bere asmoak ezkutatzen, badakigu zer iritzi duen migrazioaren eta arrazializatuen inguruan, beren arrazakeria onartu, aitortu eta defendatzen dute. Ez da nahasgarria. 

Eta ezkerra bai?

Askotan, bai: feminismo zuria, ekintzaileak, gure lagunak, maitaleak, gurekin militatzen duen jendea. Haiei guztiei batzuetan kosta egiten zaie egin beharreko lana egitea. Beren barrura begiratzea. Eta batzuetan haserretu egiten dira beren arrazakeria aurpegiratzen badiezu: beren burua defendatzen dute, eta haserretu egiten dira, eta negar egiten dute, edozer egiten dute, beren pribilegio zuriari uko egitea salbu. Jende horri ere esan egin behar zaio: aizu, lan asko daukazu egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA