Maider Nuin: «Guretzat garrantzitsua da argi izatea nola hezi nahi ditugun gure ikasleak: euskara ardatz izanda»

Nuin pozarren dago euskaltzaleak Atarrabian batuko dituztelako urtean zehar landu dituzten bi ardatz nagusien inguruan: euskara eta euskal kultura sustatzea, eta proiektu solidarioen bidez elkartasuna jorratzea.

Maider Nuin, Paz de Ziganda ikastolako lehendakaria. AITOR KARASATORRE / FOKU
Maider Nuin, Paz de Ziganda ikastolako lehendakaria. AITOR KARASATORRE / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko urriaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maider Nuin (Iruñea, 1974) Paz de Ziganda ikastolako lehendakaria asebeteta dago ikastolak Nafarroa Oinez antolatzeko ardura hartu zuenetik egindako lana ikusita. «Euskara eta euskal kultura sustatu, eta proiektu sozialen bidez elkarlanean sakondu dugu», esan du. Bi ardatz horietan lanean segitzeko giharra sendotu dute Oinez urteari lotuta egin dituzten hamaika jarduerekin. Komunitate handia osatzen du Paz de Ziganda ikastolak. 1.200 ikasle, 780 familia eta 140 langile inguru dituzte. Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko eskaintza daukate, eta Nuin pozarren da lantaldeak urtean zehar egindako lanarekin.

Urtebete igaro da Nafarroa Oinez antolatzeko ardura hartu zenutenetik; egungo talaiatik, zer utzi dizue urteak?

Helburu hauek jarri genituen urtean zehar: euskara eta euskal kultura sustatzea, herrian lana egitea, proiektu sozialen bidez hartu-emana estutzea eta herriko eragileekin elkarlanean aritzea. Atzera begira, hogei jarduera baino gehiago egin ditugu, eta helburuak bete ditugula esango genuke.

Zer elkarterekin aritu zarete elkarlanean?

Adibidez, Mediterraneo itsasoan pertsonak erreskatatzen dituen itsasontziarekin, Aita Mari-rekin; edo Zaporeak-ekin, errefuxiatuei janaria ematen dien elkartearekin; Yala Nafarroa elkartearekin Palestinaren aldeko aldarria zabaldu dugu, eta Paris 365 jantoki sozialarekin ere aritu gara. Izan ere, kooperatiba bat garenez, gure eredua auzolana da. Gure seme-alabek hori ikusten dute.

Zer ekintza egin dituzue?

Adibidez, Paris 365 elkartea Iruñean errotuta dago, eta Paz de Ziganda ikastolatik urtero egiten dugu janari bilketa bat haientzat. Paris 365 elkartean janari beroa eskaintzen diete etxegabeei. Haiekin koordinatuta, behar dutena kontuan hartuta egiten dugu bilketa, eta jantokiari ematen diogu. Aurten elkartasun sare hori zabaldu dugu, eta bilketa ez dugu guk bakarrik egin, urtero legez, baizik eta Nafarroako hamabost ikastolen artean. Oso esperientzia polita izan da. Ikastola bakoitzak bildu ditu elikagaiak, eta gu arduratu gara hori banatzeaz.

Zure ustez, zer ekarpen egiten dio ikastolak Atarrabiari?

Atarrabian kokatuta gaude, baina Uharte eta Burlatarekin ere harremanetan gaude. Ikastolan hainbat talde ditugu euskara sustatzeko, edo gurasoen prestakuntzak egiteko, baina beste udaletako teknikariekin-eta harremanetan gaude, elkarlanerako. Beste hainbat elkarterekin ere bai; adibidez, Karrikaluzerekin. Euskara sustatzeko tailerrak antolatzen ditugu haiekin. Eta hori islatuko da Nafarroa Oinez-eko egitarauan ere, hainbat elkartek hartuko baitute parte, hala nola erraldoien konpartsak, euskara elkarteek... Herrian gertatzen denaren parte gara, eta parte izan nahi dugu. Euskara eta euskal kultura sustatzeko ekimenetan, hor gaude gu.

Izan ere, Paz de Ziganda ikastolak ia hirurogei urte beteko ditu. Nola sortu zen?

1970ean sortu zen. Aurten 55 urte egingo ditu. Paz de Zigandaren aurretik, Nuestra Señora de Uxue izeneko ikastola bat eratu zen Iruñean, 1965ean, eta hortik sortu ziren gero Paz de Ziganda eta San Fermin ikastolak. Gure izena Paz de Zigandaren omenez dator. Lehen emakume euskaltzaina izan zen Paz de Ziganda.

Baina ikastola ez da beti toki berean egon, ezta?

Hasieran Atarrabiako Dominikoen komentuan jarri zen ikastola, eta 1995 arte han egon ginen. Ni hango ikaslea nintzen, eta gogoan dut eraikin hura haiekin partekatzen genuela. Oso oroitzapen onak dauzkat aldi hartaz. Baliabide gutxi geneuzkan, baina ilusioa handia zen.

Nola oroitzen dituzu urte haiek?

Gogoan dut irakasleak oso inplikatuta zeudela. Material askorik ez geneukan, eta gutxinaka sortzen zuten. Oso gogoan ditut familiak ere, auzolanean zenbat lan egiten zuten. Adibidez, hirian zehar talde jolasak egiten genituen, eta hirian euskara barreiatzen ibiltzen ginen. Taldeko giro oso polita dut gogoan.

Izan ere, ikastola zen euskaraz ikas zitekeen toki bakarra, ezta?

Ez hori bakarrik. Sexu segregazioaren aurka egin zuen lehen ikastetxea izan zen, neska-mutilek elkarrekin ikasten genuen. Gure gurasoei askok esaten zieten nola zitekeen nahastea neskak eta mutilak ikastetxean. Ez ziren garai errazak izan; familia batzuek presioa jasan zuten horregatik ere. Garbi zuten, ordea, hura zela euskaraz bizitzeko modu, eta aurrera egin zuten. Horrez gain, auzolanaren balioa garatu zuten. Ikastolak kooperatibak gara. Eta guraso talde txiki haiek buruan zeukatena horixe zen: izaera kooperatibista hori, gurasoek ere erabakietan esku hartu ahal izateko, pedagogia berritzaileetan eta hezkidetzan oinarrituta. Gaur egun ere ildo horri jarraitzen zaio.

Lehen ikasle izan zinen, eta orain, guraso, beraz. Zein bilakaera ikusi diozu ikastolari?

Alde batetik, eraikina bera. Izan ere, 1995ean eraikin berri bat egin zuten, Dominikoak utzita. Eraikin berriak baliabide egokituagoak zituen. Bestalde, ikastolen elkartearen sarean gaude, eta haiei esker materialak, baliabideak eta proiektu pedagogiko landuak dauzkagu. Dena antolatuago dagoela esango genuke. Guretzat garrantzitsua da argi izatea nola hezi nahi ditugun gure ikasleak: euskara ardatz duen proiektu pedagogikoa da, baina euskaltzale konprometituak izatea eta ahoz zein idatziz euskaraz komunikatu ahal izatea ere garrantzitsua da guretzat. Hori gaur egun ez da hain erraza, nahiz eta euskaraz ikasi. Halaber, guretzat garrantzitsua da seme-alaba konprometituak izatea, ez bakarrik euskaltzaletasunarekin, baita jasangarritasunarekin eta elkartasunarekin ere. Horregatik gabiltza elkarlanean elkartasun taldeekin.

«Guretzat garrantzitsua da seme-alaba konprometituak izatea, ez bakarrik euskaltzaletasunarekin, baita jasangarritasunarekin eta elkartasunarekin ere. Horregatik gabiltza elkarlanean elkartasun taldeekin»

Urteari ginga jarriko diozue asteburuan. Zer moduz joan dela esango zenuke?

Lekukoa hartu genuenean, emozio asko sentituta hartu genuen, urduritasunez eta arduraz. Zangozak izugarrizko lana egin zuen iaz. Urtea ikusita, gainera, are miresmen handiagoa daukagu haiekiko. Gure kezka zen gure komunitateak erantzungo ote zuen, eta halaxe izan da. Komunitateaz gain, gurekin lanean aritu diren eragileei eta herritarrei ere eskerrak eman nahi dizkiegu.

Zer nabarmenduko zenuke Nafarroa Oinez-era deitzeko?

Astebururako egitaraua ondu dugu. Larunbatean bertan, Mantangorri tailerra, Karrikaluzekoekin antolatutako jarduerak, magoak, haur jolasak… hainbat ekintza izango dira Atarrabian. Eta iganderako gustu eta adin guztietarako egitaraua ontzen saiatu gara. Beraz, deia egin nahi dugu euskaltzaletasuna gozamenez sustatzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.