Bergara tentsio handiko eremu izendatu dute

Hiru urtez izango da etxebizitza alorrean eremu tentsionatu. Izendapen hori jaso duen Gipuzkoako hamalaugarren udalerria da.

Bergarako argazki bat. BERGARAKO UDALA
Bergarako argazki bat. BERGARAKO UDALA
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko azaroaren 3a
13:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bihartik 2029ko azaroaren 4ra bitartean, tentsio handiko eremua izango da Bergara. Izan ere, gaur goizean «bizileku merkatuko eremu tentsionatu» izendatu dute Gipuzkoako udalerri hori Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean, Bizkaiko Sopelarekin eta Urdulizekin batera. Hiru urtez izendatu dute tentsio handiko udalerri; hala ere, luzatzeko aukera izango da, baldin eta izendapena emateko baldintzek bere hartan irauten badute. 

Gipuzkoan tentsio handiko eremua den hamalaugarren udalerria da Bergara. Haren aurretik, Errenteria, Zumaia, Lasarte-Oria, Irun, Donostia, Astigarraga, Usurbil, Hernani, Tolosa, Lezo, Arrasate, Pasaia eta Zestoa izendatu zituzten.

Tentsio handiko eremuaren izendapena Espainiako 12/2023 Etxebizitza Eskubidearen Legean agertzen da. Horren bitartez, ezohikoak eta espezifikoak diren neurriak aplikatu daitezke, etxebizitza eskuratzea errazteko. 

1.123 etxebizitza berri

Albistea jakin ostean, Bergarako Udalak ohar bat zabaldu du. Bertan azaldu du udalerriko HAPO hiri antolamendurako plan orokorrak 1.123 etxebizitza berri aurreikusten dituela guztira; horietatik, 291 babes ofizialeko etxebizitzak izango dira, eta 448 tasatuak. Horrez gain, erakundeak dio planak aurreikusten duela 790 etxebizitza huts mobilizatzea, eta eskaintza berria sortzeko lonjak, baserriak eta «tamaina handiko» etxebizitzak baliatzea.

«Bergarak alokairu babestura bideratuko ditu etorkizuneko bizitegi garapenak», nabarmendu du udalak. Tentsio handiko eremu izendatu ondoren, erakundeak azaldu du helburua dela etxebizitzarako sarbidea hobetzea, eta herritarrek —batez ere alokairuko etxebizitza bilatzen dutenek— dituzten zailtasunei erantzuna ematea. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA