Gutxiengoen istorioak, ikusezin bihurtzen diren errealitateak eta identitateen arteko gatazkak izango dira aurtengo Literaktum jaialdiaren ardatz. Bitxia: aniztasuna eta ahots isilak lelopean egingo dute, azaroaren 9tik 22ra, Donostian, eta bazterrean geratzen diren istorioei eta ahotsei lekua egingo diete literaturaren bidez. Izan ere, jaialdiaren antolatzaileen arabera, literaturak aukera ematen du ohikotzat jotzen dena zalantzan jartzeko, begirada beste errealitate batzuetara zabaltzeko eta gutxi entzuten diren ahotsei arreta jartzeko.
Zer da, benetan, bitxia? Nork erabakitzen du zer den ohikoa eta zer geratzen den arautik kanpo? Galdera horiek abiapuntu hartuta, askotariko bizipenak, identitateak eta errealitateak jarriko dituzte mahai gainean aurtengo jaialdian. Kontatzen diren istorioei ez ezik, kontatu gabe geratzen direnei ere erreparatuko diete; baita gizartearen begiradatik desagertzen diren errealitateei eta identitateen arteko talkek sortzen dituzten bizipenei ere. Hala, literaturak beste baten mundura hurbiltzeko, aurrez ezarritako ikuspegiak auzitan jartzeko eta isilune horietan ezkutatzen dena entzuteko duen ahalmena aldarrikatuko du Literaktumek.
Euskal Herriko eta nazioarteko idazleek hartuko dute parte Literaktumen, eta aniztasunaren eta ikusezintasunaren inguruko gaiak izango dituzte hizpide beren lanen bitartez. Joseba Sarrionandiak esklabotzaren munduan girotutako Drapetomania eleberria aurkeztuko du; Garazi Kamiok transexualitatea eta zahartzaroa uztartzen dituen Moebiusen ertzak lana izango du hizpide; Sergio del Molino Goyaren ustezko alabaren istorioa kontatzen duen La hija liburuaz ariko da, eta Lucia Solla Sobralek maitasun harremanen desorekak eta adiskidetasunaren indarra landuko ditu ComerĂ¡s flores eleberriaren bitartez. Elvira Minguez, Nerea Pallares, Fabio Neri eta Ken Bugul ere izango dira solasaldietan.
Askotariko idazle eta proposamenak bilduko ditu jaialdiak. Lehen astean, Yasmina Reza, Juan Gabriel Vasquez, Maximo Huerta, Irati Jimenez eta Jabier Muguruza izango dira beren lanik berrienak aurkezten, besteak beste. Azaroaren 16tik aurrera, berriz, Patricio Pron, Llucia Ramis, Manuel Vilas, Itziar Ugarte Irizar, Madalena Matoso eta Uwe Wittstock izango dira parte hartzaileen artean.
Erakusketak, errezitalak eta haur literatura
Idazleen arteko solasaldiez gain, bost erakusketa, errezitalak, antzerki emanaldiak, jarduera bereziak eta afari literario bat antolatu dituzte. Egitarauaren barruan izango da, halaber, Gabriel Arestiren omenezko Mug(h)arri pieza eszenikoa, Joxan Goikoetxeak eta Euskameratak sortua.
Halaber, Kutxa fundazioaren literatura sariak banatuko dituzte jaialdiaren barruan. Euskaraz, Jon Gerediaga sarituko dute antzerki sailean, eta Nerea Arrien kontakizunen sailean. Gaztelaniazko saria Ernesto Isentzat izango da, RĂo rojo lanagatik, eta Arantxa Iturbek jasoko du ibilbidearen saria.
Haurrentzako eta familientzako eskaintza ere izango du Literaktumek. Literaktum Txikiaren barruan, ipuin kontaketak, antzerkia, ilustrazio tailerrak eta zinema saioak antolatu dituzte. Lehen Hezkuntzako ikasleen ilustrazio lehiaketa ere egingo dute.
Jarduera gehienetarako sarrera doakoa izango da, baina zenbait ekitalditara joateko gonbidapena beharko da, besteak beste, Yasmina Reza, Juan Gabriel Vasquez eta Manuel Vilasen solasaldietarako, baita Joseba Sarrionandia eta Jabier Muguruzaren saioetarako ere. Donostiako hainbat kulturgunetan egingo dituzte saioak.