Hesi bati ateratako bi argazki handi daude Kutxa Fundazioaren Donostiako Artegunea aretoaren hondoko paretan. Oso antzekoak dira: burdinazko hesiaren zulotxoetatik pertsona baten silueta beltza antzeman daiteke, hesiari pega-pega eginda, beste aldea ikusi nahiko balu bezala. Hesiak AEBak eta Mexiko banatzen ditu. Muga hori da Alejandro Cartagena argazkilariaren lanen eszenatoki nagusietako bat. Eszenatoki haren gainean eraiki du bere zigilua: prekaritateak eta desoreka ekonomikoak zeharkatutako gizarte modernoari egindako argazkilaritza. Mapfre Fundazioak eta San Frantzisko Arte Modernoaren Museoak (AEB), Kutxa Fundazioak lagunduta, haren lanaren atzera begirako erakusketa antolatu dute, estreinakoz: Alejandro Cartagena: Ground Rules (Alejandro Cartagena: Oinarrizko arauak). Datorren urtarrilaren 17ra arte dago ikusgai.Â
Cartagena 1977an jaio zen, Santo Domingon (Dominikar Errepublika), baina 13 urte zituela Monterreyra (Mexiko) joan zen bizitzera. Shana Lopes erakusketaren komisarioaren arabera, lekualdatze horrek barneko zein kanpoko behatzailearen rolean jarri zuen, eta erdibideko puntu horrek definitzen du Cartagenaren lana. Dominikarraren argazkietan oso presente daude, adibidez, migrazioa, klima aldaketa eta langile klasea. Erakusketak argazkilariaren hogei argazki serie baino gehiago jasotzen ditu, eta bost ataletan dago banatuta: lehen lanak, AEBen eta Mexikoren arteko muga, etxebizitza eta azpiegitura, irudien moldagarritasuna eta klimaren krisia.
Deserrotzea, eustea eta eraldatzea
Aretoak U forma du. Sartu eta ezkerreko horman daude eskegita lehen ataleko lanak, artistaren lehen argazkiak. Hormaren mutur batean, Cartagenak heldua zenean Dominikar Errepublikara egindako bidaia batean ateratako argazkiak daude; palmondoak, zeru urdina eta familiaren etxea agertzen dira. Etxe barruko argazkiak gerriaren altueratik ateratakoak dira, ume baten ikuspuntutik eginak bezala. 2005eko eta 2006ko Turismo (Turismoa) eta Espacios habitables (Espazio bizigarriak) serietakoak dira, eta deserrotzeari buruz gogoetatzen dute.
Aretoan aurrera eginik, erdiko horman ikus daitezke AEBen eta Mexikoren arteko mugari buruzko ataleko argazkiak. Sarreran aipatutako bi argazkiek hesiari ematen diote protagonismoa. Alboan dauden beste bospasei argazkiek, berriz, hesiaren inguruko bizilagunei. Ama-alaba bikote bat, mugaldeko etxe bat eta hainbat haur; migratu ordez herrian geratzea erabaki duten bizilagunak dira, baina baita AEBetatik Mexikora lekualdatu den jendea ere. 2010eko hamarkadaren hasieran ondutako Invisible line (Lerro ikusezina) serieko argazkiak dira.

Erakusketako eskuineko horman, etxebizitza eta azpiegiturak lantzen dituen atalean, argazki mordoa dago. Mexiko iparraldeko herrietako urbanizazio prozesuak azaltzen dira: burdinazko zubi bat guztiz bukatu gabe naturaz inguratutako erreka baten gainean; mendi magalean bata bestearen atzetik eraikitako etxe zuri baxuak; edo errepide bazterrean irekitako Louis Vuitton luxuzko moda etxearen denda bat.
Atal beraren barruan, baina bigarren solairuan dago Cartagenaren lan ezagunenetako bat: 2011n eta 2012an egindako Carpoolers (Kotxea partekatzen dutenak) seriea. Urtebetez, argazkilaria Monterreyko errepide bateko zubi batera igo, eta azpitik pasatzen ziren kamionetei argazkiak atera zizkien. Hamarnaka argazki dira. Ibilgailuen atzeko zatian langileak ageri dira, nola deskantsatzen hala ezkutuan, lanera bidean. Argazkiekin lan prekaritatea eta garraio publikoaren eskasia erakutsi nahi izan zituen artistak.

Kamioneten argazkien alboan dago erakusketako laugarren atala: klima aldaketaren eragina. Hamabost bat argazkitan, argazkilariak 2010eko Alex urakanak utzitako kalteak jaso zituen, dela erditik hautsitako zubi bat, dela errepide amildu bat. Komunikabideen irudiak ere gehitu zituen bilduma horretan, ikusarazteko zer-nolakoa den hedabideen eragina hondamendi baten kontakizunean.
Bukatzeko, kontrastean, solairu horretako erdiko hormaren bueltan daude, ziurrenik, argazkirik emozionalenak. Erakusketaren azken atalak oroimena eraikitzeko ahalmenean sakontzen du. Argazki zaharrak dira, horixkak, eta bertan ageri diren pertsonei aurpegia moztu die argazkilariak. Hala, albumenen oroitzapen funtzioa ezabatu, eta Hego Ameriketako desagerpenei buruzko metafora egiten du. 2018ko Photo Structure (Argazkien egitura) serieko argazkiak dira.Â
Eraikitako errealitatea
Erakusketaren aurkezpenean, argazkilariak azaldu zuen berarentzat ez zegoela «une aproposik» argazkiak ateratzeko. Nahiago du «errepikapenean, aniztasunean eta erritmoan» oinarritutako argazki serieak egin enkoadraketa jakin batean itsutu baino.
Cartagenak nabarmendu zuen, halaber, argazkilaritza subjektiboa dela: «Normalizatu egin dugu eta engainatuak izan gara, argazkia ez baita errealitatea». Hain justu, Cartagenak collage estiloarekin egin ditu azken lanak, beste elementu batzuekin batera, eta aparteko errealitate bat eraikitzeari bidea eman.