ELAk greba egunak antolatu ditu Gipuzkoako zahar etxeetan azarorako eta abendurako

Sindikatuak gogorarazi du Gipuzkoako egoitzetako eta eguneko zentroetako lan gatazka duela urte eta erdi hasi zela. Halaber, oposizioko taldeei eskatu die 2027ko aurrekontua ez babesteko baldin eta hitzarmen baterako akordiorik ez badago.

Gipuzkoako zahar etxeetako eta eguneko zentroetako grebalarien elkarretaratze bat, abuztuan, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gipuzkoako zahar etxeetako eta eguneko zentroetako grebalarien elkarretaratze bat, abuztuan, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko urriaren 26a
17:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako zahar etxeetan beste greba egun batzuk egingo ditu ELAk; izan ere, azaroaren 20an eta abenduaren 22an eta 23an greba egitera deitu du sindikatuak. Hain zuzen, Gipuzkoako hainbat zahar etxe eta eguneko zentrotako egoeraren inguruan hitz egin du ELAk gaur: esan du badela urte eta erdi lan gatazka indarrean dela, greba mugagabean dauden zortzi egoitzek 350 greba egun bete dituztela, eta sektorean 30 greba egun baino gehiago egin dituztela. Horrez gain, sindikatuak jakinarazi du Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten batzarkide taldeekin bildu dela urrian, eta oposizioko taldeei (EH Bildu, Elkarrekin Gipuzkoa eta PP) eskatu diela 2027ko aurrekontua ez babesteko baldin eta hitzarmen baterako akordiorik ez badago. 

«Negoziazio mahaia blokeatuta dago maiatzetik, patronalek, Matiak, Adegik eta Laresek ez dutelako beste proposamenik egin». Hala adierazi du sindikatuak. Azaldu dutenez,  nahi dute hitzarmenaren bidez zahar etxeen eta eguneko zentroen sektoreko «partzialtasuna» amaitzea eta soldata arrakala ezabatzea. Izan ere, ELAk dioenez, gaur egun sektoreko langileen ia erdiek «borondatezkoa ez den kontratu partziala» dute, eta urtean 10.000 eurotik gorako soldata arrakala jasaten dute. Sindikatuak azaldu duenez, sektorean 5.000 pertsona inguruk lan egiten dute, eta haietatik gehienak emakumeak dira. 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura nabarmendu du sindikatuak. Sektorearen %90 foru aldundiak finantzatzen duela adierazi du ELAk, eta erakundeari eskatu dio «ardura hartzeko» eta «hitzarmena bultzatzeko behar diren baliabideak jartzeko».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA