Legazpiko Bellotako langile guztiei ezarri diete aldi baterako erregulazioa

Tailerretako langileak 2023tik daude egoera horretan, baina orain langile talde osoari eragingo dio neurriak: 206 behargini.

Legazpiko Bellota Agrisolutions enpresaren argazkia. BELLOTA AGRISOLUTIONS
Legazpiko Bellota Agrisolutions enpresaren argazkia. BELLOTA AGRISOLUTIONS
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko azaroaren 4a
16:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

2023tik, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea ezarrita lan egiten dute Legazpiko Bellota Agrisolutions enpresako tailerretako langileek. Baina hemendik aurrera bulegoetako langileek ere hala lan egingo dute. Neurriak 206 pertsonari eragiten die guztira, eta %50eko lanaldi murrizketa dakar. Nekazaritzako makineriarako osagaiak diseinatzen, ekoizten eta merkaturatzen ditu Bellotak.

Jon Gorrotxategik enpresa batzordeko buruak (ELA) esan du espedienteak 2027ko abuztuaren 31ra arte iraungo duela, eta azaldu du munduko egoerak eragin duela erabakia: «Egoera geopolitikoa da gure arazoa. Lantegia ondo moldatuta dago, eta enpresak inbertsioak egin ditu; dena den, petrolioaren prezioa %50 igo da, eta horrek eragin zuzena du guregan. Ongarrien prezioek ere gora egin dute, eta horrek kalte egin digu».

«Petrolioaren prezioa %50 igo da, eta horrek eragin zuzena du guregan. Ongarrien prezioek ere gora egin dute, eta horrek kalte egin digu»

JON GORROTXATEGIBellota Agrisolutionseko enpresa batzordeko burua

Enpresa batzordeak adierazi du urte amaierara arteko aurreikuspenak «txarrak» direla, eta espero dutela hurrengo ekitaldia gaur egungoaren «nahiko antzekoa» izatea. Gorrotxategik azaldu du tailerreko langileek ez zutela ulertzen zergatik ezarri zieten espedientea haiei bakarrik, eta ez gainerako langileei. «Tailerra geldirik badago, horrek beste departamentuetan ere ondorioak ditu. Hasieratik eskatu genuen bulegoetako langileei ere neurria aplikatzea», adierazi du. 

Bost kaleratze

Bellotak bi enpresa ditu Legazpin: Bellota Agrisolutions eta Bellota Herramientas. Kanadako Venanpri da haien jabea 2013tik, baina erreminten atala AEBetako Griffon Corporation taldearekin partekatzen du orain. Erreminten lantegian egoera desberdina da; izan ere, bertan bost langile kaleratu dituzte berriki, eta ez daude ados neurri hori arrazoitzeko enpresak emandako argudioekin. 

ELAk ostiralean eman zuen kaleratzeen berri. Sindikatuaren arabera, enpresak dio arrazoi ekonomiko eta produktiboen ondorioz hartu dutela neurri hori. Dena den, ELAk dio industria zuzendaritzak hartutako erabakiek eraman dutela enpresa «amildegira». «Egindako inbertsioek produktua garestitu besterik ez dute egin. Inbertsioen aurretik, Herramientas enpresaren ekoizpena errentagarria zen; orain, milioi askoko inbertsioak egin ostean, argudiatzen dute ez dela errentagarria», dio sindikatuak. 

Kaleratutako langileak itzultzea eskatu dute, eta haien egoera salatzeko elkarretaratzeak eta lanuzteak egiten ari dira enpresan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA