Sanferminetako lehen egunean sei salaketa egin dituzte eraso sexistei buruzko informazio gunean, Iruñeko Gazteluko plazan. Salaketen artean bost ukituak jasateagatik egin dira, eta beste bat, irainak jasateagatik. Iruñeko Udalak ohar baten bidez adierazi duenez, ukituak egitea egotzita salatu dituzten bost lagunetatik bi atxilotu dituzte, hain zuzen, salaketak jarri ostean.
Sanferminetan, Gazteluko plazako informazio gunea jarri dute martxan, eraso sexistak jasan dituzten edo jasan ditzaketen emakumeei arreta eta informazioa emateko. Bertan, profesional espezializatuek artatzen dituzte emakumeak, eta, behar izanez gero, udalaren arreta eta laguntza protokoloa aktibatzen dute.
Dena den, lehen egunean profesional taldeak ez du protokoloa aktibatu behar izan. Udalaren arabera, informazio guneak arreta konfidentziala eskaintzen du, eta emakumeek anonimotasunez jaso dezakete laguntza nahiz informazioa, hala eskatuz gero.
76 urteko atxilotu bat
Hondarribian (Gipuzkoa), berriz, 76 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, Santiago Bidea egiten ari ziren emakumeei sexu erasoak egitea egotzita. Poliziak adierazi duenez, gizonak bakarrik zeuden emakumeekin hitz egiten hasten zen eta haien baimenik gabe musu ematen zien, eta ukituak egin. Joan den astean jaso zuten lehenbiziko salaketa: emakume batek adierazi zien Santiago Bidea egiten ari zela, eta Hondarribia inguruan gizon batekin topo egin zuela; harekin mintzatu eta gero gizona musukatzen hasi zitzaion, emakumeak ihes egitea lortu zuen arte.
Ikerketa abiatu zuten, eta gutxienez beste sei kasuren berri izan zuten. Polizia eraso guztiak gertatu ziren lekura joan zen, eta gizona emakume bat erasotzen saiatu zela ikusita, han bertan atxilotu zuten.

