Orioko Udalak eskatu dio Jaurlaritzari «lehenbailehen» konpontzeko ‘Gure Gaskuña’ itsasontziaren egoera

Berrogei egun baino gehiago igaro dira ontzia erre zenetik. Udalak dioenez, azken egunetan erregaiarenak izan daitezkeen orbanak eta usainak antzeman dira.

'Gure Gaskuña' itsasontzia, urriaren 23an. GORKA RUBIO / FOKU
'Gure Gaskuña' itsasontzia, urriaren 23an. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko azaroaren 4a
18:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailaren 24an, Orioko itsaso aldeko portuan, Ondarroako (Bizkaia) Gure Gaskuña itsasontziak su hartu zuen. Berrogei egun baino gehiago igaro ostean, oraindik erdi hondoratuta dago, eta Orioko Udalak eskatu dio Eusko Jaurlaritzari «lehenbailehen» irtenbidea emateko egoerari. Horrez gain, nabarmendu du azken egunetan kezka areagotu dela herritarren artean, erregaiak eragindakoak izan daitezkeen orbanak eta usainak antzeman direlako.

Udalak informazio zehatza eskatu dio Jaurlaritzari honako gai hauen inguruan: ontziaren egungo egoera, orain arte egindako azterketak eta jarduketak, egon daitezkeen ingurumen arriskuak, hartu dituzten prebentzio neurriak, eta itsasontzia lehorreratzeko edo lekualdatzeko epeak. 

Kritiko agertu dira orain arte egindako kudeaketarekin. Erakundeak, besteak beste, azaldu du Eusko Jaurlaritzari hainbat aldiz eskatu diotela egoeraren inguruko informazioa, baina beti erantzun dietela «kontrolpean» dagoela. 

Azken egunetan, EAEko Angularien Elkarteak ere hitz egin du Gure Gaskuña itsasontziari buruz. Adierazi dute ontzian izandako suteak «kutsadura larria» eragin zuela estuarioan, eta gaur egun gasolioa erauzteko egiten ari diren lanek egoera okertu dutela. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA