85 urteko ibilbidea erabat amildu zaio azken urteetan Juaristi makina-erremintaren sektoreko lantegi historikoari. Ia bi urte dira Azkoitiko (Gipuzkoa) enpresa horren jarduera guztiz geldirik dagoela, hornitzaileekin pilatutako zorrak handituz joan baitira. Egoera hori dela eta, 52 langilek auzitara jo zuten beren kontratua bertan behera uztea eskatzeko, eta arrazoia eman diete epaitegietan: kaleratze bidegabe batean aurreikusitako kalte ordainak ordainduko dizkiete, hau da, 33 eguneko soldata lan eginiko urte bakoitzeko.
Kalte ordainak ez dizkie enpresak berak ordainduko, ordea, Fogasa Espainiako Soldatak Bermatzeko Funtsak baizik, Juaristik esan baitu ez duela diru nahikorik horretarako. «Kezka handia» sortzen die horrek langileei, eta jabearen jarrera salatu dute: enpresaren etorkizunari «irtenbide bat» bilatu gabe jarraitzen baitu.
Hemeretzi dira lantegian jarraitzen duten langileak —2024ko abenduan 97 lankide ziren—, eta salatu dute beren egoera «jasanezina» dela. «Langileok erabat abandonatuta gaude: lanik gabe, lau hilabetetako soldatak kobratu gabe, eta enpresak Geroa BGAEari 32 hilabeteko ekarpenak egin gabe».
Egunero-egunero lantegira joaten jarraitzen duten langileek aldi baterako erregulazio bat indarrean dute 2025eko maiatzetik, enpresaren bideragarritasuna bermatzeko argudiopean. Abenduan beste erregulazio bat sartu zen indarrean, langileen ordezkariekin aurretik adostu gabe. Langileen esanetan, hemezortzi makina dituzte egiteko —enpresak kobratu egin du lan horregatik—, baina ez dute horiek fabrikatzeko materialik. Esan dute, gainera, enpresaren jabe Carlos Juaristik ez duela asmorik material gehiago ekartzeko.
«Zuzendaritzarekin izan genuen azken bileran jasotako mezua argia izan zen: geratzen diren langileak alde batera utzi ditu, eta ez du Juaristirekin aurrera jarraitzeko borondaterik», nabarmendu dute langileek. Haien ustez, jabearen helburua da lantegian geratzen diren langileek amore ematea, eta ahalik eta behargin gutxienek jarraitzea enpresa saltzen duenerako, horrela merkeagoa izango baita.
Salatu dute jabearen estrategia langileek enpresa pixkanaka uztea dela, Juaristi
«ahalik eta merkeen» saltzeko
Langileen iritziz, «lantegia jada itxita dago», baina «erakundeen aurrean bakarrik» jarraitzen du irekita. Izan ere, adierazi dute erakunde publikoak haien egoeraz kezkatu direla, baina egindako ahaleginak ez direla nahikoa izan jabearen jarrera aldatzeko: «Ez dute haren benetako konpromisorik lortu, jabea egiten ari den mugimendu guztiek bere interesak babestea baitute helburu».
Merezi ez duen itxiera
«Ez gaude enpresa baten itxiera hutsaren aurrean», salatu dute beharginek, eta arrazoi dute: enpresa historikoaren kategoria dauka Juaristik, AFM makina-erremintaren klusterrak emandakoa. Carlos Juaristik Zarandona familiari erosi zion, 2017an, Aitek ingeniaritza eta automatizazio industrialeko enpresaren jabe ere badenak. Langileen arabera, Aitek-ek behar zituen pieza guztiak bertan ekoizteko erosi zuen enpresa, baina trantsizio hori egiteko plan estrategikorik zehaztu ez zuenez, kontratuak atzeratuz eta hornitzaileek pilatutako zorrak handituz joan dira azken urteetan.
Urtarrilean adierazi zutenez, iaz «pare bat enpresak» azaldu zuten interesa Juaristi erosteko eta haren jardunarekin aurrera segitzeko, tartean Europako talde bat. Jabeak, ordea, ez du enpresa saldu nahi, baina ez du bankuek eskatutakoa egin finantzaketa lortzeko.
Juaristiren egoera ezohikoa bada ere, ez da garai erraza izaten ari makina-erremintarentzat: sektoreko enpresen fakturazioa %5 murriztu zen 2025ean, bereziki autogintzarentzat lan egiten dutenenak. Edonola ere, Juaristiko langileek argi dute enpresaren krisia barruko erabakien ondorio dela.
85 urteko ibilbidearen ostean, badirudi Juaristiko lantegian geroz eta gertuago dagoela makinak behin betiko itzaliko diren eguna. Beharginek uste dute oraingo errealitatea dagoeneko hori dela, eta salatu dute hemeretzi langileren eta haien familien etorkizuna kolokan dagoela. «Juaristik beste amaiera bat merezi zuen, eta langileok ere bai».