'Ghost in the Cell' filmak irabazi du Donostiako Beldurrezko Zinemaren Asteko sari nagusia

Eric Jackowitzen 'The Seeing Eye Dog Who Saw Too Much'-ek eskuratu du film laburrik onenarentzako ikusleen saria, eta Yu Chih-Chiehren 'The Last Jiangshi' lanak epaimahaiarena.

'Ghost in the Cell' filma. DONOSTIAKO BELDURREZKO ASTEA
'Ghost in the Cell' filma. DONOSTIAKO BELDURREZKO ASTEA
edurne begiristain
2026ko azaroaren 6a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joko Anwar zuzendariaren Ghost in the Cell filmak irabazi du Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 37. Asteko sari nagusia. Ikusleek erabakitzen dute film luzerik onenaren saria nori eman, eta Indonesian eta Hego Korean egindako ekoizpenak eskuratu du puntuaziorik onena: 8,35. Haren atzetik sailkatu da Sanguine, 8,11 punturekin, eta hirugarren tokian geratu da L'estranea, 7,40 punturekin.

Anwarrek zuzendutako beldurrezko filmak espiritu bat du abiapuntu: baso bat suntsitu ondoren, kartzela batean amaitzen du, eta espetxeko gelak, korridoreak eta bestelako guneak bihurtzen dira kontakizunaren agertoki. Umorea, borroka eta dantza uztartzen ditu.

Film laburren artean, Eric Jackowitz estatubatuarraren The Seeing Eye Dog Who Saw Too Much (2025) lanak irabazi du ikusleen saria. Animaziozko film laburrik onenaren saria, berriz, Janneke Swinkels eta Tim Frijsingerren Zwermen (2025) filmak eskuratu du, eta Espainiako film laburrik onenarena, Caye Casasen Amor de padre (2026) lanak.

Epaimahai ofiziala Oriol Estradak, Iratxe Fresnedak eta Maria Teresa Garcia Morak osatu dute, eta Yu Chih-Chiehren The Last Jiangshi (2026) filmari eman diote film laburrik onenaren saria. Epaimahaiak nabarmendu du umorea eta estiloen eta generoen arteko fusioa baliatzen dituela ahaztua izateko beldurra eta gisa horretako emozio gizatiarrekin konektatzeko.

Beste sari batzuk

Europako fantasiazko film laburrik onenaren Zilarrezko Melies saria Paula Gallegoren Insecticida (2026) lanak jaso du. Animazioaren zenbait estilo eta diziplina uztartzeko eta pantailekiko harreman toxikoari heltzeko erakutsitako trebetasun artistikoa goraipatu dio epaimahaiak.

Gazte epaimahaiaren saria ere The Seeing Eye Dog Who Saw Too Much filmak irabazi du. Espainiako film labur onenaren SciFi saria Martha G. Ayerberen Señuelo (2025) lanak eskuratu du, eta EITBren euskal film laburrik onenaren saria, Danel Garay eta Laura Barquinen Azpian (2026) filmak.

Azkenik, zinema kritikariek eman ohi duten saria, Urrezko Blogoa, Kasper Kalle zuzendariaren No Rest for the Wicked (2026) filmak jaso du. Danimarka eta Faroe uharteen artean ondutako ekoizpena da, eta epaimahaiak fabula gotiko murgiltzailea dela nabarmendu du, atmosfera, giroa eta interpretazioak direla medio.

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea gaur amaituko da, Antzoki Zaharrean, Pinocchio: Unstrung (2026) filmaren proiekzioarekin.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA