Araba Euskaraz, euskarari agertoki bat emateko eguna

Gasteizen ospatuko dute gaur Arabako ikastolen jaia. 'Etengabe' du leloa, orain artean lanean aritu direnei aitortza gisa.

gurutze izagirre intxauspe
2025eko ekainaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Bozgorailu bat eman nahi diogu euskarari eta euskal kulturari. Espazio bat eskaini nahi diegu euskaldunei, arnasgune bat», adierazi du Unai Mendizabal Arabako ikastolen elkarteko lehendakariak. Dena prest da gaur Gasteizen, Arabako ikastolek elkarlanean antolatutako Araba Euskaraz jaiaz gozatzeko. Era guztietako ikuskizunak eta gustu guztietarako egitaraua ontzen eman dituzte azken hilabeteak antolatzaileek. Aurten ikusgarritasuna Bastida ikastolari eman bazaio ere, auzolanean antolatutako jaieguna prestatu dute, eta gonbidapena luzatu dute elkar hartuta ospatzeko. Euskarari eta euskal kulturari agertoki bat eman nahi dio.

Azken uneko aldaketarik izan du, ordea, jaiak. Araba Euskaraz Gasteizko Olarizuko zelaietan ospatu ohi da, baina aurten gunea nahi bezala ez zegoela ikusita, lekuz mugitu dute: Armentia ikastolaren, Mendizorrotzaren eta Prado Parkearen inguruan ospatuko dute, ilusioz eta indarrez, urtero bezala.

Gaur da urtean egindako lanari ginga jartzeko eguna, baina ez da makala izan urte osoan egindakoa. Iazko udazkenetik, hainbat ekinaldi egin dituzte Araba euskararekin lotutako ikuskizunez «zipriztintzeko, euskara aisialdiarekin lotzeko».

Besteak beste, Go!Azen ikuskizuna eman dute, euskal pilotako topaketak egin dituzte, mendi martxak antolatu dituzte ikasleen arteko harremanak sendotzeko, Mikel Urdangarinek Kirmen Uriberen letrekin ondu duen Araba Euskaraz-eko kanta bere diskoan eta biran txertatuko du, eta abar.

Beste bi ekinaldi azpimarratu ditu Mendizabalek: topaketa bat egin zuten Bastidan, Kilometroak, Nafarroa Oinez, Ibilaldia eta Herri Urrats antolatzeaz arduratu diren ikastoletako gazteek elkar ezagutu zezaten «eta herri gisa irudikatzeko bagoazela norabide zehatz batean».

Bestetik, Bastidan bertan Araba Euskaraz txiki bat egin zuten maiatzean, «agertoki hori herrira bertara eramateko eta eskertza moduko bat egiteko urte osoan lanean jardun dutenentzat».

Aitortza

Etengabe hautatu dute lelo gisa. Mendizabalek azaldu du zergatia: «Bastida ikastolan ibili direnei, daudenei eta egongo direnei aitortza egiteko leloa da». Izan ere, aurten 45. ikasturtea egingo dute Bastida ikastolan. 1979an, sortu zenean, ez zegoen ume euskaldunik Arabako Errioxako herri hartan. Ume horien guraso euskaltzaleen kopurua txikia zen, Arabako beste zenbait kasutan bezala. Bederatzi umerekin hasi ziren; egun, ehunetik gora dira. «1979an amets hori bete zuten gurasoei aitortza egiteko hautatu dugu leloa, baita etorri direnei eta etorriko direnei aitortza egiteko ere. Amets hura etengabe arnasberritu dela adierazteko modua da, haria hor dagoela sortu zenez geroztik, sekulako lana eginda».

Mendizabalek aitortu du, halere, egoera zaila dela oraindik ere: «Horregatik aritu behar da etengabe lanean, eta adierazi nahi dugu etengabe jarraituko dugula lanean euskara txoko guztietara eramateko». 

Ikastolen mugimendua Arabako Errioxan lanean hasi zenean biztanleriaren %4 zen euskalduna edo ia euskalduna. Egindako lanaren uztaren ondoren, gaur-gaurkoz %40 da euskalduna edo ia euskalduna

Izan ere, Mendizabalek uste du ikastolek ekarpen handia egin diotela euskarari: «Egungo Araba Errioxako errealitate soziolinguistikoa ez litzateke ulertuko Arabako Errioxako ikastolen ekarpenik gabe. Horrek ez du esan nahi haiek bakarrik egin dutenik, baina beharrezkoak izan dira beste eragile batzuekin batera emaitza horiek lortzeko». 

Datuak eman ditu hori argudiatzeko: ikastolen mugimendua Arabako Errioxan lanean hasi zenean biztanleriaren %4 zen euskalduna edo ia euskalduna. Egindako lanaren uztaren ondoren, gaur-gaurkoz %40 da euskalduna edo ia euskalduna. «Horrek ez du esan nahi lanik ez dagoenik egiteko, zeren jauzi bat eman behar da ezagutzatik erabilerara. Etengabe ari dira lanean horretarako», gehitu du.

Transmisioaren garrantzia ere azpimarratu du: «Bastidako bederatzi haiek euskaldundu ziren, eta haien seme-alabak euskaldundu zituzten, eta bilobak ere bai, eta horri esker esan dezakegu gaur-gaurkoz badagoela Arabako Errioxan euskara ama hizkuntzatzat duenik. Horrek erakusten digu zailtasun horien guztien gainetik ere posible dela hezkuntza proiektuak euskaraz garatzea, eta hori guztia ezin da egin talde baten eta gizartearen babesik gabe».

8

Zenbat ikastola dauden Araban. 3.700 ikasletik gora dituzte, eta 2.500 familiek hautatzen dute ikastola. Arabako Errioxan hiru daude, Aiaraldean bi, lautadan bat, Gasteizen bat eta Trebiñon beste bat.

Arabako ikastolak behar bat asetzeko sortu zirela azaldu du: «Begirada atzera botaz gero, euskararen egoera latza zen herrialde honetan. Eta ordura arteko hezkuntza esperientziek ez zuten bat egiten pedagogia berritzaileekin. Horregatik, pedagogia berritzaileak eta euskara ardatz zuen euskara egitasmo bat martxan jarri zuten zenbait familiek. Su txiki batzuk piztu zituzten, eta gaurdaino iritsi dira». 

«Ikastolen ekarpena nabarmena da. Hizkuntza gutxitu bat daukagu, eta hezkuntza proiektu propio bat eraiki zen muga horiek gainditzeko. Euskararen presentzia geletatik harago eraman dute»UNAI MENDIZABAL

 Arabako ikastolen elkarteko lehendakaria

Zenbait ameslariren proiektua horrela hasi zen forma hartzen. Hezkuntza euskaldun bat nahi zuten, toki horretarako tresnak sortu behar zituzten, ez baitzeuden, eta ahalegin horretan segitzen dute. «Ekarpena nabarmena da. Hizkuntza gutxitu bat daukagu, eta hezkuntza proiektu propio bat eraiki zen muga horiek gainditzeko. Umeen euskalduntzea azkartu eta euskararen presentzia geletatik harago eraman dute».

Prozesu hori guztia, baina, ez dago ulertzerik sarerik gabe. «Aterki on bat ematen die haien hezkuntza proiektua aurrera emateko eta hedatzeko. Taldea gainera lurraldetik harago doa, Euskal Herriko beste lurraldetako ikastolekin harremana du, eta, funtsean, ekarpen propioa egiten ari da Euskal Herriko hezkuntza proiektu baterako».

Auzolanean

Iritsi da eguna. Euskaltzaleei gonbidapena egin die Gasteizera gerturatu daitezen eta jaialdiaz goza dezaten, gustu guztietarako ekitaldiak baitaude. «Egiten duten ekarpenarekin Arabako Errioxa euskalduntzen lagunduko dute, eta beren aletxoa jarriko dute Araba euskaldunaren amets horretarako».

Bereziki azpimarratu du egun hori prestatzeko Arabako ikastolen artean egin den auzolana: «Auzolana ez dago oso bogan, zeren profesionalizazioa bazter guztietara iritsi da, baina guk oraindik garrantzia ematen diogu auzolanari. Izan ere, ikastolan lan egiten dutenek, lan egiteaz gain bestelako ekarpena egiten dute, eta familiek ere badute aukera zerbait gehiago egiteko. Horrek aberasten gaitu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.