Basozaindariak abiarazi dute, herritarrak basoen zaintzan inplikatu daitezen

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Basotik fundazioak eta Real Sociedad fundazioak jarri dute martxan egitasmoa. Lau ekimen parte hartzaile aurkeztu dituzte, eta bostehun herritar mobilizatu nahi dituzte guztira.

Ainara Muga, Xabier Arruti eta Jon Ander Ostolaza, gaur, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Ainara Muga, Xabier Arruti eta Jon Ander Ostolaza, gaur, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko urriaren 1a
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste proiektu bat aurkeztu du Basotik fundazioak: Basozaindariak. Eta, proiektu horrekin batera, hainbat ekintzaren berri ere eman du, eta herritarren esku jarri. Gipuzkoako basoak zaintzeko lankidetza sare parte hartzaile bat sortzea da Basotik fundazioaren helburua. Real Sociedad fundazioak ere parte hartu du proiektu horretan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen Basotik fundazioa, basoen kudeaketa iraunkorra bermatzeko eta abandonatuta gera daitezen eragozteko asmoz. Eta xede hori bera berretsi du aldundiak gaur zabaldutako oharrean: «Gipuzkoako basoen pate handi bat abandonatuta dago gaur egun, eta egoera horrek zaintza, hobekuntza eta kontserbazio jarduera jarraituak eskatzen ditu, biodibertsitatea sustatzeko, baso eremuak lehengoratzeko eta ekosistema horiei eragiten dieten erronkei erantzuteko».

Eta behar horietako batzuei erantzun nahi die Basozaindariak egitasmoak, basoen zaintzan parte hartzera bultzatuz herritarrak. Hala azaldu du aurkezpenean Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak: «Gure basoen etorkizunak kudeaketa aktiboa behar du, baina baita gizartearen inplikazioa ere. Basozaindariak-en moduko ekimenen bidez herritarrei aukera ematen diegu basoen zaintzan zuzenean parte hartzeko, egiten den lana ezagutzeko eta gure baso ondarearekin duten lotura indartzeko».

Ildo beretik jo du Jon Ander Ostolaza Basotik fundazioko gerenteak: «Basozaindariak-ek basoaren zaintza herritarrengana hurbiltzen du. Ekintza bakoitzaren atzean behar eta helburu tekniko eta ekologiko jakin bat egongo da, eta parte hartzaileek profesionalen laguntzarekin jardungo dute. Ez da soilik basora joatea: basoak zer behar duen ulertzea da».

Lau ekintza antolatu dituzte 2026-2027 ekitaldirako: habiak jartzea hegaztientzako babeslekuak handitzeko, basoak eta ibaiak garbitzea, erleen eta beste polinizatzaile batzuen bizitokia hobetzea eta landaketa handi bat. Lehen hiru ekintzetan 50 pertsonak parte hartzea aurreikusten dute, eta laugarrenerako 350 lagun espero dituzte, hau da, bostehun toki eskainiko dituzte guztira. Lehen ekintza habiak jartzea izango da, eta azaroaren 15ean egingo dute.

Real Sociedad fundazioak ere parte hartu du proiektuan, hura indartzeko asmoz. «Real Sociedad fundazioarentzat pozgarria da programa hau Basotik-ekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera garatu ahal izatea, gure inguru naturalarekiko dugun konpromisoan aurrera egiteko aukera ematen baitigu, berau indartzen duten dinamikak bultzatuz eta, aldi berean, Gipuzkoako biztanleei Basozaindariak programaren esparruan egingo diren jardueretan parte hartzeko aukera eskainiz», adierazi du Ainara Mugak, Reala futbol klubaren fundazioko proiektu arduradunak.

Jarduera bakoitzaren deialdia egingo dutela argitu dute, eta orduan jakinaraziko dituztela data, kokapena, parte hartzeko baldintzak eta izen ematearen nondik norakoak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA