Donostiako Udalak 502 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du 2027rako, %1,2 handiagoa

Mantentze lanetarako jarri nahi dute diru gehien, 111,5 milioi euro, eta zerbitzu sozialen aurrekontua ere %8,9 handitzea proposatu dute. «Orain hiria txukuntzea egokitzen zaigu, eta herritarrak zaintzea», esan du Insausitik.

Kerman Orbegozo, Jon Insausti eta Ane Oiarbide, gaur, 2027rako aurrekontuen aurkezpenean. DONOSTIAKO UDALA
Kerman Orbegozo, Jon Insausti eta Ane Oiarbide, gaur, 2027rako aurrekontuen aurkezpenean. DONOSTIAKO UDALA
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko irailaren 17a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Udalak datorren urterako aurrekontu proiektua aurkeztu du. 502 milioi euroko aurrekontua proposatu du, aurtengoa baino %1,2 handiagoa. Inoizko handiena da. Bereziki nabarmendu dute gastu sozialetara bideratuko duten aurrekontua: 43,5 milioi euro izatea proposatu dute, aurten baino %8,9 gehiago, eta 2025ean baino %17,1 gehiago.

Hala ere, mantentze lanetarako jarriko du Donostiako Udalak diru gehien: 111,5 milioi euro (+%7,8). Gainera, 38,8 milioiko ekarpena egingo dio udalak Dbus autobus zerbitzuari, inoiz baino handiago. «Aurrekontu honek etapa bat ixten du. Azken hamarkada honetan bereziki tren azpiegituretan egin ditugun inbertsioak amaierara heltzen ari dira, eta, orain, hiria txukuntzea egokitzen zaigu, eta herritarrak zaintzea. Aurrekontu honek horri nahi dio eutsi», adierazi du Jon Insausti Donostiako alkateak.

Insaustirekin batera izan dira Kerman Orbegozo Pertsonak, Ekonomia eta Aurrekontuak kudeatzeko zinegotzia eta Ane Oiarbide Berdintasun, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzia, aurrekontu proiektuaren zirriborroaren ildo nagusiak aurkezten.

«Zerbitzu publiko indartsuen bidez donostiarren bizi kalitatea hobetu nahi dugu: esaterako, kale garbi eta ondo asfaltatuak izanez, garraio publiko eroso eta puntuala, eta puntako kultura eta kirol ekipamenduak», esan du Insaustik. Horrez gain, «premia larrienetan» ere jarri du arreta: «Etxebizitza aukera sortzearen aldeko apustua egiten jarraituko dugu, baita gizartearen eskaerei aurre egiteko gaitasuna handitzen ere, batez ere adinekoen zaintzan».

Oiarbidek, berriz, adierazi du aurrekontu proiektuak «funtsezko hiri proiektuak» hartzen dituela bere gain: Bretxako merkatua berritzea, Illunbeko erabilera anitzeko pabiloia lizitatzea eta hiriko kirol instalazioak berritzea, besteak beste. «Ez ditugu ahaztu behar beste funtsezko jarduera batzuk, hala nola gure parkeak zaintzea, haur parkeak berritzea eta gure kaleetako irisgarritasuna hobetzea». Berdeguneen mantentze lanetara 9,7 milioi bideratuko ditu udalak 2027an, %47 gehiago.

Kostuek gora

Kostuak ere handiagoak izango direla azpimarratu dute. Hain zuzen, 468 milioi euroko gastu arrunta aurreikusten dute datorren urterako, %5,7 gehiago. Besteak beste udaleko langileen lan baldintzak indartuko dituztela nabarmendu dute. %4,5 igo nahi diete soldata langileei, eta zenbait lan talde handitzea ere espero dute: sei suhiltzaile, lau gizarte langile eta bi administrari gehiago nahi dituzte. Zehaztu dute zerbitzuetatik etorritako gastuak %4,5 igotzea aurreikusten dutela, besteak beste gizarte zerbitzuetan eta mantentze lanetan aurrekontuak gora egingo duelako.

Kostu horiei aurre egiteko zerga gehiago ordaindu beharko direla esan dute. Hain justu, %6,5eko igoera proposatu dute zuzeneko zergetan. Baina nabarmendu dute zeharkako zergek ere eragina izango dutela; izan ere, indarrean sartu da turismo egonaldien gaineko zerga, eta, zuhurtziaz egin duten kalkulu batean oinarrituta, bertatik 5,4 milioi euroren diru sarrerak jasotzea espero dute.

Herritarren beharrak

«2027rako aurrekontu proiektuak lehentasuna ematen die gehien behar duten herritarrei», adierazi du Insaustik. Gizarte zerbitzuetan egin du azpimarra: «Kontu horiei esker, Donostiako lau familiatik batek, 18.000 familiak, gizarte zerbitzuen laguntza jasotzen dute. 3.000 pertsonak baino gehiagok jasotzen dute etxeko arreta, indarkeria matxistaren biktima diren 549 emakumek udalaren babesa dute, eta 400 pertsonari baino gehiagori ematen diegu janaria, gizarteratze ibilbide baten parte gisa».

Bestalde, esan dute aurrekontu proiektuak «lehentasuntzat» hartzen duela etxe bat eskuratzeko erronka, bereziki gazteei erreparatuz. Alkateak gogorarazi du abiaraziak dituztela hiri antolamenduko plan orokorra eta Altzaberriko sustapenaren lehen izapideak, eta 3.000 etxe baino gehiago eraikitzea aurreikusten dutela bertan.

Gainera, zehaztu du Hirigintza arloak 23 milioi inguruko aurrekontua duela 2027tik 2030erako; Illarra Berri eta Txomin Enea II proiektuak sartzen dira aurrekontu horretan. Gainera, esan du lanean jarraitzen dutela kuarteletan 1.700 etxebizitza eraikitzea aurreikusten duen proiektuan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA