Kutxa fundazioak joko interaktibo bat sortu du Gipuzkoan egiten duen lana erakusteko

Helburuetako bat da herritarrei ikusaraztea fundazioaren jarduerak zer eragin duen Gipuzkoan. Jokoa digitala da; bi irudiren arteko ezberdintasunak aurkitu behar dira.

Kutxa fundazioak ekainaren 19an egindako Jakingura jaialdiko argazki bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
Kutxa fundazioak ekainaren 19an egindako Jakingura jaialdiko argazki bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko urriaren 19a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekinbide interaktibo bat jarri du martxan Kutxa fundazioak hilabete honetan, bi helburu nagusirekin: herritarrei jakinaraztea zer-nolako eragina duen fundazioaren jardunak Gipuzkoan, eta «modu nabarmenean» erakustea zer ekarpen egiten dion lurraldearen «garapen kulturalari, hezitzaileari eta sozialari». Joko digital bat da, eta bi irudiren arteko ezberdintasunak aurkitzean datza. «Hainbat erronkaren bitartez, parte hartzaileek ingurunean aldaketa garrantzitsuak eragin dituzten elementuak identifikatu beharko dituzte, eta, aldi berean, Kutxa fundazioak Gipuzkoan uzten duen arrastoaren adibide zehatzak aurkitu beharko dituzte», azaldu du erakundeak. 

Sortu duten jokoa «jakin-minean» oinarritzen dela dio fundazioak. Memoria digital interaktibo bat agertzen da bertan, eta memoria horretan fundazioak zer eragin duen azaltzen da, zenbait daturen bitartez. Izan ere, benetako adibideak eta datuak ematen dituzte, eta horien bidez erakusten dute fundazioaren jarduera lagungarria dela «ezagutza sortzeko, kulturarako sarbidea zabaltzeko eta gipuzkoarrentzako aukerak sustatzeko».  

«Proposamenak ikusarazten du fundazioa milaka pertsonaren eguneroko bizitzaren parte diren ekinbide eta gune ugariren atzean dagoela, nahiz eta haren ekarpena ezin den beti lehen begiratuan ikusi», adierazi du Kutxa fundazioak. Jokoa probatzen dutenek zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute: bi lagunentzako Michelin esperientzia gastronomikoa zozkatuko dute.

Gipuzkoan sendotu

Kutxa fundazioak azpimarratu du «sendotu» egin duela «Gipuzkoaren eraldaketan funtsezko eragile gisa» duen zeregina, «kultura, ezagutza, berrikuntza, iraunkortasuna eta gizarte kohesioa» uztartzen dituen jarduera eredu baten bitartez. Fundazioak dio egitasmoak abiatzen dituela aipaturiko arlo horietan, «lurraldea eraldatzeko» eta «pertsonen bizitza hobetzeko» asmoz. 

«Gipuzkoa bidezkoagoa, sortzaileagoa, kultuagoa eta jasangarriagoa izateko eraldaketa tresnatzat jotzen dugu gure lana». Hori adierazi du Kutxa fundazioko zuzendari nagusi Ander Aizpuruak. Horrez gain, fundazioak nabarmendu du gaur egungo «erronka nagusiei» erantzutea helburu duten programa «ugari» garatzen dituztela herritarren, enpresen eta erakundeen parte hartzea sustatuz. «Eredu integral horrek inbertsio estrategikoa, gizarte ekintza eta dinamizazio kulturala uztartzen ditu, eta lurraldearen ongizatea eta etorkizuna bultzatzen dituen ekosistema bat sendotu», gehitu dute.

Beste ekinbide interaktibo bat ere egin du Kutxa fundazioak; izan ere, hamahiru gako aukeratu dituzte fundazioaren jarduerak zer eragin duen azaltzeko. 

KUTXA FUNDAZIOAREN HAMAHIRU GAKOAK

  1. ‘Memoria bizia’. Erakundeak dio Gipuzkoako ondare bisuala zaintzen duela bere fototekaren bitartez, eta bi milioi argazki baino gehiago eta 600.000 irudi digitalizatu baino gehiago dituztela —online eskuratu daitezke—.

  2. ‘Kultura inoiz baino gertuago’. «Kulturarako sarbide unibertsala» bultzatzen du fundazioak, eta urtean 200.000 bisitari baino gehiago dituztela diote. Bederatziehun emanaldi baino gehiago eta 55.000 parte hartzaile inguru biltzen dituen programazioa dutela nabarmendu dute.

  3. ‘Erreferenteak, generoaz harago’. «Kutxa fundazioak berdintasuna indartzen du, emakumeen lidergoa bultzatuz eta Emakumeak zientzian bezalako ekinbideekin elkarlanean arituz», azaldu du erakundeak. Ekinbide horrek, besteak beste, aholkularitza programak eta emakume ekintzaileei laguntzeko programak bultzatzen ditu.
  4. ‘Literatura, pentsamendu kritikorako bidea’. Literatura sariak ematen ditu fundazioak, eta horien bitartez «literatur sorkuntza» bultzatu. Azpimarratu dute ehun edizio baino gehiago dituztela sari horiek, eta, besteak beste, laurehun liburu baino gehiago argitaratu direla.
  5. ‘Jakintza bizi osorako da’. Fundazioaren dibulgazio jarduerak hiru milioi pertsona baino gehiago bildu dituela dio Kutxa fundazioak, eta horietatik 1,3 milioi ikasleak direla. 
  6. ‘Influencer izateak eragina izatea esan nahi du’. «Fundazioak gazteen talentua sustatzen du aintzatespen programen, beken eta akonpainamendu profesionalaren bidez, eta, horrela, bikaintasuna, konpromiso soziala eta etorkizuna eraldatzeko ahalmena konbinatzen dituzten ibilbideak bultzatu», azaltzen dute.
  7. ‘Ikusi jarduteko’. Erakundeak nabarmentzen du erronkei «aurre hartzen» diela, «osasunaren, iraunkortasunaren eta teknologiaren» arloko proiektuak bultzatuz. Donostiako Onkologikoa horren adibide dela esan dute.
  8. ‘Pertsonak ere bagara natura’. Erakundeak dio «ohitura jasangarriak» bultzatzen dituela, Baratze Parkea bezalako ekinbideekin: «Milaka pertsona inplikatzen ditu nekazaritza ekologikoko eta ekonomia zirkularreko praktiketan».
  9. ‘Euskara sustatzen’. Euskara «zeharkako ardatza» dela dio fundazioak, programa jakin batzuetan «bitartekaritza kulturalaren %100ean» dagoelako. Euskara erabiltzea sustatzen duten ekinbide hezitzaileak, digitalak eta sortzaileak egiten dituztela ere esan dute.
  10. ‘Inbertitzea sinesmen’. «Kutxa fundazioak 373 milioi euroko zuzeneko inbertsioarekin sustatzen du garapen ekonomikoa 26 enpresatan», azaldu dutenez. Enpresa horiek 14.500 enpleguri eusten dietela nabarmendu dute.
  11. ‘Ekintzailetzaren lurraldea gara’. «Tokiko talentuari bultzada» ematen diotela azpimarratu dute. Katapulta Tour programa izendatu dute, eta azaldu dute, besteak beste, 29 herritan, 37 gunetan eta 27 jaialditan «aktibo» dagoela.
  12. ‘Galdetzea aurrerabide’. Fundazioak dio «esperientzia bidezko ezagutza» sustatzen duela, Inspira bizitzak eta pareko beste programa batzuekin. Ekinbide horrek hamabost urteko ibilbidea duela azpimarratu du erakundeak.
  13. ‘Elkartasuna mugez haraindi’. «Fundazioak berrehun gizarte erakunde baino gehiago babesten ditu urtero, hirugarren sektorea sendotuz eta inpaktu soziala lurraldetik harago handitzen duten tokiko eta nazioarteko proiektuak sustatuz», azaldu dute.
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA