Gipuzkoako basozainek salatu dute azken 24 urteetako egoerarik larrienean daudela

Geroz eta langile gutxiago daude, eta lurraldearen eta natura ondarearen babesa «arrisku bizian» daude.

Basozain bat, mendian. GIPUZKOAKO BASOZAINAK
Basozain bat, mendian. GIPUZKOAKO BASOZAINAK
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko azaroaren 13a
16:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Egoera jasanezina dugu. Urteak daramatzagu etorriko denaz ohartarazten, baina foru aldundiak ez du garaiz eta behar bezala erantzun». Hitz horiekin adierazi du bere haserrea Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionalak. Izan ere, adierazi dute azken 24 urteetako egoera larri eta kezkagarrienean daudela. Salatu dute geroz eta langile gutxiago direla, zaintza lanetan gabeziak daudela, eta lurraldearen eta natura ondarearen babesa «arrisku bizian» daudela. 

Bereziki kritiko agertu dira langileak ez ordeztearekin: «Zazpi lankidek erretiroa hartu dute. Elkarteak 2023an azaldu zien foru aldundiko arduradunei zer gertatuko zen, eta ez dute neurririk hartu». Arazo horrek eguneroko zerbitzuan eta lan kargan du eragina, eta lan banaketan ere bai. Horrez gain, elkarteak azaldu du iaz oposizioak abiarazi zirela, eta maiatzean proba fisikoen azterketa egin dela, baina emaitzak oraindik ez direla argitaratu.

Asteburuetan natura ondarea ez da behar bezala zaintzen, basozainen ustez. Aste bukaeretako zaintzetan, gutxienez hamar basozain egon beharko lirateke, lurraldea bost ataletan banatua baitute eta bakoitzean bi basozainek egon behar dute. Elkarteak dioenez, ordea, batez beste 7,61 basozain aritu dira asteburuetan aurten, eta hiru egunetan soilik lan egin dute hamar pertsonak. 

Bereziki kezkagarria da langile bakarrak eremu oso baten ardura hartu behar izatea. «Gerta liteke larrialdiren bat izatea, istripuren bat, gatazka batzuk edo legez kanpoko jarduerak, eta halako egoeretan lankiderik gabe aritzeak arrisku nabarmena dakar langilearen segurtasunerako eta osotasun fisikorako». Elkarteak azaldu du eskualde oso bat basozainik gabe ere utzi izan dela.

Berehalako neurriak

Basozainek bi arduraduni egotzi diete egungo egoeraren erantzukizuna: Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendari Arantxa Ariztimuñori, eta Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arrutiri. Basozainek uste dute aurretik egindako ohartarazpenak ez direla aintzat hartu, eta egungo egoera kudeaketa oker baten ondorioa dela. Hori dela eta, neurriak berehala hartzeko eskatu dute.

BASOZAINEN ELKARTEAK ESKATZEN DITUEN SEI NEURRIAK

  1. Erretiroen ondorioz hutsik geratu diren lanpostu guztiak lehenbailehen betetzea, atzerapenik gabe.
  2. Abian dauden oposizioen behin-behineko emaitzak berehala argitaratzea eta prozesu osoa bizkortzea.
  3. Asteburuetako zaintzetan hamar basozainen gutxieneko kopurua bermatzea, eta bi langile egotea atal bakoitzeko.
  4. Basozainen segurtasuna bermatzeko beharrezko antolaketa neurriak hartzea, langileak bakarrik aritu behar ez izateko.
  5. Gipuzkoako basozaintza zerbitzuaren egungo egoera sakon aztertzea, etorkizunari begira langileen beharren plangintza errealista eta eraginkor bat ezartzea, eta gutxienez hamabi basozain lanpostu sortzea.
  6. 2027an oposizio berriak abiaraztea hutsik dauden lanpostuak eskainiz, eta foru aldundiak sortu berri dituen lau postuei basozainek proposaturiko hamabi horiek gehitzea.
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA