LABO XL jaialdia egingo dute zortzigarrenez, eta aurten bereziki konexioak sustatzea eta espazioen sorkuntza jarri dituzte xede nagusitzat. Lau egunez, azaroaren 12tik 15era bitartean, Donostia dantza, antzerki eta zirku garaikidearen erakusleiho bihurtuko da. Guztira, 22 konpainia bilduko dira Tabakaleran eta Gasteszenan, eta beste horrenbeste ikuskizun emango dituzte: hamasei dantza lan, lau antzerki emanaldi, zirku saio bat eta kontzertu bat. Hamar talde Euskal Herrikoak dira, eta antzezlanetako bi euskaraz izango dira —Infinitudrama konpainiaren Adarbakarra eta Piszifaktoria Ideien Laborategiaren Hegan egiteko gogoa—. Programazioan doako eta ordainpeko proposamenak egongo dira.Â
Ikuskizunen artean, lau estreinaldi izango dira. Tartean egongo da X konpainia, Eibarkoa (Gipuzkoa): hura da kartelaren protagonista, eta hark emango dio hasiera programazioari, Cuerpas ikuskizunarekin. Â
Aurtengo jaialdian, Balearrak izango dira lurralde gonbidatua. Hango lau konpainia izango dira Donostian: BAAL, Alejandro Fuster, Maya Triay i Mariona Jaume eta La Perrerie. Horiez gain, Espainiako, Portugalgo, Frantziako eta Estoniako konpainiak ere egongo dira jaialdian; azken horien lehen aldia izango da, gainera. Â
Ion Estala jaialdiaren zuzendariak kultura eragileen arteko hurbiltasunaren garrantzia azpimarratu du, eta adierazi du aurten jaialdiak «konexioetan» jarri duela arreta. «Artistak, kultur eragileak eta publikoak elkarri eskua emateko espazioak sortuko ditugu», azaldu du Estalak.Â
Jaialdia leku inklusibo egitea da helburuetako bat. Horretarako, Atzegi elkartearekin elkarlanean aritzen da jaialdia, eta aurten ikusmen urritasuna dutenentzat egokitutako antzerki pieza bat gehitu dute.