Uztailaren 25etik hasita irailaren 6ra arte, Hernani eta Irun (Gipuzkoa) arteko Renferen tren zerbitzuen erabiltzaileek autobusez egin beharko dituzte bidaiak, trenbideak itxita egongo baitira abiadura handiko trenaren lanak direla eta. Renfek jakinarazi du aurreikusitako epeak betetzen badira hau izango dela trenbidea itxiko duten hirugarren eta azken aldia.
Zerbitzua irailaren 6ra bitartean etengo badute ere, urriaren 18ra arte iraungo du murrizketen eraginak. Nolanahi ere, faseka egingo dituzte murrizketok. Aldiriko trenei dagokienez, uztailaren 25etik urriaren 18ra bitartean autobusez egin beharko da Irun eta Hernaniko geltokien arteko ibilbide osoa, baina irailaren 7tik urriaren 16ra tren zerbitzua martxan egongo da astelehenetik ostiralera, 04:30etik 17:30erako tartean.Â
Uztailaren 25ean eta 26an Beasain eta Brinkola arteko zirkulazioa ere etengo dute. Bi egun horietan, Donostiako aldiriko trenek Hernani eta Beasain artean bakarrik emango dute zerbitzua, bi noranzkoetan. Gainerako ibilbidea autobusez egin beharko dute erabiltzaileek, hala Irundik Hernanira nola Beasaindik Brinkolara.Â
Hala ere, autobusak ez dira tren geltoki guztietan geratuko. Irun, Irungo Bentak, Lezo-Errenteria, Pasaia, Herrera, Intxaurrondo, Ategorrieta, Gros, Donostia eta Hernani geltokietan geratuko dira; hau da, Loiolan, Martutenen eta Hernani Erdian ez dute geldialdirik egingo.
Distantzia ertaina eta luzea
Tarteko distantziako trenei dagokienez, erabiltzaileek autobusez egin beharko dute Irundik Andoainerako bidea uztailaren 27tik abuztuaren 14ra, abuztuaren 20tik 28ra eta irailaren 3tik urriaren 18ra. Aldiz, uztailaren 25etik 26ra, abuztuaren 15etik 19ra eta abuztuaren 29tik irailaren 2ra bitartean, errepidez egin beharreko bidea Araia (Araba) eta Irun bitartekoa izango da. Renfek antolatutako autobusek tarteko geltokietan egingo dituzte geldialdiak.
Madril-Irun eta Bartzelona-Donostia distantzia luzeko lineetan ere moldaketa ugari izango dituzte, eta zerbitzua moztuko den lekuak aldatuz joango dira: Gasteizen, Tolosan (Gipuzkoa), Iruñean... Renferen webgunean ikus daitezke aldaketa guztiak.