Gipuzkoako baso suhiltzaileek salatu dute Foru Aldundiak zenbait zerbitzu eten dituela, baso suteen «arrisku handiko» sasoi betean

Baso suhiltzaileen zaintzak, prestakuntza eta entrenamenduak eten dituztela adierazi dute, eta neurri horiek «onartezintzat» jo dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak esan du ez dutela «atzera egin» baso suteen prebentzioan eta itzaltzean.

Gipuzkoako basozainak, formakuntza batean. GIPUZKOAKO BASOZAINAK
Gipuzkoako basozainak, formakuntza batean. GIPUZKOAKO BASOZAINAK
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko urriaren 20a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako baso suhiltzaileek berriki salatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak baso suhiltzaileen zaintzak, prestakuntza eta entrenamenduak eten dituela, baso suteen «arrisku handiko» sasoi betean. Azaldu dute irailaren 9an eman zuela zerbitzu horiek eteteko agindua Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko zerbitzuburuak, zuzendaritzak erabakita, eta argudiatu zutela «ez dagoela aurrekonturik». Erabaki hori hartu den uneagatik eta horrek izan ditzakeen ondorioengatik, «onartezintzat» jo dute neurri horiek hartzea. «Baso sute larrialdi batean baliabideak murriztea arduragabekeria hutsa da», salatu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, esan du ez direla «atzera egiten» ari baso suteen prebentzioan eta itzaltzean; izan ere, nabarmendu du klima aldaketak eragindako «arrisku berriei» aurre egiteko «eredu eraginkorrago, koordinatuago eta prestatuago» bat lantzen ari direla.

Baso suhiltzaileen zaintzak, prestakuntza eta entrenamenduak eteteko erabakiak izan ditzakeen ondorioak izan dituzte hizpide baso suhiltzaileek: «Suteei erantzuteko denbora luzatu eta herritarren zein langileen segurtasuna arriskuan jar daitezke». Zaintzei dagokionez, azaldu dute zaintzarik gabe zenbait zerbitzu «aktibatzeko» eta sutearen lekura iristeko denbora «luzatu» egiten dela, eta horrela «eraginkortasuna eta efizientzia» galtzen dituztela. «Baldintza txarrak badira, suak indarra har dezake eta azkar hedatu daiteke, herritarrak, haien ondasunak eta natura arriskuan jarriz. Zer esanik ez sutearen lehen lerroan gauden giza baliabideez», adierazi dute. Prestakuntza eta entrenamenduari dagokionez, berriz, baso suhiltzaileek azaldu dute «aldian-aldian» trebatu egin behar dutela baso suteak itzaltzeko. Hori dela eta, esan dute entrenamenduak eteteak «zaildu» egiten duela trebetasunei eta talde laneko ohiturei eustea, eta esku hartzeetan «akatsak edo istripuak» izateko arriskua «handitu» egiten duela. 

Gainera, azpimarratu dute aurtengo uda «bereziki beroa eta lehorra» izan dela. Azaldu dutenez, Euskalmeten arabera 2026ko uda «datu serietik beroena» izan da Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian gutxienez 1970. urtetik, eta prezipitazioak «oso urriak» izan dira. «Hori dela eta, uda lehor eta beroak erabat baldintzatuko du udazkeneko eta neguko suteen jokabidea», esplikatu dute. 

Baso suhiltzaileek eskatu dute eten dituzten zerbitzuak «berehala berrezartzea». «Herritarren eta langileen segurtasuna, ondasunak eta natura ondarea babesteko ardura ezin dira utzi sute handirik gertatuko ez den itxaropenaren esku», adierazi dute.

Foru Aldundiaren erantzuna

Baso suhiltzaileek haien aldarrikapenak egin ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiak erantzuna eman du. Baso suteen prebentzioan eta itzaltzean atzera ez dutela egin esateaz gain, erakundeak nabarmendu du «ezinbestekoa» dela «hogei urtetan» eguneraketa «sakonik» izan ez duen sistema «berrikustea eta hobetzea». Besteak beste, azaldu dute seigarren belaunaldiko suteen «mehatxuak» prebentziorako eta erantzuteko gaitasunean «jauzi kualitatiboa» eskatzen duela, eta horretarako «neurri zehatzak» hartu dituztela. 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendietako Zuzendaritza zerbitzura bideratutako baliabideak «handitu» egin direla ere nabarmendu du erakundeak. «Aurrekontua %70,33 hazi da azken hamaika urteetan, 2015eko 10.512.269 euroetatik 2026ko 17.905.972 euroetara. Mendietako Zuzendaritzako langile kopurua ere handitu egin da», adierazi du. Erakundeak ere azpimarratu du lanean jarraitzen dutela, besteak beste, giza baliabideak eta baliabide materialak hobetzeko eta antolaketa indartzeko.

Baso suteen prebentzio eta itzaltze lanetan parte hartzen dutenen «dedikazioa» aitortu nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta haien lanaren garrantzia azpimarratu du. Hala ere, erakundeak esan du «pertsona jakin batzuek behin eta berriz Mendietako Zuzendaritzaren aurkako konfrontazioa» bultzatzen dutela, eta horretarako arrazoi desberdinak» erabiltzen dituztela. Hori gertatzea «kezkagarria» dela dio erakundeak. «Arrazoiak aldatu egiten dira, baina sustatzaileetako batzuk errepikatu egiten dira. Badirudi edozein egoera baliatzen dutela erakundearen eta bertan lan egiten duten pertsonen jarduna zalantzan jartzeko, kolektiboaren barruan giro txarra sortuz», adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA