Memoria historikoari lotutako eguna izan dute gaur Errenterian (Gipuzkoa): frankistak herrian sartu zireneko 90. urteurrena gogoratu dute. Lore eskaintza eta minutu bateko isilunea egin dituzte kolpe militarraren eta ondorengo errepresio frankistaren ondorioz giza eskubideen urraketak jasan zituztenak oroitzeko.
Errenteriako Udalak antolatu du ekitaldia, herriko plazan, eta udalbatzan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek parte hartu dute, PPk izan ezik. Halere, talde guztiek sinatutako agiri instituzionala irakurri dute. «Gure historiaren etapa ilun horretan hainbeste galdu eta sufritu zutenen saminarekin bat egin nahi dugu. Askatasuna defendatu zuten pertsona guztien ekarpena oroitu eta aitortu nahi dugu, eta gure konpromisoa berretsi nahi dugu, gaur ere defendatu behar diren demokraziarekin eta giza eskubideekin», esan du Aizpea Otaegi alkateak.
Gogora ekarri dute garai hartan herrian bizi ziren herritarren erdiek ihes egin behar izan zutela «okupazioaren» ondorioz; 9.000 biztanle inguru zituen orduan Errenteriak. Halaber, agirian jaso dutenez, 154 haur deserriratu zituzten, eta horietako askok denbora luzez bizi behar izan zuten beren familiengandik aldenduta; ia 900 errenteriarrek joan behar izan zuten frontera, «errepublika eta euskal herritarren eskubide guztiak defendatzera»; horietatik 99 gerran hil zituzten, eta beste 29 fusilatu; eta ehunka lagun egon ziren espetxe frankistetan preso, «baldintza prekario eta penagarrietan».
Udalak bereziki gogoratu nahi izan ditu garai hartan desagertu ziren lau udal langile, haien gorpuak ez baitira oraindik aurkitu: Felix Elgarresta Arbelaitz, Jose Elorza Narbaiza, Celestino Gaztelumendi Berastegi eta Miguel Irastorza Etxeberria. Haien senideen saminarekin bat egin dute udal ordezkariek. 2016an omenaldi bat ere egin zitzaien, eta plaka bat jarri zuten udaletxean.
Tropa frankistak 1936ko irailaren 13an sartu ziren Errenterian, indarrez, Alfonso Beorlegi koronelaren aginduz. Bihar dira 90 urte egun hartatik, eta «oraindik itxi ez diren zaurien minarekin bat eginez», udalak gertatu zena oroitu eta berriz ez gertatzeko konpromisoa berretsi nahi izan du.