Orioko itsasaldeko portuan erdi hondoratuta dago Gure Gaskuña itsasontzia irailaren 24an su hartu zuenetik. Bada, deposituan zeraman erregaia ateratzeko lanak amaitu dituztela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Guztira 18.900 litro gasolio atera dituzte. Orain, itsasontziaren jabeek hura kentzeko aurkezturiko plana aztertzen ari da Jaurlaritza.
Erregai guztia kentzea «urrats garrantzitsua» izan dela nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren zuzendari Koldo Goitiak. Itsasoa ez kutsatzeko prebentzio neurriak hartu dituzte, eta egingo duten hurrengo urratsa itsasontzia kentzea izango da. Goitiak azaldu duenez, «ahalik eta azkarren» erabakiko dute noiz eta nola egin. «Gure helburua da lanak beharrezko segurtasun berme guztiekin eta ingurunea babestuz egitea».
Azken egunetan, oriotarrak kexu agertu dira, bai suteak izandako ondorioengatik eta bai egoera kudeatzeko moduagatik. Asteazkenean, hain zuzen, Orioko Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion «lehenbailehen» konpondu zezala Gure Gaskuña itsasontziaren egoera. Larunbatean, berriz, Orioko surf taldeak elkarretaratze bat egin zuen, eta eskaera berbera plazaratu.
«Itsasontzia oraindik hemen dago sei asteren buruan, eta isuriak izan dira azken astean. Gasolio kirats eta orban artean ibili behar izan dugu surf egiten dugunok, bainatzera etorri direnek, eta urpeko arrantza egin dutenek». Hori esan zuen Orioko surf taldeko ordezkari batek. Horrez gain, nabarmendu zuten egoera ezin dela gehiago luzatu, eta urak garbi nahi dituztela «lehenbailehen».

Surf taldeko kideen ustez, arduradunek hobeto eta azkarrago kudea zezaketen egoera. Gainera, txartzat jo dute Eusko Jaurlaritzak isurien inguruan ezer ez esatea ere. Dena den, azaldu zuten elkarretaratzearen helburua ez zela errudunei erreparatzea, egoera konpondu behar dutenei ardura eskatzea baizik.