Ekainaren 28a LGTBI jendearen harrotasuna aldarrikatzeko eguna izan ohi da. Dena dela, azken urteotan mundu osora hedatu den «olatu erreakzionarioa» dela medio, denbora luzez eta esfortzu handiz lortutako eskubideak kinka larrian daudela ohartarazi dute Euskal Herriko mugimendu sozialek. Eskuin muturreko eragileak eta gobernuak hauspotzen ari diren oldarraldi horri erantzun kolektiboa emateko deia egin dute. Hori dela eta, LGTBIren eskubideen aldeko mugimenduek ez ezik, mugimendu feministak, arrazakeriaren kontrako elkarteek eta, oro har, kolektibo minorizatuen alde ari diren kolektiboek bat egin dute gaurko egunez Euskal Herriko hiriburuetan antolatutako manifestazioekin.
Bizkaian, esaterako, «harrotasunaren espiritu aldarrikatzailea» berreskuratzeko deia egin du E-28 koordinakundeak. Hartara, Kuir amorrua antolatu lelopean manifestatuko dira. «Harrotasuna data politiko eta subertsibo gisa aldarrikatzen dugu. Antolatutako queer amorrutik sortua, eta ez merkatutik. Pride korporatibo, despolitizatu eta kapitalistaren aurrean, harrotasun antikapitalista, antirrazista eta boterearentzat deserosoa defendatzen dugu», azaldu dute.
Mugimenduak salatu duenez, «instituzio batzuk, batez ere eskumatik datozenak, ekainaren 28ko espiritua asimilatu eta edukiz husten ari dira». Haien iritziz, «ortzadarraren kolore hutsa hartu, eta aldarrikapena baztertu dute». Fenomeno hori hiri handietan gertatu da, eta horietan ohikoa da enpresek bereganatutako karrozak eta eremuak ikustea: «Hirien erdialdeak hartzen dituzte, eta dirurik ez duten harrotasun kritikoak bazterrean geratzen dira». Horren adibide garbiena da Bilbon ospatzen den Bilbao Bizkaia Harro ekinbidea. E-28 kolektiboak zeharo arbuiatzen du jaialdi hori: «Urteak dira Bilboko Udala LGBTI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna turistifikatzen eta merkantilizatzen saiatzen ari dela, eta udalari gogorarazi nahi diogu Harrotasuna ez dela jai huts bat; borroka egun bat da, kalean antolatutako erresistentzia, memoria, sexu askapena eta genero disidentzia aldarrikatzeko nazioarteko eguna».
Eta mugimendu sozialen lorpena bere egitea egotzi diote udalari: «Bilboko Udalak gaur egun erakusten duen ortzadarrez betetako irudi publiko hori ez litzateke existituko hamarkadetan errepresioa, kriminalizazioa eta bazterketa pairatu dituzten kolektiboen borrokarik gabe». Hori dela eta, kolonialismoaren, arrazismoaren, transfobiaren eta kapitalismoaren kontra manifestatzera deitu dute.
Era berean, Araban zapalkuntza jasaten duten kolektiboez osatutako herri mugimenduek deialdi bateratua egin dute aurten. «Bazterretan bizi garen kolektiboen aurkako oldarraldi bat da hau: hizkuntza gutxiagotuen zapalkuntza, feminismoaren lorpenen aurkako estrategiak, transen deshumanizazioa eta ezabapen saiakerak, kapazitismoa, arrazakeriaren gorakada, Palestinako genozidioa edota Abya Yalako esku hartzeak, besteak beste», adierazi dute.
«Bilboko Udalak gaur egun erakusten duen ortzadarrez betetako irudi publiko hori ez litzateke existituko hamarkadetan errepresioa, kriminalizazioa eta bazterketa pairatu dituzten kolektiboen borrokarik gabe»
BIZKAIKO E28 KOORDINAKUNDEA
«Autoritarismoa eta militarizazioa hedatzen ari diren jokaleku politiko honetan, Gasteizko mugimendu transbollomarikak oso argi dauka ekainaren 28a gure borroka anitzez harro egoteko eguna dela». Eta gogora ekarri dituzte zapaldutako kolektiboek historikoki egindako borrokak. «Ezin dugu ahaztu 1969an Stonewallen gure ahizpek piztutako sua; ezta 90eko hamarkadan intsumisio marikaren bidez militarismoari aurre egin geniola ere. Eta, nola ez, Palestinako gure ahizpa queerrak ere ezin ditugu ez ahaztu, ez bakarrik utzi».
Hori dela eta, azaldu dutenez, ekainaren 28a baliatuko dute euren gorputzak eta herriak zeharkatzen dituzten zapalkuntzak seinalatzeko. Hori ez ezik, «testuinguru autoritario honetan, queerrok eta bazterretan kokatzen garenok, saretuta eta antolatuta, faxismoari aurre egingo diogula aldarrikatzeko ere bai».
Aliantzak «erreakzio faxistaren aurka»
Donostian ere ahotsa altxatuko dute «faxismoaren aurka». Gipuzkoako trans asanblada, Egham eta Donostiako asanblada transbollo marika mugimenduek proposatu dute faxismoaren gorakadari erantzuteko gizarte mugimenduen arteko «aliantzak eta borroka transmaribibolloa» plazara ateratzea. ErreakZio faxistaren aurka, borroka transmaribolloa da aurtengo aukeratu duten leloa. Gasteizen bezala, LGTBI pertsonek jasaten duten zapalkuntzaz haratago, bazterrean dauden beste kolektibo batzuk ere batu dira eskubideen aldeko eskakizunera. Euskararen aurkako erasoak, disidenteen aurkakoak, eta aipamen berezi bat izango du herri palestinarrak. Kasu horretan bereziki, «Israelek LGTBI pertsonen erabilera egiten duelako genozidioa zuritzeko».
Ekainaren 28aren harira, Iruñerriko mugimendu transfeministak «gorroto diskurtsoak» salatu ditu, eta kezka berezia azaldu dute gorroto hori «beren burua feministatzat» daukaten sektoreetatik datorrelako. Ohartarazi dutenez, diskurtso horiek, gainera, ondorio zuzenak dituzte kalean, «araua betetzen ez duten pertsonen bizitza mehatxatzen baitute». Horren isla dira azkenaldean transek jasan dituzten «jipoiak, jazarpena, irainak eta deslegitimazioa».
Aste honetan plazaratu dute manifestua, beste hogei eragilerekin batera. Horrekin zera lortu nahi dute: «Gure kaleetan gertatzen ari diren erasoei erantzun kolektibo bat ematea». Izan ere, eraso transfoboen gorakada ikusita, «beharrezkotzat» jotzen dute egoera hori «gizarte osora» hurbiltzea. Hori horrela, «guztioi eragiten digun eskubideen urraketa eta atzerakada» dela azpimarratu dute.
Transen aurkako diskurtso eta erasoak, hein handi batean, TERF deitzen dieten kolektiboetatik datozela salatu dute. Jatorriz ingelesezkoa bada ere, euskarara itzulita, laburdura horrek feminista erradikal trans-baztertzailea esan nahi du. Transen aurkako eraso horiek, haien esanetan, «olatu erreakzionario global baten parte dira». Hori horrela, transak, bereziki emakume transak, «arazo material eta sozialen erantzule gisa seinalatzen dira, sistema kapitalista eta neoliberala seinalatu beharrean».
Harrotasun erradikal bat irailean, Baionan
Ipar Euskal Herrian ez dute manifestaziorik antolatu gaurko, baina indarra batzen ari dira irailean egin asmo duten ekitaldirako. Izan ere, jakinarazi dutenez, kolektibo transmaribibolloa —queerrak eta transfeministak— kolektiboki antolatzea erabaki dute, eta uda ostean «Harrotasun erradikal bat» antolatzeko asmoa dute Baionan: «Behar-beharrezkoa dugu harrotasun politikoa, borrokalaria eta antifaxista, salatzen dituena bizi ditugun zapalkuntzak eta instrumentalizazio saiakera homonazionalistak». Gogorarazi dutenez, «harrotasuna beti izan da matxinada bat», eta iraileko aurkezpen ekitaldia antolatzeko bat egiteko deia egin dute.
E-28 Koordinakundeek antolatutako manifestazioak
- Bilbo. Indautxu plaza, 17:00etan.
- Donostia. Bulebarra, 12:00etan.
- Gasteiz. Andre Maria Zuriaren plaza, 12:00etan.
- Iruñea. Baluarte, 12:00etan.