Amaitu dituzte 'Gure Gaskuña' itsasontzitik erregaia erauzteko lanak

18.900 litro gasolio atera dituzte Orion irailean erretako ontzitik, eta Jaurlaritza hori erretiratzeko plan bat aztertzen ari da. Herritarrek azken egunetan eskatu dute egoera «lehenbailehen» konpontzeko.

Itsasontziak izandako sutea, irailaren 24an, Orion. IDOIA ZABALETA / FOKU
Itsasontziak izandako sutea, irailaren 24an, Orion. IDOIA ZABALETA / FOKU
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko azaroaren 9a
14:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orioko itsaso aldeko portuan erdi hondoratuta jarraitzen du irailaren 24an su hartu zuen Gure Gaskuña itsasontziak. Ondarroakoa (Bizkaia) da hori, eta erre zen unean gasolioa zeraman. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ostiralean jakinarazi zuenez, amaitu dituzte ontzitik erregaia erauzteko lanak. Guztira 18.900 litro gasolio atera dituzte. Orain, itsasontzia erretiratzeko haren jabeak aurkezturiko plana aztertzen ari da Jaurlaritza. 

Erregai guztia erauztea «urrats garrantzitsua» izan dela nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzeen zuzendari Koldo Goitiak. Itsasoa kutsatzea saihesteko prebentzio neurriak hartu dituzte, eta emango duten hurrengo urratsa itsasontzia erretiratzea izango da. Goitiak dio «ahalik eta azkarren» emango dutela erantzuna. 

«Gure helburua da lanak beharrezko segurtasun berme guztiekin eta ingurunea babestuz egitea», adierazi du Goitiak. Hala ere, azken egunetan oriotarrak kexu agertu dira, suteak utzitako ondorioengatik eta egin den kudeaketagatik.

Elkarretaratzea larunbatean

Pasa den asteazkenean, Orioko Udalak eskatu zion Eusko Jaurlaritzari «lehenbailehen» konpontzeko Gure Gaskuña itsasontziaren egoera. Larunbatean, berriz, Orioko surf taldeak elkarretaratze bat antolatu zuen, eta eskaera berbera egin zuten. 

«Itsasontziak hemen jarraitzen du sei aste igaro ondoren, eta isuriak izan dira azken astean. Gasolio kirats eta orban artean ibili behar izan dugu surf egiten dugunok, bainatzera etorri direnek, eta urpeko arrantza egin dutenek». Hori esan zuen Orioko surf taldeko ordezkari batek. Horrez gain, nabarmendu zuten egoera ezin dela gehiago luzatu, eta urak garbi nahi nahi dituztela «lehenbailehen».

'Gure Gaskuña' itsasontziaren egoera salatzeko egindako elkarretaratzea, larunbatean, Orion. ORIOKO SURF TALDEA
'Gure Gaskuña' itsasontziaren egoera salatzeko egindako elkarretaratzea, larunbatean, Orion. ORIOKO SURF TALDEA

Surf taldeko kideen ustez, arduradunek kudeaketa hobea eta azkarragoa egin zezaketen. Isurien inguruan Eusko Jaurlaritzak ezer esan ez izanagatik ere kritiko agertu ziren. Dena den, azaldu zuten elkarretaratzea ez zela errudunak bilatzeko, egoera konpondu behar dutenei ardura eskatzeko baizik.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA