Donostiako Udalak datorren urterako aurrekontu proiektua aurkeztu du. 502 milioi euroko aurrekontua proposatu du, aurtengoa baino %1,2 handiagoa. Inoizko handiena da. Bereziki nabarmendu dute gastu sozialetara bideratuko duten aurrekontua: 43,5 milioi euro izatea proposatu dute, aurten baino %8,9 gehiago, eta 2025ean baino %17,1 gehiago.
Hala ere, mantentze lanetara bideratuko du Donostiako Udalak diru kantitate handiena: 111,5 milioi euro (+%7,8). Gainera, 38,8 milioiko ekarpena egingo dio udalak Dbus autobus zerbitzuari, inoiz baino gehiago. «Aurrekontu honek etapa bat ixten du. Azken hamarkada honetan bereziki tren azpiegituretan egin ditugun inbertsioak amaierara heltzen ari dira, eta, orain, hiria txukuntzea egokitzen zaigu, eta herritarrak zaintzea. Aurrekontu honek horri nahi dio eutsi», adierazi du Jon Insausti Donostiako alkateak.
Insaustirekin batera izan dira Kerman Orbegozo Pertsonak, Ekonomia eta Aurrekontuak kudeatzeko zinegotzia eta Ane Oiarbide Berdintasun, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzia, aurrekontu proiektuaren zirriborroaren ildo nagusiak aurkezten.
«Zerbitzu publiko indartsuen bidez donostiarren bizi kalitatea hobetu nahi dugu, esaterako, kale garbi eta ondo asfaltatuak izanik, garraio publiko eroso eta puntuala eta puntako kultura eta kirol ekipamenduak», esan du Insaustik. Horrez gain, «premia larrienetan» ere jarri du fokua: «Etxebizitza aukera berriak sortzearen aldeko apustua egiten jarraituko dugu, baita gizartearen eskaerei aurre egiteko gaitasuna handitzen ere, batez ere adinekoen zaintzan».
Oiarbidek, bere aldetik, adierazi du aurrekontu proiektuak «funtsezko hiri proiektuak» hartzen dituela bere gain, hala nola, Bretxako merkatua berritzea, Illunbeko erabilera anitzeko pabiloiaren lizitazioa eta hiriko kirol instalazioen berrikuntza, besteak beste. «Ez ditugu ahaztu behar beste funtsezko jarduera batzuk, hala nola, gure parkeak zaintzea, haur parkeak berritzea eta gure kaleetako irisgarritasuna hobetzea». Berdeguneetako mantentze lanetara 9,7 milioi bideratuko ditu udalak 2027an, %47 gehiago.
Kostuek gora
Kostuak ere handiagoak izango direla azpimarratu dute. Hain zuzen, 468 milioi euroko gastu arrunta aurreikusten dute datorren urterako, %5,7 gehiago. Tartean, udaleko langileen lan baldintzak indartuko dituztela nabarmendu dute. %4,5 igo nahi diete soldata langileei, eta zenbait lan talde handitzea ere espero dute: sei suhiltzaile, lau gizarte langile eta bi administrari gehiago nahi dituzte. Zehaztu dute zerbitzuetatik etorritako gastuak %4,5 igotzea aurreikusten dutela, tartean gizarte zerbitzuetan eta mantentze lanetan aurrekontuak gora egingo duelako.
Kostu horiei aurre egiteko, ordaindu beharreko zergak handitu egingo direla esan dute. Hain justu, %6,5eko igoera proposatu dute zuzeneko zergetan. Baina nabarmendu dute zeharkako zergek ere eragina izango dutela, izan ere, indarrean sartu da turismo egonaldien gaineko zerga, eta zuhurtziaz egin duten estimazioan, 5,4 milioi euroko diru sarrerak jasotzea espero dute bertatik.
Herritarren beharrak
«2027rako aurrekontu proiektuak lehentasuna ematen die gehien behar duten herritarrei», adierazi du Insaustik. Gizarte zerbitzuetan egin du azpimarra: «Kontu horiei esker, Donostiako lau familiatik batek, 18.000 familiak, gizarte zerbitzuen laguntza jasotzen dute. 3.000 pertsona baino gehiagok jasotzen dute etxeko arreta, indarkeria matxistaren biktima diren 549 emakumek udalaren babesa dute, eta 400 pertsona baino gehiagori ematen diegu janaria, gizarteratze ibilbide baten parte gisa».
Bestalde, esan dute aurrekontu proiektuak «lehentasuntzat» hartzen duela etxe bat eskuratzeko erronka, bereziki gazteei erreparatuz. Alkateak gogorarazi du dagoeneko abiarazi dutela Hiri Antolamenduko Plan Orokorra eta Altzaberriko sustapenaren lehen izapideak, eta 3.000 etxe baino gehiago eraikitzea aurreikusten dutela bertan.
Gainera, zehaztu du Hirigintza arloak 23 milioi inguruko aurrekontua duela 2027tik 2030erako; Illarra Berri eta Txomin Enea II proiektuak sartzen dira aurrekontu horren barruan. Gainera, esan du lanean jarraitzen dutela kuarteletan 1.700 etxebizitza eraikitzea aurreikusten duen proiektuan.