Gipuzkoako basozainek salatu dute azken 24 urteetako egoerarik larriena bizi dutela

Geroz eta langile gutxiago daude, eta lurraldearen zein natura ondarearen babesa «arrisku bizian» daude.

Basozain bat, mendian. GIPUZKOAKO BASOZAINAK
Basozain bat, mendian. GIPUZKOAKO BASOZAINAK
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko azaroaren 13a
16:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Egoera jasanezina bizi dugu. Urteak daramatzagu etorriko denaz ohartarazten, baina foru aldundiak ez du garaiz eta behar bezala erantzun». Bere haserrea hitz horiekin adierazi du Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionalak. Izan ere, taldeak ziurtatu du azken 24 urteetako egoerarik larriena eta kezkagarriena bizi dutela. Geroz eta langile gutxiago direla, zaintza lanetan gabeziak daudela eta lurraldearen zein natura ondarearen babesa «arrisku bizian» daudela salatu dute. 

Bereziki kritiko agertu dira langileak ez ordeztearekin: «Zazpi lankidek erretiroa hartu dute. Elkarteak foru aldundiko arduradunei 2023an azaldu zien gertatuko zena, eta ez dute neurririk hartu». Arazo horrek eguneroko zerbitzuan eta lan kargaren banaketan eragina izango luke. Horrez gain, elkarteak azaldu du iaz oposizioak abiarazi zirela eta maiatzean proba fisikoen azterketa egin dela, baina emaitzak oraindik ez direla argitaratu.

Asteburuetan natura ondarea ez da behar bezala zaintzen, basozainen ustez. Aste bukaeretako zaintzetan gutxienez hamar basozain egon beharko lirateke, lurraldea bost ataletan banatzen banatuta dagoelako eta bakoitzean bi pertsona egon beharko liratekeelako. Elkarteak dioenez, ordea, batez beste 7,61 basozain aritu dira asteburuetan aurten, eta hiru egunetan soilik lan egin dute hamar pertsonak. 

Egoera bereziki kezkagarria da langile bakarrak eremu oso baten ardura hartu behar duenean. «Larrialdiak, istripuak, gatazkak edo legez kanpoko jarduerak gerta daitezke, eta egoera horietan lankiderik gabe aritzeak arrisku nabarmena dakar langilearen segurtasunerako zein osotasun fisikorako». Eskualde oso bat basozainik gabe utzi izan dela ere esan du elkarteak.

Berehalako neurriak

Basozainen arabera, egungo egoeraren arduradunak bi pertsona dira bereziki: Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendari Arantxa Ariztimuño, eta Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arruti. Basozainek egindako ohartarazpenak ez direla aintzat hartu uste dute, eta egungo egoera kudeaketa oker baten ondorioa dela. Hori dela eta, neurriak berehala hartzea eskatu dute.

BASOZAINEN ELKARTEAK ESKATZEN DITUEN SEI NEURRIAK

  1. Erretiroek eragindako lanpostu huts guztiak lehenbailehen betetzea, atzerapenik gabe.
  2. Abian dauden oposizioen behin-behineko emaitzak berehala argitaratzea eta prozesu osoa bizkortzea.
  3. Asteburuetako zaintzetan hamar basozainen gutxieneko kopurua bermatzea, eta bi langile egotea atal bakoitzeko.
  4. Basozainen segurtasuna bermatzeko beharrezko antolaketa neurriak hartzea, langileak bakarrik egotea saihestuz.
  5. Gipuzkoako basozaintza zerbitzuaren egungo egoera sakon aztertzea, etorkizunari begira langileen beharren plangintza errealista eta eraginkor bat ezartzea, eta gutxienez hamabi basozain lanpostu sortzea
  6. 2027an oposizio berriak abiaraztea hutsik dauden lanpostuak eskainiz, eta foru aldundiak sortu berri dituen lau postuei basozainek proposaturiko hamabi horiek gehitzea.
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA