Bergara tentsio handiko eremu izendatu dute

Hiru urtez izango da etxebizitza alorrean tentsio handiko eremu. Izendapen hori jaso duen Gipuzkoako hamalaugarren udalerria da.

Bergarako argazki bat. BERGARAKO UDALA
Bergarako argazki bat. BERGARAKO UDALA
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko azaroaren 3a
13:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bihartik 2029ko azaroaren 4ra bitartean, tentsio handiko eremua izango da Bergara. Izan ere, gaur goizean «bizileku merkatuko tentsio handiko eremu» izendatu dute Gipuzkoako udalerri hori Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean, Bizkaiko Sopelarekin eta Urdulizekin batera. Hiru urtez izendatu dute tentsio handiko udalerri; hala ere, luzatzeko aukera izango da, baldin eta izendapena emateko baldintzek bere hartan irauten badute. 

Gipuzkoan tentsio handiko eremua izendatu duten hamalaugarren udalerria da Bergara. Haren aurretik, Errenteria, Zumaia, Lasarte-Oria, Irun, Donostia, Astigarraga, Usurbil, Hernani, Tolosa, Lezo, Arrasate, Pasaia eta Zestoa izendatu zituzten.

Tentsio handiko eremuaren izendapena Espainiako 12/2023 Etxebizitza Eskubidearen Legean agertzen da. Horren bitartez, neurri ezohikoak eta espezifikoak aplikatu daitezke, etxebizitza eskuratzea errazteko. 

Beste 1.123 etxe

Albistea jakin ostean, Bergarako Udalak ohar bat zabaldu du. Bertan azaldu du udalerriko HAPO hiri antolamendurako plan orokorrean beste 1.123 etxebizitza aurreikusi dituztela guztira; horietatik, 291 babes ofizialeko etxebizitzak izango dira, eta 448 tasatuak. Horrez gain, erakundeak dio planean aurreikusi dutela 790 etxebizitza huts mobilizatzea, eta eskaintza berria sortzeko lonjak, baserriak eta «etxebizitza handiak» baliatzea.

«Bergarak alokairu babestura bideratuko ditu etorkizuneko bizitegi garapenak», nabarmendu du udalak. Tentsio handiko eremu izendatu ondoren, erakundeak azaldu du helburua dela etxea eskuratzeko bidea erraztea, eta herritarrek —batez ere alokairuan bizitzeko etxe bila dabiltzanek— dituzten zailtasunei erantzuna ematea. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA