«Ezkiagaren biktimen sufrimendua eragotz zitekeen»

Patxi Ezkiagaren biktimek ikaskide ohien talde bat izan dute ondoan, laguntzeko eta babesteko. Maddik, La Salleko ikasle ohiak, uste du La Sallek hasieratik onar zitzakeela biktimen eskaerak.

Donostiako La Salle ikastetxeko ikasle ohiek antolatutako kontzentrazioa, apirilean. JAVI COLMENERO / EFE
Donostiako La Salle ikastetxeko ikasle ohiek antolatutako kontzentrazioa, apirilean. JAVI COLMENERO / EFE
jakes goikoetxea
2026ko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Patxi Ezkiagaren sexu abusuen biktimen aitortza ekitaldiak sentsazio «gazi-gozoak» eragiten dizkio Maddiri. Gozoa, biktimek lortu dutelako aitortza publikoa; gazia, ordea, lortu arteko bidea gordina izan delako.

Donostiako Loiolako auzoko La Salle ikastetxeko ikasle ohia da Maddi. Ez du benetako izena. Ezkiagak ikaskide ohi batzuei sexu abusuak egin zizkiela jakin zuenean, orduko beste ikasle batzuekin elkartu zen, zerbait egiteko eta biktimei babesa emateko. Haien bidelagun izan dira bide publikoetan eta pribatuetan.

«Ezkiagaren biktimen sufrimendua eragotz zitekeen», ondorioztatu du, Ezkiagaren biktimen oinazea eta ezina gertutik ikusi eta sentitu eta gero. «La Sallek hasiera-hasieratik onar zitzakeen biktimen eskaerak, onar zezakeen gaizki jokatu zutela, eta ez zen hain mingarria izango».

Erantzunik gabeko galderak

Uste du La Salleren jokabideak ez daukala zentzu handirik, eta erantzunik gabeko galderak egin ditu, jokabidea aldatu izana zerk eragin duen asmatu nahian: «Gaia komunikabideetan agertu delako? Ikasle ohiek apirilean kontzentrazio bat egin genuelako? Presio sozialagatik?». Erantzunik gabeko beste galdera bat ere egin du, La Salleren zintzotasunaz: «Benetan sinetsarazi nahi digu orain barru-barrutik atera zaiola biktimen aitortza?».

Marisol Zamorak bezala, Maddik arbuiatu egin du La Salleren jokabidea plakako testuari buruzko negoziazioan. Zehazki, lehenengo proposamenean Ezkiagaren izena jarri nahi ez izatea. «Hala egingo balitz», azaldu du, «honek guztiak ez luke zentzurik izango».

Biktimen sufrimendua ezagutzen duelako, badaki ere zer garrantzi duen biharko ekitaldiak: «Biktima batzuek plaka hori behar dute. Beharrezkoa da hori guztia gertatu zela jasota geratzea». Plaka behar duten biktimen artean dago Maddiren ikaskide bat. La Sallen ikasten ari zirela, egun batean esan zion «Patxik» «gauzak» egiten zizkiola. Beti izan du gogoan ikasle hura. Haren bila aritu zen, baina ez zuen aurkitu. Ikaslea jarri zen Maddirekin harremanetan. «Garai batean harreman oso polita izan genuen, eta nik lagundu egin nahi nion; baina ez nekien nola», gogora ekarri ditu orduko zalantzak.

Barne gatazka

Urte batzuk geroago, Zamoraren eta beste biktima batzuen lekukotzen berri jasotzeak barne gatazka eragin zion: «Sekulako borroka izan nuen neure buruarekin, eta neure buruari galdetzen nion ea zergatik ez nuen ezer egin». Ikaskide ohi batzuek gaur egungo helduen pentsamenduarekin eta begiekin epaitu eta ikusi nahi izan dituzte orduko haur eta nerabeen isiltasunak eta erreakzio falta. «Baina ume batzuk ginen», argudiatu du Maddik. «Eta garai hartako gizarteak ere ez zuen gaur egungoak bezala erreakzionatzen».

Donostiako La Salle ikastetxeko ikasle ohiak plazara atera dira bi urteotan. La Salleri Ezkiagaren abusuak isilaraztea eta ezkutatzea egotzi zioten martxoan kaleratutako ohar batean. Baieztatu zuten eskolak bazuela abusuen berri, baina orduan ez zuela ezer egin, eta orain ere ez zela ezer egiten ari erasoak argitzeko. Ikasle ohiek kontzentrazio bat antolatu zuten apirilean. Baieztapen bat eta galdera bat zituen elkarretaratzeko pankartak: «Gu biktimekin. Eta La Salle?».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA