Festa betea izan da
Partidaren atariko giroa eta partida bera jasoko dituen zuzenekoa.
* Jendetza bildu da Bilbon egin dituzten bi martxetan, bai Gure Esku, Gu Ere Bai eta Gernika-Palestina plataformek deitutakoan, baita Palestinarekin Elkartasuna eta hainbat zale taldek deitutakoan ere.
* Hunkigarriak izan dira partida hasi aurreko atarikoak zelaian, aldarrikapenez betetakoak izan baitira.
* Zelaian, euskal selekzioa nagusitu da: 3-0 irabazi du. Sekulako giroa egon da hasi eta buka.
Yaser Hamed: «Ametsa bete dut»
Pozarren dago Yaser Hamed Palestinako selekzioko euskal jokalaria. Euskal selekzioaren elastikoa soinean duela mintzatu da partida amaieran, eta esan du «izugarria» izan dela bizi izan duena. «Emozio handiz bizitu dut dena. Ametsa bete dut. Historikoa da gaur bi selekzioek egin duguna. Mezu argia bidali diogu munduari: genozidioa gelditzea eta euskal selekzioa ofiziala izatea. Ea noizbait Munduko Kopa batean elkarren aurka aritzen garen».
Palestinako jokalarien esker ona: 'Eskerrik asko Euskal Herria'
Partida bukatu eta berehala, Palestinako selekzioko kideek Eskerrik asko Euskal Herria dioen pankarta atera dute, eta zelaira itzuli bat ematen hasi dira. Ikusleak zutik eta txaloka ari dira. Bi selekzioetako kideak elkarrekin ari dira zaleak agurtzen. San Mames Txoria txori hasi da abesten berriro. Eta jarraian, berriro aldarrikapena: «Palestina askatu!». Amaiera zinez ederra da.
Bukatu da partida
Bukatu da partida. Euskal selekzioak nagusitasunez irabazi dio Palestinari San Mamesen: 3-0. Elgezabalek, Guruzetak eta Izetak sartu dituzte euskal selekzioaren golak. Garaipenari esker, euskal selekzioak bolada onari eusten dio. Halere, garrantzitsuena da sekulako festa izan dela San Mamesen, eta egun osoan ozen entzun direla ofizialtasunaren eta Palestinaren aldeko aldarrikapenak. Egun historikoa izan da gaurkoa. San Mamesko zaleak zutik jarri dira bi selekzioak agurtzeko.

Txalo zaparrada Yaser Hamedi
Palestinak azken aldaketa egin du, eta Yaser Hamed aulkira joan da. San Mamesko zaleek txalo zaparrada jo diote Leioako jokalariari. Hamedek ez du inoiz ahaztuko gaurko eguna.
«Palestina askatu!»
Partida erabakita dago, baina emaitza gutxienekoa da gaur. Eta ikusleak berriro hasi dira Palestinaren aldeko aldarriak ozen oihukatzen. Horien artean bat nagusitzen da: «Palestina, askatu!». Zaleak Palestina ari dira animatzen gehien orain: gola sartzea nahi dute.
Euskal selekzioaren hirugarren gola
Euskal selekzioa nagusi da, eta Izetak indartu egin du hori, hirugarren gola sartuta. Athleticeko aurrelariak lehen partida jokatu du euskal selekzioarekin. Ordu laurden baino gutxiago falta da partida bukatzeko. Gola sartu, eta bengala bat bota dute harmailetatik. Ikusleek txistu egin dute. Epaileak partida eten du une batez, baina berriro ekin diote.
51.396 ikusle San Mamesen
Oraintxe esan berri dute zenbat ikusle dauden San Mamesen: 51.396 ikusle. Inoiz ez dira horrenbeste ikusle egon euskal selekzioak aro garaikidean jokatutako partida batean.

Hasi da bigarren zatia
Hasi da bigarren zatia San Mamesen. Bi taldeek aldaketa asko egin dituzte: euskal selekzioak talde erdia baino gehiago aldatu du; Palestinakoak, berriz, hiru aldaketa egin ditu. Euskal selekzioa da nagusi: 2-0. Giroak ez du behera egin, eta ikusleak kantari jarraitzen dute.
Omenaldia euskal pilota selekzioko kideei
Atsedenaldian omenaldia egin diete ekainean Gernika-Lumon (Bizkaia) zesta-puntako Nazioen Ligan aritu ziren euskal selekzioko kideei. Historikoa izan zen txapelketa hori, euskal selekzioa lehen aldiz aritu baitzen Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean.

Iker Goñi: «Historia egin dugu»
Pozarren dago Iker Goñi Euskadiko Futbol Federazioko presidentea. «Oso giro polita dago, eta euskal selekzioa irabazten ari da. Beraz, dena bikain ateratzen ari da». 53.000 zale bildu dira San Mamesen, inoiz baino gehiago euskal selekzioaren partida batean, eta hori «historikoa» dela esan du. «Historia egin dugu. Oso eskertuta gaude sarrera erosi duten guztiekin». Azaldu duenez, «erronka oso handia» izan zen Palestinaren aurkako partida antolatzea, baina «oso pozik» daude dena «ondo» ateratzen ari baita.
Amaitu da lehen zatia
Bukatu da lehen zatia San Mamesen. Emaitza argia da: 2-0 ari zaio irabazten euskal selekzioa Palestinakoari. Elgezabalek sartu du lehen gola, partida hasi eta berehala, eta, Guruzetak sartu du bigarren gola, lehen zatia amaitzear zela. Ikusleek txaloka agurtu dituzte bi taldeak.
Euskal selekzioren bigarren gola
Lehen zatia bukatzear dela sartu du bigarren gola euskal selekzioak. Penaltia egin diote Hugo Rinconi, eta Gorka Guruzetak ez du huts egin. 2-0 ari da irabazten euskal selekzioa. Nagusi da zelaian.
'Txoria txori' ozen San Mamesen
Sekulako giroa dago San Mamesko harmailetan. Olatua egiten aritu dira denbora luzez, eta, orain, Mikel Laboaren Txoria txori kanta abesten ari dira, ozen.
Animoak Palestinari
Etxeko taldea da euskal selekzioa, baina zaleak gogotik ari dira animatzen Palestinakoa. Horri esker, aurrerapausoa eman du, eta estu hartzen ari da euskal selekzioa.

Euskal selekzioaren lehen gola
Bikain ekin dio euskal selekzioak partidari. Laugarren minutuan, kornerra atera du Kike Barjak, eta Unai Elgezabalek gola sartu du buruz. Estreinako ederra izan du Elgezabalek, lehen aldiz ari baita euskal selekzioarekin.
