Errenteriako Udalak lursail bat laga dio Jaurlaritzari, alokairurako 45 etxebizitza babestu eraikitzeko

Udaleko alderdi guztiek bat egin dute jarduera horrekin. Errenterian alokairuko etxebizitzen eskaintza handitzen lagundu nahi dute.

Errenteriako Altzate auzoan ateratako argazkia. ERRENTERIAKO UDALA
Errenteriako Altzate auzoan ateratako argazkia. ERRENTERIAKO UDALA
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko urriaren 28a
17:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errenteriako Udaleko alderdi guztiek bat egin dute Altzate auzoko udalaren lursail bat Eusko Jaurlaritzari lagatzeko. Jarduera horren helburua, udalak azaldu duenez, alokairurako babes ofizialeko 45 etxebizitza eraikitzea da. 

Udalerrian alokairuko etxebizitzen eskaintza handitzen lagundu nahi duela adierazi du Errenteriako Udalak. «Udal lurzorua etxebizitza babestuaren zerbitzura jartzen dugu, udalok dugun funtsezko tresnetako bat delako bizitegi larrialdiari aurre egiteko», adierazi du Errenteriako alkate Aizpea Otaegik. 

Udalak lursaila doan eman dio Eusko Jaurlaritzaren Visesa sozietate publikoari. Alokairuko etxebizitza babestua sustatzeaz arduratzen da Visesa. Udalak azaldu duenez, Altzateko lursailaren lagapena 2026ko maiatzaren 27an Errenteriako Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren erakundeak sinatutako lankidetza hitzarmenaren barruan kokatzen da.

Esnabideko lursaila

Duela lau urte Errenteriako Beraun auzoko Esnabide eremuan «gauza bera» egin zutela gogorarazi du Otaegik. «Esnabiden genuen udal lursaila doan laga genion Visesari, partzela horretan aurreikusitako 27 etxebizitzak lau urteko epean eraikitzeko konpromisoarekin», azaldu du. Dena den, alkateak esan du zehaztutako epe hori bete dela, eta etxebizitza horiek oraindik eraikitzeke daudela. 

«Garbi izan behar dugu etxebizitzaren arloan ez dela nahikoa udalok lurzorua Eusko Jaurlaritzaren esku uztea; erakundeen arteko lankidetza behar dugu, eta, batez ere, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa etxebizitzak adostutako epean eraikitzeko», adierazi du Otaegik.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA