Gipuzkoako baso suhiltzaileek berriki salatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak baso suhiltzaileen zaintzak, prestakuntza eta entrenamenduak eten dituela, baso suteen «arrisku handiko» sasoi betean. Azaldu dute irailaren 9an eman zuela zerbitzu horiek eteteko agindua Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko zerbitzuburuak, zuzendaritzak erabakita, eta argudiatu zutela «ez dagoela aurrekonturik». Erabaki hori noiz hartu duten eta zer ondorio izan ditzakeen kontuan hartuta, «onartezintzat» jo dute. «Baso-sute larrialdi batean baliabideak murriztea arduragabekeria hutsa da», salatu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, esan du ez direla «atzera egiten» ari baso suteen prebentzioan eta itzaltzean; izan ere, nabarmendu du klima aldaketak eragindako «arrisku berriei» aurre egiteko «eredu eraginkorrago, koordinatuago eta prestatuago» bat lantzen ari direla.
Baso suhiltzaileen zaintzak, prestakuntza eta entrenamenduak eteteko erabakiak izan ditzakeen ondorioak izan dituzte hizpide baso suhiltzaileek: «Suteei erantzuteko denbora luzatu eta herritarren eta langileen segurtasuna arriskuan jar daitezke». Zaintzei dagokienez, azaldu dute zaintzarik gabe «luzatu» egiten dela zenbait zerbitzu «aktibatzeko» eta sutearen lekura iristeko denbora, eta horrela «eraginkortasuna eta efizientzia» galtzen dituztela. «Baldintza txarrak badira, suak indarra har dezake, eta azkar hedatu daiteke, herritarrak, haien ondasunak eta natura arriskuan jartzeraino. Zer esanik ez sutearen lehen lerroan gauden giza baliabideez», adierazi dute. Prestakuntzari eta entrenamenduari dagokionez, berriz, baso suhiltzaileek azaldu dute «aldian-aldian» trebatu egin behar dutela baso suteak itzaltzeko. Hori dela eta, esan dute entrenamenduak eteteak «zaildu» egiten duela trebetasunei eta talde laneko ohiturei eustea, eta «handitu» egiten duela esku hartzeetan «akatsak edo istripuak» izateko arriskua.
Gainera, azpimarratu dute aurtengo uda «bereziki beroa eta lehorra» izan dela. Azaldu dutenez, Euskalmeten arabera 2026ko uda «datu serietik beroena» izan da Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian gutxienez 1970. urtetik, eta prezipitazioak «oso urriak» izan dira. «Hori dela eta, uda lehor eta beroak erabat baldintzatuko du udazkeneko eta neguko suteen jokabidea», esplikatu dute.
Baso suhiltzaileek eskatu dute eten dituzten zerbitzuak «berehala berrezartzeko». «Herritarren eta langileen segurtasuna, ondasunak eta natura ondarea babesteko ardura ezin dira utzi sute handirik gertatuko ez den itxaropenaren esku», adierazi dute.
Foru aldundiaren erantzuna
Baso suhiltzaileek beren aldarrikapenak egin ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiak erantzuna eman du. Baso suteen prebentzioan eta itzaltzean atzera ez dutela egin esateaz gain, erakundeak nabarmendu du «ezinbestekoa» dela «hogei urtean» eguneraketa «sakonik» izan ez duen sistema «berrikustea eta hobetzea». Besteak beste, azaldu dute seigarren belaunaldiko suteen «mehatxuak» «jauzi kualitatiboa» eskatzen duela prebentziorako eta erantzuteko gaitasunean, eta horretarako «neurri zehatzak» hartu dituztela.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendietako Zuzendaritza zerbitzuaren baliabideak «handitu» egin direla ere nabarmendu du erakundeak. «Aurrekontua %70,33 handitu da azken 11 urteetan: 2015ean 10.512.269 euro zen, eta 2026an, berriz, 17.905.972. Mendietako Zuzendaritzako langile kopurua ere handitu egin da», adierazi du. Erakundeak, era berean, azpimarratu du lanean jarraitzen dutela, besteak beste, giza baliabideak eta baliabide materialak hobetzeko eta antolaketa indartzeko.
Baso suteen prebentzio eta itzaltze lanetan parte hartzen dutenen «dedikazioa» aitortu nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta haien lanaren garrantzia azpimarratu du. Hala ere, erakundeak esan du «pertsona jakin batzuek behin eta berriz Mendietako Zuzendaritzaren aurkako konfrontazioa» bultzatzen dutela, eta horretarako «arrazoi askotarikoak» erabiltzen dituztela. Hori gertatzea «kezkagarria» dela dio erakundeak. «Arrazoiak aldatu egiten dira, baina sustatzaileetako batzuk berberak dira beti. Badirudi edozein egoera baliatzen dutela erakundearen eta bertan lan egiten duten pertsonen jarduna zalantzan jartzeko, kolektiboaren barruan giro txarra sortuz», adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak.