Eusle eta saltari, euskararen erabilera sustatzeko

Elgoibarren euskararen erabilera apala dela ondorioztatu zuten Kilometroen lantaldean, eta, dakiten askok gehiago egin dezaketelakoan, eusle eta saltari rolak landu zituzten. Herasek eta Gonzalezek rol horiekin izan dituzten bizipenak azaldu dituzte.

Paula Heras eta Eneritz Gonzalez Uranga Elgoibar ikastolako gurasoek eusle eta saltari rolak hartu dituzte euskara sustatzen laguntzeko. GORKA RUBIO / FOKU
Paula Heras eta Eneritz Gonzalez Uranga Elgoibar ikastolako gurasoek eusle eta saltari rolak hartu dituzte, euskararen erabilera sustatzen laguntzeko. GORKA RUBIO / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
Elgoibar
2025eko urriaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararen erabilera urriak kezkatuta, Elgoibar ikastolan gogoeta egin zuten Kilometroen harira ekinaldiren bat martxan jartzeko. Gogoeta hartatik abiatuta, bi rol sortu zituzten: eusleak eta salto egiteko prest daudenak. Paula Heras eta Eneritz Gonzalez Uranga ikastolako guraso dira: lehenak eusle rola hartu du, eta saltoa egiteko gertu egon da bigarrena. Ekinaldi horrek elkartu ditu, aurretik ez baitzuten elkar ezagutzen. «Horrelako gauzek batzen gaituzte», esan du Gonzalezek.

Eusleak bidelagun dira: euskaraz jakin bai baina jarduteko zailtasunak dituztenen bidelagun, eusteko. Bestetik, salto egiteko prest daudenak daude; alegia, euskaraz jakin bai, baina ohartzen direnak euskaraz erraz egin arren oso ohikoa dutela gaztelaniarako joera. Gonzalezek rol hori hartu du, «euskarara salto egitekoa».

Herasek azaldu duenez, Kilometroak Elgoibarren egingo zituztela jakin zutenean sortutako lantaldeetan egin zen gogoeta, euskararen erabilera sustatzeko zer egin zitekeen: «Elgoibarren gertatzen dena da jende askok dakiela baina dakiten guztiek ez dutela egiten, eta hori ikastolan ere islatzen da». Galdetegi batzuk banatu zituzten, eta, askotan, figura bat sortzea eskatzen zen, euskaraz aritzeko konfiantza falta zutenei laguntzeko. Eusle rola ordurako martxan zen ikastetxe askotan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sortua baitu rol hori ikasleei euskaran murgiltzen laguntzeko. Horrenbestez, hori ikastetxeetatik kanpo ere sustatzea pentsatu zuten. 

%28

1991tik 2021era, %36tik %28ra jaitsi zen euskararen erabilera Elgoibarren, Eustat-en arabera.

Heras euskaldunberria da. Badaki zer den hizkuntza ohiturak finkatzeko orduan alboan eutsiko dizun norbait izatea. Gonzalezek, berriz, etxetik jaso du euskara, erraz jarduten du eta haren lehen bulkada eusle gisa izena ematea izan zen. «Baina gero, pentsatzen jarrita, konturatu nintzen ez nintzela euslea, erraz jotzen dut-eta erdarara, nagoen inguruaren arabera». Euskaraz egin ahal izanda ere eguneko hamaika egoeratan gaztelaniara jotzeko joera zeukala konturatu zenez, ondorioztatu zuen egokiagoa izango zela salto egiteko rola hartzea. «Inguruko denek euskaraz badakitela jakinez gero eta erdaraz arituz gero euskarara salto egitea izan da ariketa, konturatu bainaiz erdarara erraz jotzen dudala euskaraz erraz eginda ere; orduan, saiatu behar dut hain erraz ez jotzen erdarara».

«Konturatu naiz erdarara erraz jotzen dudala euskaraz erraz eginda ere; saiatu behar dut hain erraz ez jotzen erdarara»

ENERITZ GONZALEZ URANGA Saltaria

Ez ditu ezkutatu zailtasunak: «Batzuk deseroso ikusten dituzu: euskaraz jakinda ere, gaztelaniaz errazago moldatzen dena agian, eta zuk euskaraz eusten diozu, baina batzuetan gaztelaniara jotzea da errazena, biok gaztelaniaz badakigunez. Beraz, saltogile ez ezik, eusle ere banaiz batzuetan, deserosoa izan arren pixkanaka ohiturak aldatzea baita helburua, euskarari eusteko».

«Maitatzen ikasi»

Herasek ia hamazazpi urte daramatza Elgoibarren bizitzen, eta aitortu du asko lagundu diotela etxekoek, egin dituen lagun berriek eta bestek: «Gaur egun, euskaraz bizi naiz gurasoekin telefonoz ari ez banaiz, kanpotik etorria bainaiz. Nik lortu badut euskaraz bizitzea, inguruan izan ditudan horiek lagundu didatelako lortu dut, eta justu modu honetan lagundu didate, eutsiz. Amore eman gabe. Batuan eginez agian nik ulertzeko hobeto, pazientzia edukiz elkarrizketetan...». Uste du hori dela bidea, alboan jendea izatea euskaraz egiten lagunduko dizuna. Aitortu du bere bizitzako etapa honetan egin dituen lagunak ere euskaraz egin dituela, eta, beraz, ez duela hizkuntza ohitura aldatu behar izan. «Eta maitatzen ere ikasi dut».

Beraz, eusle rolaren garrantziaz jabetuta, berak rol hori hartzea pentsatu zuen, baina zailtasunak ere ikusi ditu: «Batzuetan, pentsatzen duzu: 'Baina nor naiz ni egoera horrela behartzeko?'. Saiatzen zara goxoa izaten, konfiantza ematen... baina batzuetan, bestea estu ikusten duzunean, edo presa baldin baduzu, enpatiaz, gaztelaniara jotzeko tentazioa izaten da, biok badakigunez gaztelaniaz; baina hori hain erraza da... Adi egotea da erronka».

Gonzalezek igarri du bilakaera izan duela urtean zehar: «Konturatu naiz taldean egon eta norbait euskaraz jakinda gaztelaniaz hasten bazen, nik euskaraz segituz gero, taldeak euskarari eutsi diola gero. Berez ez da hain zaila. Euskaraz segitzen baduzu jendeak eusten diola konturatu naiz. Beste gauza bat da euskara maila apala dutenekin, baina pazientzia eta denbora eskaini behar zaie, behar dute».

«Zu ahalegin handi bat egiten ari zara menperatzen ez duzun hizkuntza batean aritzeko, eta, aurrean duzunak badakiela jakinda, eskertzen da eustea»

PAULA HERAS Euslea

Herasek berretsi egin du: «Bai, zeren frustragarria izan liteke. Zu ahalegin handi bat egiten ari zara menperatzen ez duzun hizkuntza batean aritzeko, eta, aurrean duzunak badakiela jakinda, eskertzen da eustea». Ikasten ari zela izandako makuluez akordatu da: «Jende askok esaten zidan: 'Hara, ikasten ari zara, zein ondo'. Eta elkarrizketan segitzen laguntzen zidaten. Horrek beti izan beharko luke horrela, eta ez moztu».

Kilometroek aukera eman dute euskararen erabileraz gogoetatzeko eta komunitatea trinkotzeko, Gonzalezek eta Herasek adierazi dutenez. Datuez ere jabetu dira, badakitelako jende askok badakiela baina ez duela erabiltzen. Herasek ez du ulertzen zergatik gertatzen den hori: «Kanpotik etorrita, niri askoz ere guaiago iruditzen zait euskaraz egitea gaztelaniaz baino. Ez dut ulertzen euskaraz jakinda zergatik egiten den erdaraz. Ate asko irekitzen dizkizu». Gonzalezek uste du hizkuntzaren gutxiespena egon litekeela atzean, ustea egon litekeela ez dela hizkuntza hegemonikoen maila berekoa.

Behatzaileak

Urteak beta eman die gaiari buruz hausnartzeko. Besteak beste, antolatu eta modua egin dute behatzeko zein den euskararen erabilera. Horretarako, ordu eta toki jakin batzuetan behatzaile gisa aritu dira zenbait boluntario, Gonzalez tartean. Haien eginbeharra izan da herritarrak elkartzen diren ordu eta toki jakin batzuetan «belarria jartzea», euskararen erabileraren neurketa egiteko, Gonzalezek esan duenez.

Horretarako, boluntario talde horrek zenbait ezaugarriri buruzko datuak jaso ditu Excell-eko taula batean. Hainbat aldagai hartu dira kontuan, hala nola adina, sexua, elkarrizketan nor ari ziren, haurrak zeuden inguruan, ez zeuden... Emaitza ofizialik ez badago ere, Gonzalezek egindako landa lanetik zera ikusi du: «Ikusi dut guraso askok, euskaraz jakin arren, erdarara jotzen dutela; hori izan da nire inpresioa. Ikusi dut euskarara jotzeko joera agian handiagoa dela umeak aurrean daudenean».

Urteak emandakoari buruzko gogoeta egitean, ondorioztatu dute ez dela hain zaila euskaraz aritzea. Gonzalezek azaldu duenez, «bi keinu erraz eginda sekulako aldea lor liteke batzuetan; lor liteke lehen hitza euskaraz eginda hamar laguneko taldea euskarara ekartzea, adi egonda bakarrik. Ni ez naiz aditua, herritar xume bat naiz, baina ekimen erraz batekin lortuz gero talde bat euskaraz jartzea, denok egingo bagenu hori, pentsa zer lortuko genukeen».

Izan ere, azpimarratu dute jende asko dagoela jakin arren egiten ez duena. Adibide esanguratsu bat ekarri du Herasek: «15 urteko alaba daukat, eta ikasturte hasierako gurasoen talde bilera euskaraz egin zen. Ez zekienari aukera eman zitzaion itzultzailea jartzeko belarrian. Inork ez zuen premiarik izan». Gonzalezek berretsi du; berak LHko 3. mailan du haurra, eta haren guraso bileran ere ez zuen inork itzultzailea erabili: «Baina gero inor ez duzu entzuten parkean euskaraz, hori da kontua». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.