Berrehun bat alkate, zinegotziak eta Euskal Herriko herri erakundeetako ordezkariak bildu dira gaur Bergarako Usondo parkean (Gipuzkoa). Borobil bat osatu dute horiek guztiak eseri diren aulkiek, eta ekitaldi instituzionala egin dute Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Bergarako Alkate Mugimenduaren 50. urteurrena oroitzeko.
Ekitaldian zehar, Klara Badiolaren off-eko ahotsak gogorarazi du nola bildu ziren Euskal Herriko udal ordezkariak Bergaran 1976ko uztailaren 21ean, frankismoaren amaieran. Foruen abolizioaren mendeurrena gogoratu zuten –1876. urtean izan zen–, eta baita autogobernuaren aldeko aldarria berritu ere. Asmo hori bera dauka gaurko ekitaldiak ere, 50 urte beranduago. Autogobernua berritzeko eta erabakitzeko konpromisoa berretsi dute EAJk eta EH Bilduko ordezkariek. Euskal lurraldeek eskubide historikoak aldarrikatu dituzte, eta hitz eman dute «subiranotasun eremuak gaur egunera eta etorkizunera proiektatzen» segituko dutela.
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi du buru-belarri segiko dutela lanean «euskal herritarren etxe komuna» eraikitzen: «Foruen abolizioarekin gure herriak jasandako injustizia gogoratzearekin bat, aldarrikatu nahi dugu euskal lurraldeoi dagokigula gure burua gobernatzeko eskubidea, autogobernu hori etenik gabe berritzeko eta garatzeko eskubidea».
Duela 50 urte Alkate Mugimenduaren sorreran giltzarri izan zirenei omenaldia ere egin diete. Bergaran izan dira, hain zuzen, bost alkate ohi: Jose Luis Elkoro –Bergarako alkatea zen, eta berak deitu zuen 1976ko ekitaldia–, Luis Mari Ajuriagerra –Otxandioko alkatea zen orduan–, Jose Antonio Altuna –Arrasateko alkate ohia–, Javier Errazti –Eskoriatzako alkatea izandakoa– eta Ramon Lopetegi –Belauntzako alkate ohia–.

Mendozak alkate ohiei aitortu die herri eskubideen alde egiteko «katebegi sendoa» izan zirela oso momentu konplexu batean. Adierazi du herri erakundeen egitekoa dela «indartzea» eta «euskal lurraldeen autogobernua zabaltzea». Horretarako, uste du ezinbestekoa dela memoria gorde eta zaintzea, eta belaunaldi berriei memoria hori transmititzea.
Gorka Artola Bergarako alkateak bertaratutakoen batasuna azpimarratu du, «kolore politiko ezberdinetatik» etorri arren. Nabarmendu du herritarren ongizatea hobetzea dela denen asmoa eta, erantsi, neurri handi batean, horixe zela 1976an alkate ziren horien helburua ere: «Aniztasunetik, herri baten etorkizuna eraikitzeko borondatea». Horretarako, adierazi du beharrezkoa duela Euskal Herriak autogobernu eta burujabetza handiagoa, «etorkizuna herritarren borondate demokratikoaren arabera antolatzeko».
Zumitzak eta makilak
Ekitaldia baino lehen, desfile bat egin dute denek. Herri bakoitzeko bi ordezkari joan dira: alkateek euren aginte ikurrak zituzten eskuan –zumitzak eta makilak, batez ere–, eta udal bakoitzeko oposizioko ordezkariek herri bakoitzeko banderak. Segiziora batu dira, era berean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako eta Aldundietako, Eusko eta Nafarroako legebiltzarretako, Eusko Jaurlaritzako eta Nafar Gobernuko ordezkariak. Atzetik joan dira Eider Mendoza eta Gorka Artola, hitzorduaren antolatzaileak.
