Datorren otsailetik aurrera ezingo da tabakorik erre Kubako zenbait leku publikotan. Hala erabaki zuen herenegun Fidel Castro Kubako presidenteak. Honako leku hauetan, esate baterako, ezingo da tabakorik erre: eskoletan, lantokietan, bulegoetan, osasun etxe eta ospitaleetan, antzokietan eta dendetan. Tabako makinak kentzea ere aztertuko du Gobernuak.
Herrialde askotan hartu dira aurten tabakoaren kontrako neurriak, baina inor gutxik pentsatuko zuen ustez tabako onena duten herrian ere trabak jarri behar zizkietenik erretzaileei. «Erretzen ez dutenenganako errespetuz» hartutako erabakia izan dela esan zuen herenegun Fidel Castrok. Orain arte, edonon erre zitekeen Kuban, ez baitzegoen erretzearen inguruko araudirik. Tabakoaren kontrako kanpainak egin, egin izan dira, baina ez dute batere arrakastarik izan. Fidel Castrok berak 1986. urtean utzi zion tabakoa erretzeari. Gogor egin zuen orduan tabakoaren kontra. «Etsaiari eman. Horixe da zigarro kaxa batekin egin dezakezun gauzarik onena». Horixe izan zen Fidel Castrok zabaldu zuen mezua.
Beteko den ala ez, zalantzan
Estatistiken arabera, Kubako biztanleen erdiek inguru erretzen dute tabakoa; hamaika milioi erretzaile inguru bizi dira, beraz, uhartean. Kubako habanoak, bestalde, oso ezagunak dira mundu osoan. Habanogintza Kuban oso sustraitua dago, eta kubatar askok lan egiten dute, gainera, industria horretan. Urtean, 150 milioi zigarro puru inguru esportatzen ditu Kubak.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, askok uste dute Gobernuak zailtasun handiak izango dituela tabakoaren kontrako legea betearazteko orduan.
TABAKOA
Kuban erretzea debekatu dute zenbait leku publikotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu