Burujabetza eske elkartu dira 180 alkate inguru Bergaran

Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Bergarako Alkate Mugimenduaren 50. urteurrena oroitzeko, Bergaran bildu dira Euskal Herri osoko herri erakundeetako ordezkariak, EAJk eta EH Bilduk egindako deialdian.

Herri erakundeetako ordezkarien ekitaldia gaur, Bergaran. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Herri erakundeetako ordezkarien ekitaldia gaur, Bergaran. ENDIKA PORTILLO / FOKU
nerea intxausti
2026ko uztailaren 19a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herri osoko 180 bat herritako alkate, zinegotzi eta herri erakundeetako ordezkariak bildu dira gaur Bergarako Usondo parkean (Gipuzkoa). Biribil bat osatu dute aulkietan eserita, eta ekitaldi instituzionala egin dute foruen desegitearen 150. urteurrena eta Bergarako Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena oroitzeko.

Ekitaldian, Klara Badiolaren off-eko ahotsak gogorarazi du nola bildu ziren Euskal Herriko udal ordezkariak Bergaran 1976ko uztailaren 21ean, frankismoaren amaieran. Foruen deuseztapenaren mendeurrena gogoratu zuten orduan ere —1876ko uztailaren 21ean gertatu baitzen—, eta baita autogobernuaren aldeko aldarria berritu ere. Asmo hori bera izan dute gaurko ekitaldian ere, 50 urte geroago. Autogobernua berritzeko eta erabakitzeko konpromisoa berretsi dute EAJko eta EH Bilduko ordezkariek. Euskal lurraldeen eskubide historikoak aldarrikatu dituzte, eta hitzeman dute «subiranotasun eremuak gaur egunera eta etorkizunera proiektatzen» segituko dutela. 

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi du buru-belarri segituko dutela lanean «euskal herritarren etxe komuna» eraikitzen: «Foruen abolizioaren ondorioz gure herriak jasandako injustizia gogoratzearekin bat, aldarrikatu nahi dugu euskal lurraldeoi dagokigula geure burua gobernatzeko eskubidea, autogobernu hori etenik gabe berritzeko eta garatzeko eskubidea».

Duela 50 urte Alkateen Mugimenduaren sorreran giltzarri izan zirenei omenaldia ere egin diete. Bergaran izan dira, hain zuzen, garai hartako bost alkate: Jose Luis Elkoro —Bergarako alkatea zen, eta berak deitu zuen 1976ko ekitaldira—, Luis Mari Ajuriagerra —Otxandioko (Bizkaia) alkatea zen orduan—, Jose Antonio Altuna —Arrasateko (Gipuzkoa) alkate ohia—, Javier Errazti —Eskoriatzako (Gipuzkoa) alkatea izandakoa— eta Ramon Lopetegi —Belauntzako (Gipuzkoa) alkate ohia—. 

(ID_16295743) (Endika Portillo/@FOKU) 2026-07-19. Bergara
Alkateen Mugimenduaren sortzaileei egindako omenaldia, Bergaran. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Mendozak alkate ohiei adierazi die herri eskubideen alde egiteko «katebegi sendoa» izan zirela oso garai konplexu batean. Azaldu du herri erakundeen egitekoa dela «indartzea» eta «euskal lurraldeen autogobernua zabaltzea». Horretarako, uste du ezinbestekoa dela memoria gorde eta zaintzea, eta belaunaldi berriei memoria hori transmititzea. 

Gorka Artola Bergarako oraingo alkateak bertaratutakoen batasuna azpimarratu du, «kolore politiko ezberdinetatik» etorri arren. Nabarmendu du herritarren ongizatea hobetzea dela denen asmoa, eta erantsi, neurri handi batean, horixe zela 1976an alkate ziren haien helburua ere: «Aniztasunetik, herri baten etorkizuna eraikitzeko borondatea» zutelako. Eta horretarako, adierazi du Euskal Herriak beharrezkoa duela autogobernu eta burujabetza handiagoa, «etorkizuna herritarren borondate demokratikoaren arabera antolatzeko».

Zumitzak eta makilak

Ekitaldia hasi baino lehen, desfile bat egin dute denek. Herri bakoitzeko bi ordezkari joan dira: alkateek euren aginte ikurrak zituzten eskuan —zumitzak eta makilak, batez ere—, eta udal bakoitzeko oposizioko ordezkariek herri bakoitzeko banderak. Segiziora batu dira, era berean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusietako eta aldundietako kideak, baita Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak ere. Atzetik joan dira Eider Mendoza eta Gorka Artola, hitzorduaren antolatzaileak.

Ekitaldi instituzionala baino lehen, herri ordezkariek egindako desfilea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ekitaldi instituzionala hasi baino lehen herri ordezkariek egindako desfilea. ENDIKA PORTILLO / FOKU

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA