Ondarroako (Bizkaia) Gure Gaskuña arrantzontziak su hartu du gaur goizean, Orion. Hiru pertsona artatu behar izan dituzte kea arnasteagatik, eta horietatik bi Donostia ospitalera eraman dituzte. Ez dute zehaztu zein den haien egoera.
Arrasteontzia itsaso aldeko portuan dago, ez herriguneko portuan. Egunotan konponketa lanak egiten aritu dira bertan, eta konponketak egiten ari zirela piztu da sua, Guka-k jakinarazi duenez. Sua 11:45 aldera piztu da, eta larrialdi zerbitzuetara deitu dute. Kea eta usain sarkorra berehala zabaldu dira itsasaldetik herrigunera. 15:00etan oraindik kea dario itsasontziari. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak leihoak ixteko gomendatu die Aiako eta Orioko herritarrei.

Suhiltzaileen bi kamioi berehala joan dira portura. Sua itzaltzeko itsasontzi bat ere bai. Lurretik eta uretatik ari dira sutea itzaltzen.