Azpeitiko (Gipuzkoa) Elmubas Iberica pentsu ekoizleko langileek ez dute sindikatuen ordezkaritza propiorik izan 2026ra arte, ezta enpresa hitzarmenik ere —orain arte sektoreko Espainia mailako hitzarmena ezarri zaie—. Bada, gaur sinatu du ELAk enpresa horretako lehenbiziko hitzarmena, eta neurri batean akordio berritzailea da: soldatak igotzeaz eta lanorduak murrizteaz gain, euskara ikasteko eskubideak «nabarmen hobetuko» dira, sindikatuaren esanetan. Izan ere, euskara ikasi nahi duten beharginek irakasleekin eta lanaldiaren barruan ikasi ahal izango dute.
«Euskara ikastea ezin da izan bakoitzaren denbora librearen edo baliabide ekonomikoaren araberakoa», adierazi du ELAk. Horrez gain, euskararekin lotutako beste zenbait neurri ere ezarriko ditu hitzarmenak: euskaldunak kontratatzea lehenetsiko du enpresak, bilerak euskaraz egin ahal izango dira eta langileek dokumentazioa euskaraz eskatu ahal izango dute.
Soldaten igoera
Euskarako ikasteko eta sustatzeko erraztasunez gain, soldaten igoera eta lanorduen murrizketa ere ekarriko ditu hitzarmenak. Soldatei dagokionez, ELAk jakinarazi du diru sarrera txikienak dituzten langileei KPIa eta hilean ehun euro igoko dietela soldata; gainontzekoei, berriz, soldataren arabera, KPIa eta %2 edo %3 igoko diete.
Lanordua murriztea ere jasotzen du akordioak —sindikatuak ez du zehaztu zenbat—, «langileen osasuna hobetzeko eta lana eta bizitza pertsonala uztartzea errazteko». Esaterako, enpresak ordainduko die fisioterapia zerbitzua.
Elmubas Iberican txakurrentzako eta katuentzako pentsu lehorra ekoizten dute, eta Azpeitikoa da sektoreko Europako plantarik handiena: 220 beharginek egiten dute lan.Â