Donostiako Herrera auzoko Herripe auzo elkarteak elkarretaratze bat egingo du etzi, 19:00etan, udaletxearen aurrean. Izan ere, Herripek dio Herrerako bizilagunak «bazterturik» daudela, eta nabarmendu du udalari dagokiola egoera hori konpontzeko irtenbideak proposatzea, «lehenbailehen», gainera, eta horiek auzokideekin aztertzea, «inposiziorik gabe». Auzo elkarteak «begirunea» eskatu du: «Herrerako bizilagunok pairatzen ditugun arazoei eta gabeziei lehenbailehen irtenbidea emateko, udal gobernuaren begirunea eta arreta eskatzen ditugu». Elkarteak adierazi du udal gobernuak ez diola «begirunerik» Herrerari eta bertako bizilagunei, eta udalaren «utzikeria nabarmena» salatu du. «Duin bizitzea merezi dugu».
Herrera auzoan gaur egun zer arazo dituzten azaldu du Herripe elkarteak. Adierazi du fabrika «ugari» itxi direla, eta Donostiako Udalak fabrika horiekin egin asmo duena kritikatu: «Orubeak auzoa berrindustrializatzeko eta berroneratzeko erabili beharrean, udalak etxebizitzak eraikitzea baino ez du proposatu». AL05 Jolastekieta izeneko proiektu bat egin nahi du udalak Herrera eta Altza auzoetan; haren bitartez, ehunka etxebizitza eraiki nahi dituzte.
Proiektu hori «gehiegikeria urbanistikotzat» jo du auzo elkarteak, eta azpimarratu «kaltegarria» izango dela auzoarentzat; besteak beste, trafikoa ugaritu egingo dela haren ondorioz, eta inguruarekiko lotura «desegokia» izango dutela. Herripek ere esan du udalak ez duela auzoko bizilagunekin hitz egin proiektuaren inguruan, eta Jon Insausti alkateak espero duela azaroan proiektua «behin-behinean» onartzea.
Auzoan dauden hainbat fabrika abandonatu «bizileku negargarri» bilakatu direla ere salatu du elkarteak. Duela bi urtetik, «dozenaka pertsona» bizi dira fabrika horietan; kontatu dutenez, «onargarriak ez diren baldintzetan». Izan ere, azaldu dute argirik eta urik gabe egoten direla, eta arratoiak eta zaborra daudela fabriketan. Horrez gain, elkarteak salatu du arazo ugari sortu direla auzoan, «segurtasun gabezia» nabaritzen dutela, eta «ezinegon eta sumindura handia» dagoela bizilagunen artean. «Elkarbizitza berreskuratu nahi dugu», adierazi dute.
Udalarekin kritiko agertu da elkartea: «Udal gobernuak du egoera makur eta bidegabe honen erantzukizuna, fabriken jabeei eremua hondatzen utzi baitie. Ez ote du hori egin, auzoko bizilagunen artean etsipena zabaltzeko, eta egitasmoa bere horretan onar dezagun?».
Aipaturikoaz gain, Herripek salatu du Herreran berdegune gutxi daudela, osasun eta kultura baliabideak falta direla, irisgarritasun arazo handiak dituztela, eta Herrerako begiratokiko komun publikoa matxuratuta dagoela «aspalditik».
Bizilagunek esandakoa «gutxietsi»
Herripe auzo elkarteak ohartarazi du ez dela lehen aldia auzoko arazo horien berri ematen duena; izan ere, adierazi du sarritan jakinarazi dizkiola eragozpen horiek Donostiako udal gobernuari, eta horiek konpontzeko proposamenak «etengabe» egin; dena den, elkarteak dio udalak «gutxietsi» egin duela auzoko bizilagunek esandakoa, «gehiegitan» gutxietsi ere.
Etzi egingo duten elkarretaratzea ez da aurtengo lehenengoa izango; ekainean elkarretaratze bat egin zuten Donostiako udaletxearen aurrean, eta oraingo eskaeren antzekoak egin orduan ere. Herripek esan du ekaineko elkarretaratzetik hona «albiste on bat» izan dutela: Herrerako tren geltokiko igogailu berria martxan dagoela, ia bi urteren ostean. Dena den, salatu dute hura martxan jarri behar zutenek «utzikeria nabarmenez» jokatu dutela.