Ion Vazquez: «Denak izango dira ongi etorriak euskararen eta auzolanaren festara»

Elgoibar ikastolan gertu daude biharko, Kilometroetara joaten direnak hartzeko, euskarara «salto» egiteko deia eginda. 'Salto-saltoka' da leloa, hain zuzen.

Ion Vazquez Elgoibar ikastolako zuzendaria. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ion Vazquez Elgoibar ikastolako zuzendaria. MAIALEN ANDRES / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko urriaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ion Vazquez (Azkoitia, Gipuzkoa, 1990) Elgoibar ikastolako zuzendariak galtzak bete lan izan du aurten, baina aho zapore onarekin mintzo da bukatzear den «maratoiaz». Bihar Elgoibarren ospatuko diren Kilometroez ari da. Uste du balio izan duela euskararen erabilerari buruz pentsatzen jartzeko eta komunitatea trinkotzeko. Urteak utzitakoari jarraipena eman asmo diote gero. Igandearekin, jai giroan Elgoibarrera gerturatzera deitu du, «euskararen eta auzolanaren festara».

Noiz sortu zen Elgoibar ikastola, zer girotan?

1962an sortu zen, frankismo garaian. Euskararen presentzia oso mugatua zen garai hartan. Guraso talde batek bermatu nahi zuen seme-alabek euskaraz ikasi ahal izatea, eta hortik sortu zen Elgoibar ikastola. Giroa ez zen aldekoa, oztopoz betea baizik. Orduan, beste erremediorik gabe auzolanean eta konpromiso handiz eraikitako ikastola izan zen. 

Non zeuden lehen eskolak?

Lokal xume batean hasi zen, eta baliabide oso urriekin. Pixkanaka, haur kopurua eta beharrak handitu ahala, lekuz mugituz joan zen, gaur egun daukagun eraikinera iritsi arte. 1970eko hamarkadan kooperatiba bihurtu zen. Handituz joan izan da, milatik gora ikasle izateraino. Gaur egun 900etik gora dira. Gure eskaintza haurtzaindegiarekin hasten da. 0tik 16 urterainoko ibilbidea eskaintzen dugu: haurtzaindegia, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

Zer-nolako komunitatea daukazue?

900 ikasletik gora dira guztira. Langileak 70etik gora dira, eta 650 bat familiak osatzen dugu komunitate osoa. Mordoxka bat gara, handi xamarra da, bai.

«Urtea oso onuragarria izan da. Azken finean, gu baino askoz handiagoa den beste proiektu batek bere inguruan elkarlanean jarri gaitu»

Zertan ardazten da hezkuntza proiektua?

Hiru zutabe nagusi ditu: batetik, euskararen eta euskal kulturaren transmisioari garrantzi handia ematen diogu, curriculumak eskatzen digunaz aparte beste programa batzuk ere garatuta, euskara eta nazio ikuspegia ardatz hartuta. Gero, eleaniztasuna eta nazioarteko ikuspegia ere lantzen ditugu, programetan eta beste hainbat ekinalditan. Bestetik, ikasleen garapen emozionalari, sozialari eta pertsonalari ere garrantzi handia ematen diogu, ikaslea erdigunean jarrita. Eta azkenik, izaera kooperatiboa ere lantzen saiatzen gara. Konfekoop sareko kideak gara, eta horrek, organigraman ez ezik, gure nortasunean ere badu eragina.

Adibidez, zertan?

Auzolanari esker atera da ikastola hau aurrera, lan kolektiboari esker. Hori are ikusgarriagoa izan da aurten, Kilometroak antolatzerakoan. Konfekoopek ere hainbat ikastaro eskaini dizkigu, eta horrek ekartzen du komunitatea sendotzea eta hezkuntza proiektua indartzea. Herrian ere, badugu historikoki bidelagun izan dugun enpresa bat: Danobat kooperatiba. Gainera, hango langile askok lotura dute ikastolarekin.

Euskara eta euskal curriculuma aipatu dituzu ardatzen artean. Zer giro sumatzen duzu alor horretan?

Kezkatuta bagaude, baina uste dut kezka nahiko orokorra dela. Ikastetxe askotan gabiltzan irakasleekin-eta hitz egiten dut, eta antzeko kezkak dauzkagu. Argi ikusten dugu euskararen indarguneetako bat hizkuntzarekiko dagoen atxikimendua dela, maite den hizkuntza bat delako. Ikusten da euskararen erabilera sustatzeko premia bat badagoela, dakiten askok ez baitute erabiltzen, baina gero atxikimendu hori ere badago, eta hori ona da. Beraz, lana egin behar da, zeren erdararako joera areagotzen ari baita, baina geuk euskarari garrantzi handia ematen diogu hainbat proiekturen bitartez, eta euskal kulturari ere bai, hartan oinarritzen ditugulako hainbat ekintza.

«Argi ikusten dugu euskararen indarguneetako bat hizkuntzarekiko dagoen atxikimendua dela, maite den hizkuntza bat delako»

Zer harreman mota du ikastolak herriko beste eragileekin?

Elgoibarko Udalak Hezkuntza Mahaia dauka eratuta, eta hori herrian gauden hezkuntza formal eta informaleko eragile denok osatzen dugu. Horrek behartzen gaitu sistematikoki eragileak elkartzera, eta egitasmo bateratuak egiten ditugu. Orain, adibidez, kulturartekotasuna lantzeko proiektu batean sartuta gaude, eta abiapuntua Hezkuntza Mahaian egon da. Mahai horrek asko errazten du eremu formalak eta informalak elkarren berri izatea eta elkarrekin lan egitea. Ikastolan, bidea egiten saiatzen gara herriarekin batera.

Nola jaso zenuten iaz Kilometroen lekukoa?

Ilusio handiz, baina baita erantzukizun handiz ere. Nik ez nuen bizi izan, baina 1996an Elgoibarren antolatu zen. Nostalgia kutsu bat egon da. Bagenekien lan handia eskatzen zuela baina aukerak ere bazituela. Gure ikastola eta euskara proiektua herri osoarekin konpartitzeko aukera bat ere bada. Gure helburuetako bat komunitatea sendotzea da, eta Kilometroek komunitate osoa jarri dute lanean.

«Guretzat, Kilometroek bi helburu estrategiko zeuzkaten: euskararen erabilera bultzatzea eta komunitatea indartzea. Beraz, jasotzen dena bi helburu horiek garatzeko programak lantzeko izango da»

Zer moduz joan da urtea?

Sekulako lana egin du komunitateak, hau gutxi batzuek ezin dute-eta aurrera atera. Maratoi bat izan da. Urtea oso emankorra izan da, eta ilusio handia dugu eguna iristeko. Batetik, gauza berriak sortu dira; adibidez, ikasle batzordea. Ikasleak asko inplikatu dira abestian, koreografian, mural bat egin dute frontoian… eta urtero egiten genituen ekintzetan ere, hala nola pilota egunean, krosean eta ikastolaren egunean, Kilometroen izenean areagotu egin ditugu jarduerak, eta jende askok parte hartu du.

Komunitatea trinkotzeko balio izan duela esango zenuke?

Nik neuk maila pertsonalean ere antzeman dut. Zuzendaritzan bigarren urtea dut, eta jende berri asko ezagutzea ekarri dit: komunitatea hobeto ezagutzea, azken finean. Denok lanean jarri gaitu honek. Oso onuragarria izan da. Azken finean, gu baino askoz handiagoa den beste proiektu batek bere inguruan elkarlanean jarri gaitu. 

Jasotako dirua zertarako erabili asmo duzue?

Guretzat, Kilometroek bi helburu estrategiko zeuzkaten: euskararen erabilera bultzatzea eta komunitatea indartzea. Beraz, jasotzen den horren bidez bi helburu horiek garatzeko programak landuko ditugu. 

Zer eskainiko du Kilometroak egunak?

Festa handi bat izango da, eskaintza askokoa. Egitarau oparoa dauka, gustu guztietarako eta adin guztietarako egokitua. Euskararen aldeko festa bat da, eta elkarlanaren eta auzolanaren festa ere bada. Denak izango dira ongi etorriak euskararen eta auzolanaren festara, denon artean egiteko salto euskararen alde; leloak dioen bezala, Salto-saltoka.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.