Kutxa Fundazioak joko interaktibo bat sortu du, Gipuzkoan egiten duen lana erakusteko

Herritarrei fundazioaren jarduerak Gipuzkoan duen eragina ikusaraztea da helburuetako bat. Jokoa digitala da; bi irudiren artean dauden ezberdintasunak aurkitu behar dira.

Kutxa fundazioak ekainaren 19an egindako Jakingura jaialdiko argazki bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
Kutxa fundazioak ekainaren 19an egindako Jakingura jaialdiko argazki bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko urriaren 19a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekinbide interaktibo bat jarri du martxan Kutxa fundazioak hilabete honetan, bi helburu nagusirekin: herritarrei jakinaraztea zer-nolako eragina duen fundazioaren jardunak Gipuzkoan, eta «modu nabarmenean» erakustea zer ekarpen egiten dion lurraldearen «garapen kulturalari, hezitzaileari eta sozialari». Joko digital bat da, eta bi irudiren arteko ezberdintasunak aurkitzean datza. «Hainbat erronkaren bitartez, parte hartzaileek ingurunean aldaketa garrantzitsuak eragin dituzten elementuak identifikatu beharko dituzte, eta, aldi berean, Kutxa fundazioak Gipuzkoan uzten duen arrastoaren adibide zehatzak aurkitu beharko dituzte», azaldu du erakundeak. 

Sortu duten jokoa «jakin-minean» oinarritzen dela dio fundazioak. Memoria digital interaktibo bat agertzen da bertan, eta memoria horretan fundazioak duen eragina azaltzen da, zenbait daturen bitartez. Izan ere, benetako adibideak eta datuak ematen dituzte, eta horien bidez erakusten dute fundazioaren jarduera lagungarria dela «ezagutza sortzeko, kulturarako sarbidea zabaltzeko eta gipuzkoarrentzako aukerak sustatzeko».  

«Proposamenak ikusarazten du fundazioa milaka pertsonaren eguneroko bizitzaren parte diren ekinbide eta gune ugariren atzean dagoela, nahiz eta haren ekarpena ezin den beti lehen begiratuan ikusi», adierazi du Kutxa fundazioak. Jokoa probatzen dutenek zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute: bi lagunentzako Michelin esperientzia gastronomikoa.

Gipuzkoan sendotu

Kutxa fundazioak azpimarratu du «sendotu» egin duela «Gipuzkoaren eraldaketan funtsezko eragile gisa» duen zeregina, «kultura, ezagutza, berrikuntza, iraunkortasuna eta gizarte kohesioa» uztartzen dituen jarduera eredu baten bitartez. Fundazioak dio egitasmoak abiatzen dituela aipaturiko arlo horietan, «lurraldea eraldatzeko» eta «pertsonen bizitza hobetzeko» helburuekin. 

«Gipuzkoa bidezkoagoa, sortzaileagoa, kultuagoa eta jasangarriagoa izateko eraldaketa tresnatzat jotzen dugu gure lana». Hori adierazi du Kutxa fundazioko zuzendari nagusi Ander Aizpuruak. Horrez gain, fundazioak nabarmendu du gaur egungo «erronka nagusiei» erantzutea helburu duten programa «ugari» garatzen dituztela herritarren, enpresen eta erakundeen parte hartzea sustatuz. «Eredu integral horrek inbertsio estrategikoa, gizarte ekintza eta dinamizazio kulturala uztartzen ditu, eta lurraldearen ongizatea eta etorkizuna bultzatzen dituen ekosistema bat sendotzen du», gehitu dute.

Beste ekinbide interaktibo bat ere egin du Kutxa fundazioak; izan ere, hamahiru «gako» aukeratu dituzte fundazioaren jarduerak duen eragina azaltzeko. Gako horietako bati Memoria bizia deitu diote. Erakundeak azaldu du Gipuzkoako ondare bisuala zaintzen duela bere fototekaren bitartez, eta bi milioi argazki baino gehiago eta 600.000 irudi digitalizatu baino gehiago dituztela —online eskuratu daitezke—. Beste gako bati Jakintza bizitza osorako da deitu diote. Erakundeak nabarmendu egindako dibulgazio lanaren bidez hiru milioi lagunetik gora bildu dituela, eta, besteak beste, 50.000 tailer eta 18.000 jarduera zientifiko egin dituztela. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA